TVE-n egin dioten elkarrizketan, jeltzaleen bozeramaileak aldarrikatu du EAJ-PNVk gorpuzten dituela “akordioa,bizikidetza eta konponbideak bilatzeko asmoa”
Aitor Estebanek, EAJ-PNVk azaroaren 10eko hauteskundeetara eramango duen zerrendaburuak, “harrigarri” jo ditu gaur PSOEk eta PPk kanpainarako aukeratu dituzten leloak eta hurrengo Hauteskundeei begira alderdiek hasi duten “konfrontazio giroa”, eta esan du giro horren aurrean egongo dela EAJk eskainiko duen aukera “Euskadiren interesak defendatzeko eta konponbideak bilatzen eta elkarbizitza eta akordiorako laguntzen saiatzeko”.
‘Los Desayunos de TVE’ telebista saioan egin dioten elkarrizketan, Estebanek kritikatu du PSOEk hurrengo hauteskundeetarako proposatzen duen goiburua ‘Ahora Gobierno, ahora España’. Estebanen aburuz lehenago erabaki behar zen amorea ematea eta Gobernu hori bilatzea. Ildo beretik, Esteban oso kritiko agertu da atzo PPk ezagutarazi zuen mezuaren aurrean: ‘Ellos o nosotros’. Bere ustetan “gehiegizkoa da, oso baztertzailea”. Era berean nabarmendu du hauteskundeak “oso irekita” daudela eta esan du EAJ PSOE-Cs alderdien arteko balizko edozein akordiotatik kanpo geratzen dela eta hiritargoari zuzenduta esan du “gauza asko daude jokoan Kongresuan eta Senatuan”. Beraz “oso garratzitsua da EAJ-PNV bezala, Euskadiko ikuspuntua defendatuko duen eta konponbideak bilatuko dituen euskal taldea egotea”.
EAJ-PNVren EBBko presidenteak iragan igandean Alderdi Egunean esan zituen hitzek sortarazi dituzten erreakzioez galdetuta, Aitor Estebanek esan du “deigarriena” dela sententzia batek, Partido Popularrak aurkeztu eta PSOEk kendu ez zuen errekurtsoaren ondorioz eman denak, bekak beheratu izana “guztiak berdinak izan daitezen”. ”Euskadiri bere bekak arautzeko gaitasuna kentzea ez ezik, beheratu ere egin ditu, dena okerrago eginez”, azaldu du. Zentzu berean, bozeramaile jeltzaleak Pablo Casadori erantzun dionez “honezkero jakin beharko zenuke Euskadin eta Katalunian pertsona asko daudela beren nazioa Euskadi edo Katalunia dela sentitzen dutenak” eta, beraz, “Estatuan arazo nazional bat dagoela, politikoki aztertu behar dena”.
Horrela, eta PSOE eta Podemosen artean Gobernua eratzeko egin diren elkarrizketetan eman den porrotaren ildo beretik, Estebanek “lehenetsi beharreko” eta “zuzen eta bidezko” jo du pentsioen sistema erreformatzea. Jeltzaleen bozeramaileak gogoratu duenez “zerbait egin ahal izan dugun guztietan hor egon gara”, 2017an ere EAJ-PNVk PP “derrigortu” zuen pentsio guztiak hurrengo bi urteotan KPIaren arabera igotzeko” eta hitzeman du etorkizunean ere “ahal duen guztia” egingo duela. Arduragabekeria handia da PSOE eta Podemos ados jarri ez izana, esate baterako, gai honi egokiro heltzeko. Eta guztiz harrigarria da halako gai garrantzitsu bat Toledoko Itunean elkar erasotzeko armatzat erabili izana”, amaitu du.
Kataluniako urriaren 1aren bigarren urteurrena den honetan eta aurreko astean hainbat CDR atxilotu ondoren, Estebanek baieztatu du “deigarria” dela ustez isilekoa den sumario hau kapituluka ezagutzera ematea. Edozein kasutan, Estebanek baieztatu du indarkeriak ez duela “ezer onik ekartzen” eta “ezin dela onartu” eta Kataluniako elementu batzuen aldetik “kaosa sortzeko asmoa” eman daitekeen arren “harrituta” agertu da indar politiko batzuei -Ciudadanos taldeari, esaterako- Kataluniako nazionalismoari lotutako indarkeria irudi hori saltzea interesatu zaielako beren posizioak indartzeko”. Halaber eta Kataluniako egoeraz ere, Estebanek azaldu du PPk Hiritarren Segurtasunerako legea aplikatzea eskatu duen arren, lege hori kanpoko erasoetatik babesteko dela eta egoera honetarako “ez dauka zentzurik” aplikatzea eskatzeak.