Hauteskundeak errepikatu beharrak eragin duen “haserre orokor” horrek abstentzioa areagotu beharrean hautesleria “bere botoarekin erabakitzera” eramatea espero du BBBko presidenteak
Itxaso Atutxak, BBBko presidenteak, hiritargoari eskatu dio azaroaren 10ean etxean gera ez dadila eta ohartarazi du Hauteskunde Orokorrei begira azken inkestek EAJ-PNVri ematen dizkioten emaitza onen inguruan. Bizkaiko burukideak ohartarazi du inkestek “poza” eman lezaketela baina “hautesleriaren zati bat etxean geratzea ere” eragin lezaketela. Abstentzioa “hasiera batean pentsatu dena bezain larria” izan ez arren, Bizkaiko jeltzaleen buruak espero du azaroaren 10era arte abstentzioen kopurua jaistea eta euskal hiritargoa bozkatzera joatea. “Ezinbestekoa da jendea inplikatzea, eta bozkatzera ez joateak, zilegi den arren, guri dagokiguna beste batzuek erabakitzea dakarrela ikustea”.
Ildo beretik nabarmendu du orokortu den haserrea botoarekin adierazteak daukan garrantzia. “Batzuek erakutsi duten ezintasunak, hauteskundeak errepikatu behar izatera eraman gaituenak, berez dakar Espainia bezalako estatu batean lehenagotik zetorren ezegonkortasuna areagotzea,gainbehera sozial eta ekonomikoa ematen den une honetan”, kritikatu du. Horregatik “haserreak abstentziora eraman litzakeen pertsonak” animatu ditu haserre hori bideratzera eta egoera aldatzeko urratsa “beren botoarekin ematea”.
EAJ-PNVk Bizkaian laugarren eserlekua lortzeko eman daitekeen aukeraren aurrean, Atutxak esan du ez dela izango “ahalegina egingo ez dugulako”. “Gure ordezkaritza zenbat eta handiagoa izan, orduan eta erabakigarriagoa izango da Euskadik Madrilen izango duen ahotsa”. Baina tentuz ibiltzea eskatu du. “Apirilaren 28ko emaitzak errepikatuko balira, oso ona izango litzateke, Bizkaian eta Euskadin, gure helburua baita parlamentuko talde propioa eratu ahal izatea”, baloratu du.
Atutxak era berean hitz egin du EAJ-PNVk igandean Forondan ospatuko duen Alderdi Eguna, eta aurtengo goiburua ekarri du gogora ‘Euskadik aurrera darrai’, orain arteko ereduak alderatzeko. “Euskadin zorionekoak gara, lanean ari gara ez bakarrik apirilaren 28tik baizik eta maiatzean egin ziren udal eta foru hauteskundeekin ere”. “Hemen gobernuak hauteskundeen ondorengo asteotan eratu genituen”. Beraz “Euskadik lanean jarraitzen du egunero, eta aurrera jarraitzen du. Lan egiten ez duenak, antolatzen edo egonkortasunik eragiten ez duenak eta bere erakundeen lanari jarraipena ematen ez dionak, oso zail dauka aurrera egitea. Euskadin bestelako izaten jarraitu behar dugu horretan ere bai”, amaitu du.