2020ko aurrekontu proiektua osatzeko prozesuarekin jarraitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, testuinguru honetan, Diputatuen Kontseiluak behin betiko irizpideak eta datozen urteetarako agertoki ekonomikoa onartu ditu.
Foru bozeramailea den Eider Mendozak aurreratu duenez, “jarraipeneko” aurrekontuak dira, foru erakundeak bere finantza egoera indartzeko duen konpromisoa berretsiz: “2019 honetan egin dugun bezala, 2020an ere ez dugu zor berririk hartuko. Gure helburua, hemendik eta legealdi amaierara bitartean, gure zorra krisi aurreko mailatara jaistea da”. Foru bozeramaileak adierazi du Aldundia “sendotzen” jarraitzea dutela jomuga: “Edozein agertoki aldaketaren aurrean prest egon behar dugu, eta aldi berean gai izan behar dugu ditugun etorkizuneko apustu estrategikoak gauzatzen jarraitzeko”.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, goizean egin den Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Irizpide ekonomikoei dagokionean, gogoratu du aurrekontuaren hazkundeak mugak dituela, egun indarrean dagoen aurrekontu egonkortasunerako eta finantza jasangarritasunerako araudia dela eta, Gastu Araua bereziki. “Hori dela eta, departamentuen gastuari erreparatuz gero, zuzkidurak aurtengoaren antzekoak izango dira, gizarte politika salbu. Hazkunde nagusia departamentu horretan egongo da, gure gizarte babeserako sistema indartzeko egiten ari garen apustuaren adierazle. Eta, aldi berean, etorkizuneko proiektu estrategikoetan aurreikusita dauzkagun inbertsioei eutsiko diogu”, azaldu du.
Azkenik, Mendozak aurrekontu proiektuaren onarpenerako aurreikusi den egutegia gogoratu du. Prozesua uztailean hasi zen, lehen proposamen baterako irizpideen onarpenarekin. Orain, Kontseiluak behin betiko irizpideak onartu ditu, eta urriaren 22an aurrekontu proiektua onartuko du. Hurrengo astean, proposamena Batzar Nagusietan aurkeztuko da, eta azaroan eta abenduan bertan eztabaidatu eta bozkatuko da. “Kalitatezko enplegua eta etorkizuneko ekonomia lehiakorra bultzatu; babes sistema eta justizia soziala indartu; eta Gipuzkoako Foru Aldundia transformatzea dira erakunde honek legealdi honetan dituen helburu estrategikoak. Ondorioz, horretara bideratuta dago gure aurrekontu proposamena ere”, gogoratu du Mendozak.
Irizpideekin batera, Diputatuen Kontseiluak 2020 eta 2023 urteen arteko aurrekontu agertokiari ere argi berdea eman dio. Honek aurrekontuentzako oinarrizko irizpideak finkatzen ditu, eta sarreren eta gasturako erabilgarri egongo diren baliabideen aurreikuspena egiten du. “2020-2023 agertoki honekin Gipuzkoako Foru Aldundiak egonkortasunarekin eta finantza jasangarritasunarekin duen konpromisoa berresten du: superabitak, zor berririk ez hartzea eta hau murrizten jarraitzea”, aldeztu du Mendozak. Foru bozeramaileak gogoratu du Aldundiak berriki iragarri duela aurten 95,6 milioitan zorra murrizteko erabakia, eta 2015etik hona %23 murriztu duela jada bere zorra. “Orain, agertoki honen arabera, norabide berean jarraituko dugu, anbizioz jokatuz gainera: krisi aurrean genuen zorraren azpitik amaitu nahi dugu laurtekoa”, iragarri du, orduan 320 milioi eurotan zegoela gogoratuz.