Laneko bilera eduki dute gaur Markel Olanok eta Imanol Lasak eskualdeko alkate, enpresa eta ordezkariekin
Legealdirako Plangintza Estrategikoa osatzeko kontaktu erronda gauzatzen ari da Foru Aldundia Gipuzkoako ehun sozial eta ekonomikoko ordezkariekin eta, horren barruan, Markel Olano diputatu nagusiak eta Imanol Lasa Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak laneko bilera eduki dute gaur Eibarren Debabarreneko erakundeetako, enpresetako eta eragile ekonomikoetako hainbat ordezkarirekin. Mahai gainean, hiru helburu nagusi izan dituzte: bertatik bertara ezagutzea eskualdearen egoera sozioekonomikoa, udalak eta garapen agentzia aurrera eramaten ari diren proiektu ekonomikoak, eta Aldundiarekin lankidetzarako aukera berriak aztertzea.
Parte-hartzaileen artean besteak beste Ane Beitia (Elgoibar), Jose Ignacio Arregui (Mendaro) eta Iker Aldazabal (Soraluzeko) alkateak. Baita ere eskualdean garapen ekonomikoa bultzatzeko 27 enpresa batzen dituen BPTD elkarteko arduradun Eduardo Zubiaurre, Xabier Alzaga eta Carlos Abad; eta Debegesa eskualdeko garapen agentziako Juan Angel Balbás eta Cristina Zumeta, gerentea, eta Enpresa departamenduko arduraduna, hurrenez hurren.
Debabarrenean lehiakortasuna eta ongizatea bultzatzeko lehentasunezkotzat jotzen diren faktoreak partekatu dituzte gaurko bileran: industria eta hiri espazioak berreskuratzea, lurzoru industrialaren kudeaketa, internet konektibitatearen alorrean proiektu aurreratuak ezartzeko aukera, mugikortasunerako azpiegiturak, eskualdeko industriaren posizionamendua sendotzea, talentua erakarri eta bertakotzea, eta Aldundiaren proiektu estrategikoetako parte-hartzea.
Bertan landutakoen inguruan balorazio baikorra egin du Markel Olanok, azpimarratuz eskualdeek “ezinbesteko” rola jokatzen dutela Gipuzkoaren erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiterakoan, eta Aldundiak “haiekiko elkarlanean sakontzen” jarraituko duela, legealdiko lehentasunen inguruan aurrerapausoak emateko “giltzarrietako bat” delakoan: alegia, jarduera ekonomikoaren eta etorkizuneko proiektu berritzaileen sustapena, alde batetik, eta gizarte politiken jasangarritasuna eta indartzea, bestetik.
“Agenda politiko berria garatzerakoan, eta Gipuzkoa ekonomikoki sendoa eta sozialki kohesionatua eraikitzerakoan, funtsezko bidelagun izango ditugu eskualdeak datozen lau urteetan ere. Gipuzkoak bere pultsu ekonomikoari eutsi diezaion, eskualde garrantzitsuenetako bat dugu Debabarrena. Udalak, taimana desberdinetako enpresak eta ekonomia eragileak ahaleginak batzen ari dira bertan, eskualdeak industria alorrean duen indarra ere mantentzeko, eta prozesu hori babestuko dugu Aldunditik”, ziurtatu du.