EBBko presidentea eta Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaile Aitor Esteban Ferrazen izan dira gaur arratsaldean, eta bertan batzartu dira sozialistekin eta, ordezkaritzako buru gisa, PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako gobernuko funtzioko presidentearekin
“EAJ-PNV ez da oztopo izango Pedro Sánchez hautagaiaren inbestidura eman dadin. Ardura osoz jardungo dugu, eta ardura eta erantzukizun berbera eskatzen diegu gainerako alderdi guztiei. Bereziki PSOEri eta Unidas Podemosi. Oraindik sasoiz gaude PSOE eta Podemos eseri daitezen eta akordio batetara irits daitezen. Horretara premiatzen ditugu eta eskatzen diegu akordio horrek euskal autogobernua errespeta dezala”. Horixe izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Kongresuko talde jeltzaleko bozeramaile Aitor Estebanek PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako gobernuko funtzioko presidente Pedro Sánchezi helarazi dioten mezu nagusia gaur arratsaldean ordu bat eta hiru laurdeneko tarte batez Madrilen, sozialistek Ferraz kalean duten egoitzan egin duten batzarrean. Bileran Sánchezen inbestidura izan dute hizpide eta adeitasun eta lankidetza giroa izan da nagusi. Bilera berean izan dira PSOEren Antolakuntzako buru José Luis Ábalos eta PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia.
“EAJ-PNVk hobesten du albait arinen Gobernu berria eratzea”, esan du Ortuzarrek bilera amaitutakoan bertan izan diren kazetariekin eginiko topaketan. “Hauteskunde berriak deitu behar izatea porrot handia litzateke eta, gainera, seguruenik, oraingoa baino egoera politiko konplikatuago batetara eramango gintuzke. Horregatik, jeltzaleen buruak “erantzukizun handiz jokatzea”, eskatu die PSOEri eta Unidas Podemosi “beraiek direlako prozesu honen eragilerik nagusienak. Albait arinen akordio batetara iristea eskatzen diegu. Guk ez dugu aurreiritzirik, ez dugu esango zer formula erabili behar den”.
Ortuzarrek argi utzi nahi izan du gauza bat dela jeltzaleak prest egotea Pedro Sánchezen inbestidura babestera eta beste gauza oso desberdina EAJk hautagai sozialistari ‘baietza’ ematea. “PSOEk eta Unidas Podemosek”, esan du, “argi eta garbi izan behar dute beraiek bakarrik ez dutela zenbaki nahikoa egiten, beste hainbaten laguntza eta indarra beharko dutela, besteak beste EAJrena eta Kataluniako alderdi subiranistena”. Beraz, “adostuko duten akordioak onargarria izan behar du guretzat ere bai”. Eta, zentzu berean, agintari abertzaleak ez du ezkutatu EAJren baitan sentitu duten “etsipena” Sánchezek atzo bertan aurkeztu zuen planak, 370 neurrik osatutakoak, “Estatuaren lurralde eredua berrikusteko asmo ausartik jasotzen ez duelako, bereziki Euskadik eta Kataluniak erreklamatzen duten autogobernuari eman beharreko erantzunari dagokion aldetik”. Alabaina, ez dira horretara mugatzen jeltzaleen errezeloak. “Era berean kezkatzen gaituzte balizko Gobernu zentral horretarako aurreikusten diren hainbat neurrik, gaur egun Autonomia Erkidegoen ardurapean dauden eskuduntzatan sartuko liratekeelako. Ez da zilegi gobernu programa baten bidez Autonomia Estatutuak hustutzea, ez behintzat Gernikako Estatutua. Eta gogoan izan behar dugu Estatutu hori oraindik osorik bete gabe dagoela”. Hori dena oinarri harturik, talde biei ohartarazi zaienez, adostuko duten akordioak “zorrozki errespetatu beharko du euskal autogobernua”, sei diputatu jeltzaleen aldetik behar duten baiezko botoa jaso nahi badute.