Juan Mari Aburto: “Gogor lan egiten jarraituko dugu Bilbo hiri segurua den errealitateari eusteko”

Ondorengo agintaldirako erronka lanean jarraitzea izango da bi helburu handi bermatzeko asmoz: bizikidetza eta segurtasuna auzo guzti-guztietan

Juan Mari Aburto: “Gogor lan egiten jarraituko dugu Bilbo hiri segurua den errealitateari eusteko” 17Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 17 |
Bilbo

PARTEKATU

“Segurtasuna izan da eta izango da gure lehentasun nagusietako bat”. Halaxe iragarri du gaur Juan Mari Aburto EAJ-PNVren Bilboko Alkatetzarako hautagaiak Udaltzaingoak Otxarkoagan duen Komisariaren ondoan. Eta Otxarkoagatik buruz, zera esan du: “Hau auzo handia da, izaera eta nortasun handikoa, asko sufritu baina beti burua altxatzen jakin duena, Bilboko izatearen harrotasunari atxikitakoa”.

Hautagai jeltzaleak Bilboko segurtasuna izan du hizpide gaurko ekitaldian, hiriak segurua izaten jarrai dezan abiarazi beharreko ekimen eta proiektuak. “Izan ere, Bilbok garapen ekonomikoan, kulturalean eta sozialean gora egiten jarraitzea nahi baldin badugu, nahitaezkoa da Bilbo hiri segurua den errealitate horri eutsiko zaiola bermatzea”. Ildo horretan aurreratu du 2019-2023 epealdirako erronka lanean jarraitzea izango dela bi helburu handi hauek bermatu ahal izateko: bizikidetza eta segurtasuna auzo guzti-guztietan.

Juan Mari Aburtok gogoratu duenez, agintaldi honetan aurrerapauso handiak eta irmoak eman dira. Horien artean, garrantzitsuena, Udaleko talde guztiek sinatu duten “Segurtasunaren aldeko Ituna” izan da. Horrekin batera, Hurbiltasunezko Polizia -herritarrekiko hurbiltasun handiagoa proposatzen duen eredu berria- garatzeko proiektua aurreratu eta 200 udaltzain baino gehiago kaleetan zehar ibiliko direla iragarri du, beste erakunde batzuekiko lankidetza eta koordinazioa hobetzeaz gain.

Segurtasunaren arloko lehentasunezko ildoak

Hautagai jeltzaleak proposatutako ekintzabidearen oinarrizko lerro eta ardatz bezala, Segurtasunaren aldeko Itunean adostatu hogeita 35 neurrien “aplikazio irmo eta eztabaidaezina” iragarri du.

Horrekin batera, Juan Mari Aburtok segurtasunaren arloko lehentasunezko ekimen batzuk aipatu ditu:

  • Jokabide antisozialak kontrolatu eta zuzentzea; hala nola, kalean alkohola kontsumitzea edo bandalismozko eta gaiztakeriazko ekintzak.
  • Auzo-komunitateko polizia-eredu berrian sakontzea, kalean udaltzain gehiago jarriz eta eremuak eta helburuak lehenetsiz, betiere auzokideekin bat eginik.
  • Inteligentzia sistemak eta bertako merkataritzaren segurtasuna hobetzea.
  • Parkeetako eta aisialdi-eremuetako segurtasuna hobetzea.
  • Hiriaren abiadura-kontrolak indartzea, bide-segurtasunari buruzko prestakuntza handiagoaren bitartez, eta batez ere, ahultasunezko egoera berezian dauden kolektiboentzako arreta hobetzea.

“Laburbilduz, auzo guzti-guztietara eramango ditugun ekintza zuzenak, Bilbon mundu guztiak segurtasuna sentitu, bizi eta antzeman dezan. izan ere, gure kaleak, gure AUZOAK bilbotarrenak dira. Beti pertsonak babesten, hori baita gure helburu nagusia eta bakarra”, ziurtatu du.

Interesatu Zaitez