Aitor Estebanek hautagai sozialistari planteatu dio aukera “baliatzea” “giro politikoa lasaitzeko, Estatu eredu berri bat ahalbidetzeko eta pendiente dauden erronkei aurre egiteko”
EAJ-PNVko sei diputatuek abstentzioa bozkatuko dute gaur Pedro Sánchez hautagai sozialistaren inbestiduraren lehen bozketan. Abstentzioa bozkatuko dute, Aitor Esteban Kongresuko EAJ taldearen bozeramailearen esanetan “guk ezin dugulako atxikimendu huts batekin bat egin” eta “aurretik adostutako gauza batzuk daudelako, funtsezkoak, gaur egun geldiarazita daudenak edo hitzartutakoari dagokionez aldarazpenak egin zaizkienak”.
Estebanek gaurko osoko bilkuran hitz egiteko izan duen tartean baieztatu duenez PSOEren aldetik “ez dira gehiegi ahalegindu EAJ-PNVren botoa lortzeko” baina, edozein kasutan talde jeltzalea “elkarrizketarako eta adosteko prest” dagoela nabarmendu du “politikan sinesten dugulako arazoak konpontzeko tresna gisa, ezberdina errespetatzean sinesten dugu, ezberdinarekin adostean”, esan du. Ildo beretik eta EAJ-PNVren botoak “lortutzat” jo direla deitoratu ondoren, Espainiako gobernuko presidentegai sozialistari eskatu dio “giro politikoa lasaitzeko politika egitea eta Estatuarekin harreman eredu berri bat ahalbidetzea”, inbestidura, Estebanek Sánchezi esan dion bezala “ez delako soilik zu presidente aukeratzeko”. Zentzu berean bozeramaile jeltzaleak hautagai sozialistari eskatu dio “zerumugari begira diezaiola eta aukeratzat har dezala, ezinezkotzat jo beharrean”, eta berriro eskatu dio “123 eserleku baino ez dituela ulertzea”, eta, ondorioz, “besteekin bat egin beharko duela”.
Esteban oso kritiko agertu da hautagai sozialistak negoziaketan darabilen estrategiarekin. Euskal bozeramailearen esanetan “harrigarria” izan da abstentzioa eskatu dielako “mafioso, zikin, kolpista eta traidore” deitu diotenei, eta baieztatu duenez “egonkortasunak ez luke ezinbestean beharko pertsona zehatz bat gobernuan egotea edo ministerio edo presidenteordetza kopuru zehatz bat izatea”. Azken finean, bozeramaile jeltzaleak “negoziaketa ororen helburua akordioa lortzea” dela gogoratu du, eta “hiritargoarentzat oso garrantzitsuak diren erabakiak hartzeko behar den denbora” galtzen ari direla nabarmendu ondoren baieztatu duenez “hiru hilabetetan ikuspuntua galdu da” eta galdetu du desadostasuna konfirmatzekotan PSOE eta Podemos alderdietako buruek “merezi ote dituzten beren ustez beren eskuetan egon beharko liratekeen erantzukizun horiek”.
“Ahaztu ote dugu hauteskunde hauetara nola iritsi garen? Ahaztu ote dugu Colón-eko argazkia? Hiritargoak erantzun zuen, bozkatzera joan zen eta mezu argia bidali zuen: ez du eskuindarrekoen hirukoa nahi ezta inoren gehiengo absoluturik ere. Gobernagarritasunak ezinbestean behar ditu elkarrizketa eta gainerako indar politikoen arteko akordioa”, nabarmendu du.
Bozeramaile jeltzaleak bere diskurtsoaren zati handi bat dedikatu du bere esanetan ”inoiz aztertu nahi izan ez den errealitatea” nabarmentzera, hau da “Euskadin eta Katalunian bi gizarte daude beren burua nazio jotzen dutenak”. Esparru berean Sánchezi eskatu dio egoera honi “lasaitasunez, errealismoz eta ausardiaz” ekitea eta berretsi duenez “konponbidea ez da judiziala izango,baizik eta politikoa”. Estebanek era berean onartu du ez duela ulertzen hautagai sozialistak 155.artikuluaz behin eta berriz hitz egin nahi izatea eta Podemosekin akordioa eragozten duen gaia dela nabarmentzea. “Konpondu beharreko arazoa dago. Eta politikoki konpondu behar da. Zugandik espero duguna da elkarrizketa, imajinazioa eta ausardia, konponbide politikoak bilatzeko. Jakinik zuk ere zure mugak dituzula baina milioika hiritar daudela aldaketak eskatzen dituztenak. Gauza bera eskatzen dizut Euskal estatutuaren erreformarako: ezberdinen artean adosteko borondatea, benetakoa”, esan du.
Lurralde politikaz gain, Estebanek gogora ekarri ditu EAJ-PNVren aburuz pendiente dauden erronkak. Horien artean daude Toledoko Itunean behin betiko akordioa bilatzea “sistema bidezko bat“ izateko, “pentsio duinak ezartzeko, baina demagogiatik aldenduta”. Ildo beretik gogoratu du Gernikako Estatutuak eskuduntza berezia ematen diela euskal erakundeei eta Presidenteari eskatu dio “gai horretaz hitz egitea”, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketaz, alegia, 1979ko Lege Organikoan jasota dagoena, “akordio batetara iritsi ahal izateko”. Era berean, “derrigorrezko” jo du lanari buruzko legeria aldaraztea “azken erreformaren alderdi kaltegarriak lehengoratzeko” eta langileen “soldatak igotzeko gaiari” heltzeko. Estebanek era berean mahaigaineratu du industriaren aldeko apustua “politika ekonomikoaren oinarrizko zutabea izan dadin”. Bozeramaile jeltzaleak esparru honetan sartu ditu I+G+B aplikatua eta, bestetik, “trantsizio energetikoari lotutako erronkak, trantsizio horren erritmoak industrian egin beharreko moldatze lanari egokituta”, “arinkeriaz eginiko iragarkietatik aldenduz”, dieselarekin egin zen bezala “ondorio praktikoak ekarri zituelako” Euskadiko “sektore estrategikoan” EAEko BPGan oso pisu handia duen arloan, hain zuzen.
Bozeramaile jeltzaleak era berean ekarri du gogora askatasun publikoen esparrua,zeinetan `Mozal Legea´ izenez ezagutzen denaren erreforma planteatu den. Euskal Taldeak aurreko legealdian planteatu zuen lege hau eta Sekretu Ofizialen legea aldaraztea estatuan “modernotasuna aldarrikatu arren sekretismo onartezinean mugitzen delako”, esan du. Era berean, ohiko bihurtu den aldarrikapena egin du azpiegiturak EAJ-PNVrentzat “funtsezkoak direlako ikuspuntu sozialetik eta ekonomikoki” eta baieztatu du “etsituta” sentitzen dela azken aldiko zailtasun eta atzerapenekin. Era berean eskatu du Europako Parlamentuaren baitan “parte hartze zuzenerako esparruak bultzatzea”.
Amaitzeko deitoratu du Estebanek Eusko Jaurlaritzarekin adostutako transferentzien egutegian “metatu den atzerapena”, eta salatu du “Estatuaren ohitura dela etengabe neurri autonomikoak errekurritzea”, Gobernu sozialistarekin ere bai, Euskadiko beka sistemarekin gertatu den bezala.
GARRANTZITSUA: Erantsita bidaltzen dugu Aitor Estebanek gaurko osoko bilkuran eman duen diskurtsoa.
20190723_Intervención de Aitor Esteban en el Pleno de Investidura