Iñigo Urkulluk nabarmendu du Euskadik pertsonan zentratzen den, eta planetaren babesarekin eta bakean oinarritzen den bizikidetzarekin konprometituta dagoen munduaren ikuspegia partekatzen duela
Iñigo Urkullu Lehendakariak LOCAL 2030 - Local Action for Global Commitments-en irekiera-ekitaldian parte hartu du, High Level Political Forum (HLPF) 2019ko foroaren zazpigarren edizioaren bigarren panelean. Hartan, honako hau nabarmendu du: Euskadin pertsonan zentratzen den, eta planetaren babesarekin eta bakean oinarritzen den bizikidetzarekin konprometituta dagoen munduaren ikuspegia partekatzen da, garapenerako lankidetzaren ereduaren bidez, euskaraz “auzolan” deritzogunaren bidez, oparotasuna sortzeko gai dena.
Local 2030en bidez, 2019ko Goi Mailako Foro Politikoan aztergai dauden Garapenerako Lankidetzaren Helburuen toki-dimentsioa birpasatzen da, eta, zehatzago esateko, tokiko ekarpenak nabarmendu nahi dira, esperientziak ikasi eta trukatzeko espazioa eman nahi da, adituak erakarri eta elkarrekin harremanetan jarri nahi dira eta tartean diren aldeen esperientziei buruzko eztabaida egituratuari bide eman nahi zaio.
Iñigo Urkullu Lehendakariak berriro ere esan du Euskadi Europan aitzindaria izan dela 2030 Agendarekiko konpromisoa bere gain hartzen, “Euskadiko Bonu Jasangarria”ren ezarpenaren bitartez. Hori horrela, Euskadiko Bonu Jasangarria finantza-produktu sendoa, sinesgarria eta gardena dela nabarmendu du. “Kaudimena, gardentasuna eta sinesgarritasuna kudeaketa publikoan funtsezko konpromisoa da baliabideak eskuratzeko eta gizarte- eta ingurumen-izaerako inbertsioetara bideratzeko”, esan du. Hori horrela, izaera globaleko “2030 Agenda”n aurrera egiteak maila anitzeko gobernamendua eta garapenerako lankidetza edo “auzolana” sustatzera bideratzen duela.
Lehendakariak lehentasunezko jarduketa-eremuak nabarmendu ditu: etxebizitza eskuragarria; funtsezko zerbitzuetara jotzeko bidea, besteak beste Hezkuntza eta Osasunera, Gizarte Politiketara; enplegua sortzea; energia berriztagarriak, garraiobide garbia eta jasangarria, ingurumen-kutsaduraren prebentzioa eta kontrola edo uraren kudeaketa jasangarria. Lehendakariak jakinarazi du, gainera, datorren astean, ekipamendu eta azpiegitura berriak finantzatzeko inbertsio jasangarrien 100 milioi euroko paketea onetsiko dela.
Ondorioak adierazteko txandan Urkullu Lehendakariak "Bonu Jasangarrien" esperientzian jasotako 3 faktore nabarmendu ditu: finantza-kaudimena, gardentasuna eta sinisgarritasuna. Era berean azpimarratu egin du Euskadik 100etik 100 puntu eskuratu dituela Nazioarteko Gardentasun Indizean. Baita Eusko Jaurlaritzak Gobernu programaren 625 konpromisoen gauzapena eta ebaluazioa argitaratu egiten duela ere.
High Level Political Forum (HLPF) 2019ren bigarren panel horretan, estatu kideek eta tokiko eta eskualdeko gobernuek eta beren elkarteek parte hartu dute. Gainera, NBEko agentziak, enpresak (enpresa txiki eta ertainak, gizarte-enpresak eta enpresa-talde handiak barne), lider finantzarioak, akademikoak eta sozietate zibilekoak, gazteak eta ekintzaileak ere izan dira.
LOCAL 2030 - Local Action for Global Commitments
Local 2030 GJHen lokalizazioa helburu duen sarea eta plataforma da. Tokiko eta eskualdeko gobernuen eta beren elkarteen, gobernu nazionalen, enpresen erakunde komunitarioen eta beste tokiko eragile batzuen eta Nazio Batuen sistemaren arteko elkargunea da. Local2030ek elkarlaneko trukerako eta inkubaziorako soluzioen tokiko liderrak bultzatzen ditu eta, horretarako, botila-lepoak desblokeatu eta toki-mailan GJHetan aurrera egitea dakarten estrategiak ezartzen ditu.
Iturria: Irekia