Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak hitz egitea, elkar ulertzea eta asmo handiei begiratzea eskatu du PSOEk eta Podemosek Gobernu egonkorra osatu ahal izateko akordioa ados dezaten eta hauteskundeak berriro egin behar izatearen desastrea saihestera begira
OHARRA: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“EAJren aldetik ez dago inolako betorik gobernu-koalizio bat osatzera begira. Hutsegite larria izango litzateke gure aldetik inori betorik jartzea. EAJk jakin nahi duena da egitasmoa zertan geratuko litzatekeen. Mahai gainean egitasmo berbera jarrita, guri berdin digu gobernua bakarrik osatzen badute edo Podemosekin osatzen badute, baldin eta programa azaltzen badigute, Euskadiri eraso egiten ez badio eta gure ustez egin behar diren politikekin bateragarria bada. Eskatzen dugun gauza bakarra da argitasuna eta gardentasuna, gobernu egitasmoa zein den azaltzea, gugandik zer espero den esatea, zer eskatuko diguten eta, elkarren artean zuzen jokatzeko, Gobernu berri horri neurri berean exijitzeko. Formula bigarren mailan geratzen da. Baina inork espero badu gure botoak inbestidurarako lortzea eta legealdi osorako ere bere alde izatea, gurekin hitz egin dezala aurrera eramango duten egitasmoaz”.
Argi bezain sendo mintzatu da gaur Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea EAJ-PNVk Espainiako politikagintza geldiarazita daukan inbestidura prozesura begira daukan jarreraz. SER irratiari eskaini dion elkarrizketan, jeltzaleen buruak beste behin baieztatu du zuzentzen duen alderdiak ez duela betorik edo eragozpenik jarri Unidas Podemos taldeak PSOErekin gobernu-koalizioa egin dezan, eta berretsi du aliantza horrek eramango duen gobernu programa izango dela sei diputatu jeltzaleen botoa erabakiko duena. “Niri gehiago interesatzen zait entente berri horrek defendatuko duen zerga politika zein izango den jakitea, Iglesias ministroa izango ote den jakitea baino”, amaitu du.
Ortuzar ulerkor agertu da eta esan du guztiz ulergarria dela “Sánchez presidenteak bere Gobernu barruan ezegonkortasuna ekar lezaketen faktorerik nahi ez izatea, gehiengo absoluturik izango ez duelako eta hirugarrenen babesa bilatu beharko duelako”, baina elkarrizketa aldarrikatu du eta elkar ulertzea eta asmo handiei begiratzea eskatu die sozialisten buruei eta Pablo Iglesiasi. “Nire sentsazioa da, biekin hitz egin dudalako, biek pentsatzen dutela bestea izango dela amore emango duena. Eta hori izaten da gauzarik txarrena, azkenean inork ez duelako amore ematen eta gauzak gaiztotu egiten direlako. Aurreko astetik hona, nik uste dut gauzek okerrera jo dutela. Egia ere bada gauzak, hobetu daitezen, batzuetan oso txarto jarri behar direla. Bada, ikus dezagun botila erdi beteta”.
EAJk inbestiduran emango duen botoaz galdetuta, jeltzaleen buruak esan duenez inbestiduran “gure jarrera nagusia abstentzioa izan ohi da. Abstentziotik baiezko botoa ematera igaro gaitezen erantzukizuna antzeman behar dugu beste partean. Eratuko den Gobernuaren ardatzez hitz egin beharko da, gure sei botoak zertarako erabiliko ote diren. Mahai gainean hainbat arazo daude Estatuko lurralde ereduaz, Madril eta Gasteizen arteko harremanez, Estatutu Berriaren garapenaz eta aurreko Estatutuaren betepenaz… Gauza asko eta asko dira hurrengo lau urteotan jorratu beharrekoak, eta guk horiei guztiei buruz hitz egin nahiko genuke inbestidura baino lehen”.
Nafarroako Gobernuaren eraketaz galdetuta, Ortuzarrek uste du “nahiko bideratuta” dagoela. “Madrilen gertatzen ez den bezala, hemen egin dugun lehen gauza izan da gobernu horren egitasmoaz hitz egitea, eta San Ferminak amaitutakoan negoziatzaileei geratuko litzaieke adostea proiektu hori aurrera eramateko behar den gobernu formularik onena. Nik uste dut koalizioa izango dela, eta espero dut ahalik eta sendoena izatea, gehiengo absoluturik izango ez duela gogoan. Gure helburua da, Geroa Bairen barruan, gobernuan egotea, eta Chivitek jakin badaki”.