EAJ-PNVren Napar Buru Batzarrak `zapitxoa´jartzeko ohiko ekitaldia egin du gaur, uztailak 7, Zapateria kaleko egoitzan. Aurten, NBBk José Ángel Agirrebengoa presidente ohiaren eta Nafarroako musikalari eta abesbatza-zuzendari Fermín Iriarteren lana eta ibilbidea saritu nahi izan ditu
Zapitxoa emateko ekitaldian izan dira Unai Hualde NBBko presidentea eta Andoni Ortuzar EBBko presidentea. Beren ondoan izan dira Nafarroako Foru Gobernuko jarduneko sailburu Manu Ayerdi eta María Solana.
Unai Hualde NBBko presidenteak José Ángeli buruz hitz egiterakoan nabarmendu du “goitik beherako politikaria” dela “beti aritu izan da Nafarroaren eta bere interesen defentsan”. “Baina, gauza guztien gainetik, pertsona ona da, lankide solidarioa eta beti laguntzeko prest dagoena. Hurkoen zerbitzura dagoen pertsona bat”.
Hualdek gaineratu duenez “bizitza politiko bizi eta intentsutik harago, José Ángel izan zen ondorengo urteotan Nafarroan eman zen aldaketaren bultzatzaile eta motore nagusia. Era berean gogoratu du 2007an José Ángelek ilusioz beteta aurkeztu zuela Nafarroa Bai koalizioa “Nafarroako gizartean behar zen aldaketarako aukera politiko gisa, kultura politiko berria eta denontzat gobernatzeko era berria zabaltzeko”.
“Aldaketa hori ez da ameskeria hutsa izan”, azpimarratu du Hualdek eta ondoren gaineratu du aldaketa eman dela eta bertan jarraitzen duela José Ángel moduko pertsonen lanari eta koherentziari esker”.
José Ángel Agirrebengoak zapitxoa jaso du lagun onez eta senideez inguratuta eta bere “esker ona” adierazi die guztiei. Bertaratu guztiak animatu ditu “Nafarroa bidezkoagoa eta anitzagoa eraikitzeko lanean jarraitzera, etorkizunari itxaropenez beteta begiratu ahal izateko”.
Bigarren ‘zapitxoa’ Fermín Iriarterentzat
NBBk `zapitxoa´eman nahi izan dio etxe honetako lagun handi bati, musikari eta abesbatza-zuzendari bikainari, Fermín Iriarteri.
Hualdek nabarmendu nahi izan du Fermín Iriarteren ibilbide oparoa: “Zangotzako Nora Abesbatza sortu zuen 1968an eta 2011ra arte zuzendu zuen. Halaber, 1976an sortu zuen San Fermin Ikastolako emakumezkoen abesbatza eta gaur egun jarraitzen du zuzendari lanetan”. “Entseguetarako erabili duen leku nagusienetako bat izan da gaur hartzen gaituen toki hau eta azken urteotan asterik aste ematen digu alaitasuna eta laguntasuna”, nabarmendu du NBBko presidenteak.
Hualdek amaitzeko esan duenez “Ferminengandik jasotzen dugu bere alaitasuna eta musikagatik sentitzen duen pasioa, eta guk beti eskertzen diogu hori. Berotasuna jartzen du egiten duen guztian eta hori nabaritu egiten da. Zalantzarik gabe, Nafarroako hainbat musikagileren lana aztertu,ikertu,berreskuratu eta sustatu duen musikariak ondo merezi duen aintzatespena da gaurkoa”.
Kasu bietan, Hualdek gogora ekarri ditu omendutako bien ibilbideak, egin duten lana eta inguru guztiei eskaini dieten eskuzabaltasuna eta kidetasuna “politikaren eta siglen gainetik, pertsonak daudelako”.