Hazkunde ekonomikoa eta gizarte babesa, EAJ-PNV eta PSE-EEren arteko akordioaren ardatz

2019-2023 legealdirako Gipuzkoako Foru Aldundiaren programa eta egituraren inguruko ituna aurkeztu dute bi alderdiek

Hazkunde ekonomikoa eta gizarte babesa, EAJ-PNV eta PSE-EEren arteko akordioaren ardatz 26Ekainak
2019
2019 EkainaK 26 |
Donostia

PARTEKATU

“Gobernu programa serioa eta sendoa finkatu dugu. Gipuzkoako zoruan oinak dituena, eta pertsona ardatz hartzen duena”. Modu horretara deskribatu du Joseba Egibar EAJ-PNVko Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak 2019-2023 legealdirako alderdi jeltzaleak eta PSE-EEk, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionean, lortutako programa eta egitura akordioa. Hazkunde ekonomikoan eta gizarte politiketan jarri du azpimarra Egibarrek, “biak ere txanpon beraren alorrak”, eta aurreko legealdian aurrerapen nabarmenak ikusi dituztenak: “Garai berriak eskatzen digu hazkunde hori finkatzea, eta desberdintasunari aurre egiten jarraitzea”.  

Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako ekitaldian aurkeztu da programaren inguruko akordioa. Foru kamerako bozeramaile jeltzale Maria Eugenia Arrizabalagak babestuta agertu da Egibar. PSE-EE, berriz, Eneko Andueza Gipuzkoako idazkari nagusiak eta Susana Garcia Chueca Batzar Nagusietako eledunak ordezkatu dute. Aipatutako dokumentuaren sinadurarekin berretsi dute bi aldeek lortutako akordioa. Era berean, gogorarazi dute ostiralean egingo dela hurrengo diputatu nagusiaren kargu hartzerako osoko bilkura, eta berak izango duela horren ondotik Aldundiaren karguak izendatzeko ardura.

Bere hitzaldian, Egibarrek gogorarazi du Gipuzkoak “oso adierazle interesgarriak” dauzkala gaur egun arlo guztietan, hala nola langabezia tasan edo desberdintasun indizeetan. “Egoera positibo bat bizi dugu, baina ez bakarrik Aldundiagatik, erakundeak ezin baitu gizartea, enpresak edo hirugarren sektorea ordezkatu. Baina lidergoa hartu eta partekatu behar du. Gizartearekiko lankidetza publiko-pribatu horrek ahalbidetu du azken lau urte hauetan izan dugu programa aurrera eraman ahal izatea, eta orain erronka berriak ezartzera eramaten gaitu”, defenditu du.

Halaber, berretsi du hazkunde ekonomikoa eta gizarte politika direla akordioaren “ardatz nagusiak”. “Ekonomia suspertzeko ahaleginetan jarraitu behar dugu, kalitatezko enplegua sortzen jarrai dezan”, azpimarratu du. Ildo horretan, adierazi du alor horrek lotura estua duela gizarte babesarekin: “Desberdintasunaren aurkako borroka, justizia sozialeko kontua da, baina baita apustu estrategiko bat ere, ekonomiaren hazkundearekin uztargarria. Are gehiago, gastuak eta diru sarrerak beti daude estuki lotuta”.

Arrizabalagak, berriz, gogorarazi du akordio programatikoa aplikagarria dela Batzar Nagusietan ere, batzarkide taldeak Kameran era koordinatuan aritzea jasotzen baitu. “Hortik aurrera, gustatuko litzaiguke bi taldeen artean dugun akordiorako espazio hori gehiago zabaltzea. Datorren legealdiko klima adostasunen aldekoa izatea nahiko genuke, baina horretarako gaurdaino ikusi ditugun jarrera jakin batzuk asko aldatu beharko dira”, aipatu du.

Egitura

Bestalde, foru erakundeak hurrengo legealdian edukiko duen egitura ere aurreratu dute. Aurreko legealdiarekin alderatuta, departamentu bat gehiago izango da, Proiektu Estrategikoetakoa, hain zuzen. 2015-2019 bitartean martxan jarri diren erreferentziazko zentroak hartuko ditu bere baitan, hala nola Adinberri, Ziur, Mubil, 2deo, edota Naturklima. Egibarrek azaldutakoaren arabera, “Foru Aldundiarentzat erreferentziazko proiektuak dira guztiak ere, eta erabaki honekin garrantzi horren tamainako egituraketa ematen diegu, era koordinatuan, gobernu programan jasotakoari jarraiki eraginkortasunez garatu daitezen”. “Azken legealdian sortze fase batean egon dira, eta orain dator horiei bidea emateko momentua”, amaitu du.

Interesatu Zaitez