Eskola jantokien esleipenak ikertu dituen Batzordearen gaurko bileran, jeltzaleek oposizioari eskatu diote ez dezala erakundeen izen ona zikindu, eta ez ditzala erakundeak bere interes partikularretarako erabili
“Oposizioko hiru taldeek gaur onetsi duten txostenean jasotzen den guztia neurrira eginiko jantzia da, Eusko Jaurlaritzari eta EAJri eraso egiteko helburu bakarrarekin josi dena”. David Latxaga legebiltzarkide jeltzaleak EH Bilduri, Podemosi eta PPri txarretsi die “erakunde honen erabilera partidista” egin izana, epaitegiek ikertutakoa eta epaitutakoa berriz aztertzera dedikatu direlako, adostutako epemuga gainditu delako, legebiltzarrean adierazpenak egin dituztenek esandakoa mespretxatu dutelako eta aldez aurretik idatzitako txostena aurkeztu dutelako, kontratazio publikoak edo eskola jantokien kudeaketa hobetzeko helburua bilatu beharrean, Exekutiboaren sinesgarritasuna auzitan jartzeko helburu bakarrarekin. “Antzezpen hori ez dator bat gertakarien errealitatearekin eta antzezle nagusiak izan dira ondo baino hobeto moldatzen diren hiru alderdi,bereziki jardun politikoa erasotzeko eta eragozteko denean”, nabarmendu du.
Azken hilabeteotan Eusko Legebiltzarrean eskola jantokien esleipenak ikertu dituen Batzordeak gaur amaitu diru bere lanak eta azkenean onartu den ondorioan gaur egungo Eusko Jaurlaritzari leporatzen zaio gertatutakoaren erantzukizun politiko guztia. Latxagak aditzera eman duenez gauza bat argi eta garbi adierazi beharra dago, “Jaurlaritza honek ez zuelako ikertutako jarduera horietan parte hartu eta Cristina Uriarte, gaurko Hezkuntza Sailburua, izan zelako zerbitzuaren kontratua 2014an amaitu zenean sistema osoa aldarazi zuena Lehiaren Euskal Agintaritzaren abalarekin”. Ordutik aurrea, gaineratu du, hainbat aldaketa egin dira, besteak beste, kontratazio espedienteen gardentasuna areagotzearren. Aldaketa horiek epaitegiek ere babestu zituzten.Beraz, ezarri du, Jaurlaritza honek zuzentasunez jardun du.
Latxagak gogora ekarri du EAEko Auzitegi Nagusiak eman zuen azken epaia, zeinen bidez Urkulluren Gobernua eskola jantokien esleipena egiteko orduan abian jarri duen prozedura babesten den. Epaian ezartzen denez “ bat dator lehiaren kultura berriarekin”.
EAJ-PNVk “antzezpen” honen parte ez izatea erabaki du eta, horregatik, Batzordea hasi aurretik adierazi du bere zuzenketak erretiratuko zituela. “Oposizioaren jardunak Legebiltzar honen izen ona zikindu du” ,amaitu du.