EBBko presidenteak “aukera nahikoak” ikusten ditu “denon artean Espainiako Gobernua osatzeko alternatiba iraunkor eta koherentea eraiki ahal izateko”, baina beharrezko jotzen du Pedro Sánchezek “gurekin hitz egitea eta norekin eta zertarako esatea”
“EAJ eta Geroa Bairen asmoa da gobernu aurrerakoia finkatzea, duela lau urte hasi zen aldaketa bideari jarraipena ematea, garrantzizkoa dena bermatuz: Nafarroak elkarbizitzaren bidea egin dezala, aurrerabidearen eta askatasunen bidetik jarri dezala atzera egiteko bidea hartu nahiko luketenen aurrean”. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur baieztatu du zuzentzen duen alderdiaren eta Nafarroan osatzen duen koalizioaren helburua dela María Chivite sozialista buru izango duen Gobernua eratzen laguntzea. Jeltzaleen buruak ez du ezkutatu nahi izan jeltzaleak PSOErekin hitz egiteko prest daudela Espainiako estatuan ere “aldaketa lideratzeko eta politika bestela egiteko erronkari helduko dion Exekutiboa ahalbidetzera begira”. Alderdi jeltzaleak erantzukizun biak bereganatzen ditu eta onartzen ditu, baina helburu hori lortu ahal izateko “ezinbestekoa da hitz egitea”, azpimarratu du Ortuzarrek Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan. “Hau ezin da izan ez aulki-dantza ezta karguen banaketa-jokoa ere. Honek guztiak egitasmoan jasotako kontuei erantzun behar die. Gobernu koherenteak osatu behar dira, hurrengo lau urteotarako ibilbide orria argi baino argiago izango dutenak”.
“Orain ikusten ari gara atzo Nafarroan gertatutakoak eragin duen zalaparta mediatiko eta politikoa”, ohartarazi du Ortuzarrek. “Bada, zarata mediatiko hori guztia horretan gera dadin, hau da, zarata baino ez dadin izan, gauzak ondo egin behar ditugu: hitz egin, solasean aritu, egitasmo sendo eta finkoa negoziatu eta erakundeak gobernatu lemari ondo helduaz”, esan du. Eta erantzun argi eta sendoa eman die Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidente bihurtu zenez geroztik EAJ-PNVren kontra hitz egin eta idatzi dutenei. “Nafarroa maite dutela diote, baina ez dute horrenbeste ezagutzen. Euskal abertzaleak Nafarroan `arrotzak´ garela esatea…… Bada, EAJk mende oso bat darama Nafarroan politika egiten eta UPNK 40 urte baino ez ditu bete”, esan du.
Pedro Sánchezen inbestiduraren aurrean EAJ-PNVk izango duen jarreraz galdetuta, Ortuzarrek argi baino argiago hitz egin du. “Gure babesa eman diezaiogun, lehenago hitz egin behar dugu eta akordio eta konpromisoetara iritsi behar dugu. Jabetzen naiz Pedro Sánchezek presio politiko eta mediatiko asko dituela, baina giro horretatik atera beharra dauka. Aukerak egon badaude denon artean alternatiba egoki, koherente eta iraunkorra eraiki dezagun Espainiako gobernua osatzeko, baina Sànchezen esku dago norekin eta zertarako esatea. Politikagintzan oso garrantzitsua da `zertarako´ hori ondo zehaztea: gobernua zertarako eratu nahi duen,politika ekonomikoan ardatz nagusiak zeintzuk izango dituen, politika energetikoan, gai sozialetan, enpleguan,…… eta abarretan . Puntu honetan hasi behar dugu jateko kontuez hitz egiten”. Unidas Podemos taldea Gobernuan izateak EAJ-PNVk Sánchezi babesa ematea konplikatuko ote lukeen galdetuta, jeltzaleen buruak erantzun du hori dena “gobernu programaren arabera” erabakiko dela. “Argi dago Podemosekoak eta gu oso antzekoak ez garela. Gauza batzuk bai partekatzen ditugu baina ezberdintasun ideologiko handiak ditugu. Denok asebetetzeko moduko egitasmoa egin beharko da. Halako eragiketa bat, hain konplexua, ezin da egin barruan gauden batzuk deseroso sentitzen bagara”.
Ortuzarrek era berean baloratu du Ezker Abertzaleak autogobernu lantaldean erakutsi duen jarrera. “Bildu antzezkeria egiten ari da eta hanka barruraino sartzen ari da. Hauteskunde garaiko hanka sartzea izan zen gauza bati (artikuludun testu propioa aurkeztu zuten) jarraipena eman diote eta Espainia aldean oso ohiko duten ohiturari eutsi diote “huts egiteari eustea, sekula ez zuzentzea”. Eta erratze bidean jarraitzen dute. Bilduk egin dezala nahi duena, nahi duen papera aurkez dezala; nik ez dut irakurriko, jakin dezatela. Lantaldearen lan erritmoak ez dituzte aldatuko, jar daitezela nahi duten eran. Direna dira eta munduko eskubide guztiak dituzte, baina gehiengoak ezarri dituen joko arauak errespetatu behar dituzte. Inor ez da ezer atzeratzen ari. Lantaldearen lanak bide onetik doaz, aurrera jarraitzen dute. Eta hau ez da gaur edo bihar amaitzeko ezer : ondo amaitu behar da, ahal den adostasunik zabalenarekin. Lantaldearen lanekin jarraitzeko arazoak izan dituzten bakarrak Bildu eta PP izan dira. Ni, Bildukoa banintz, ondo aztertuko nuke, horretan ere PPrekin bat egitea nahiko susmagarri bihurtzen hasia baita”.