Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan, Kongresuko bozeramaile jeltzaleak nabarmendu duenez “Sánchez hautagaiak ez luke pentsatu behar gure sei botoak bermatuta dituela. Zerbait eraiki beharko dugu eta denok uko egin beharko diogu zerbaiti”
Aitor Estebanek, Euskal Taldearen bozeramaileak, gaur nabarmendu du Espainiako Gobernuko presidenterako hautagaiak ez lukeela pentsatu behar “EAJ-PNVko sei diputatuen botoak bermatuta dituela” eta ohartarazi duenez “erantzukizun osoz jardungo dugu gaur egungo egoera politikoaz jabetzen garelako, baina denok gure aldetik zeozer jarri beharko dugu, PSOErengandik hasita”.
Onda Vascan egin dioten elkarrizketan, Estebanek iragarri du José Luis Ábalos PSOEren antolakuntzako idazkariarekin izandako bileran “oro har eta sakontasunetan sartu gabe” neurtu zirela eta gogora ekarri du udalak iragan asteburuan eratu direlarik “nolabaiteko presioa emango da eta logikoena litzateke hurrengo 15 egunotan elkarrizketak bizkortzea inbestidura saiatzeko uztailaren lehen astean edo beranduen jota, bigarrenean”.
Horrela eta epe laburrean emango diren elkarrizketa horiei begira, jeltzaleen bozeramaileak esan du gai batzuk “giltzarri” direla eta adierazi dizkietela “bete gabe dauden konpromisoak”, besteak beste AHTri dagozkionak edo Zorrotzan trenbideak lur azpitik joan daitezen egin beharrekoak. Era berean baieztatu duenez “hainbat gai ere badaude konpondu behar direnak, besteak beste lan erreforma, pentsioen erreforma, Sekretu Ofizialen Legeari edo Mozal Legeari buruzko ekimenak, aurreko legealdian PSOE aldaraztera ausartu ez zena, edo Estatu ereduari dagozkion guztia”. “Ezagutu beharko dugu zein den Sánchezek Espainiako estatuaren etorkizunaz duen ikuskera, Euskal eta Kataluniako nazioak nola geratuko diren eta zer nolako elkarrizketa bideak edo irtenbideak abian jarriko diren”, baieztatu du.
Azken finean, Estebanek baieztatu du iraganean PSOErekin “elkarrizketa bat” egon dela, “akordio batzuk” eman direla, baina era berean ohartarazi duenez “denak bete behar dira eta aurrera egiten jarrai dezagun, beste hainbat akordioren inguruan adostu behar dugu legealdiari ekin diezaiogun. Hitz egin beharko dugu, zerbait eraiki beharko dugu”, esan du.
Amaitzeko, Esteban oso kritikoa izan da espetxeratuta dauden lider independentisten egoeraren inguruan. Jeltzaleen bozeramaileak baieztatu du diputatu presoen suspentsioa “oker baino okerrago” erabaki dela zuzenbidearen eta parlamentuko araudiaren kontra, erreguzkorik gabe”. Ildo beretik esan duenez “egin dena jauntxokeria izan da”. Era berean esan du “eskandalua” izan dela Oriol Junquerasi Europako diputatu akta jasotzeko baimena eman ez izana” eta gaineratu duenez “erabaki horrek ondorioak izango ditu Europan”.