Orain arte bezala, merkatariekin, tokiko ekoizleekin eta enpresa txikiekin etengabeko elkarlanean jardungo dutela adierazi du alkategaiak, jarduera ekonomikoa indartu eta haien beharrei erantzuteko. Horretarako industriari, lanbide heziketari, ekintzailetzari, merkataritzari, lehen sektoreari eta turismoari loturiko proposamen zehatzak garatu dituzte.
Beste behin, Tolosako EAJ-PNVk herriko ekonomia eta enplegua indartzera bideratutako proposamen landu eta zehatzak aurkeztu ditu. Olatz Peon alkategai jeltzaleak adierazi bezala, “jarduera ekonomikoaren martxa onak bermatzen du gizartearen ongizatea, baita norbanakoarena ere. Horregatik kalitatezko enplegua sustatu eta jarduera ekonomikoa bultzatzera bideratuko ditugu gure indarrak eta horretarako merkataritzari, industriari, ekintzailetzari, turismoari zein lehen sektoreari loturiko proposamen zehatzak garatu ditugu”.
“Herriko eragile ekonomikoen beharrak gertutik ezagutzea ezinbestekoa da guretzat egungo errealitateari eta etorkizuneko beharrei erantzuna emango dieten ekimenak landu ahal izateko; horregatik, Lanbiderekin, Eskualdeko Garapen Agentziarekin, herriko merkataritzarekin eta enpresa txikiekin elkarlanean jarraituko dugu”, azpimarratu du.
Lan aukera berriak eskaintzea helburu hartuta, Enplegu Plana zein urteroko enplegu azoka babestu eta sustatzen jarraituko dute jeltzaleek, baita ekintzailetasuna ere, EMARI-coworking eremuaren bitartez, aukera berriak aztertuz.
Era berean, “Tokikoindustriaindartzeko lan egiten jarraituko dugu, horrela Tolosa zein Tolosaldeako industriaren etorkizuna bermatu, kalitatezko enplegua sortu eta herritarren ongizatea bermatzeko”, azpimarratu du Peonek. Horren harira, jeltzaleek ondorengoa proposatzen dute:
- Apattaren bigarren fasea garatzea enpresa berriak erakarri eta kalitatezko lanpostuak sortzeko.
- Foru Aldundiarekin batera sustapen politikak eta lehiakortasunerako programa berriak indartzea eta Bikain Plan Estrategikoa garatzea.
- Elikaduraren esparruan ekintzailetza bultzatzea.
- Industriaren etorkizunaren berme gisa Lanbide heziketa eskaintza inguruko enpresen behar berriei egokitzea.
Merkataritzak, halaber, garrantzi berezia du Tolosan, lanpostuak sortzeaz gain, herriko kaleak bizirik mantendu eta inguruko herritarrak gurera erakartzen ditu. Hori aintzat hartuta, EAJ-PNVk ondorengoa proposatzen du: Tolosa&co elkartearekin hitzarmena sendotzea elkarrekin eta elkarlanean fidelizazioa eta lehiakortasuna lantzeko batetik, eta belaunaldi eskualdaketa eta Singular Dendak eta Gune Biziak babesten jarraitzea merkatal lokal hutsak merkaturatu eta merkatal paisaiari jarraikortasuna emateko bestetik.
“Lehen sektorearekiko zein landa eremuekiko dugun konpromisoari jarraiki, nekazal jarduera errazteko Hirigintza Plan Orokorrean jasota dauden oztopoak bideratuko ditugu”. “Horrez gain, baserri bideak hobetzeko planarekin jarraituko dugu, beharrezko azpiegiturak bermatuko ditugu eta landa auzoetako bizi kalitatea hobetzeko ekimen berriak sustatuko ditugu auzotarren partaidetza oinarri hartuta”, adierazi du alkategaiak. “Tolosako azoken ekosistema osatzen duten ekoizle, saltzaile eta bezeroen beharrei erantzungo diegu eta azokaren etorkizuna bermatze aldera, sortzen diren erronka berriak bideratuko ditugu; horretarako, ekoizteko eta merkaturatzeko kudeaketa profesionalean laguntza eskainiko dugu eta NIREA konpromisoaren baitan tokiko produktuen balio erantsia sustatuko dugu”, gehitu du Peonek.
Amaitzeko, turismo jasangarria sustatzeko eta turismoa Tolosa zein tolosarrentzat aukera gisa indartzeko, hiriaren kanpo proiekzioa lantzen jarraitzeko konpromiso irmoa azaldu dute jeltzaleek. Horretarako, besteak beste, turismo bulego berria zabalduko dute.