Egungo diputatu nagusia Irunen “egonkortasuna, akordioak eta etorkizuna indartzearen alde” azaldu da gaur Bidasoako hirian
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Egungo diputatu nagusia eta EAJ-PNVren hautagaia ardura horretarako, Markel Olano, Irunen “egonkortasuna, akordioak eta etorkizuna indartzearen alde” lan egiteko konpromisoa hartu du gaur eta horretarako “kudeaketa eraginkorra eta akordioak lortzeko gaitasuna” eskaini die hiritarrei. “Lurralde osoan egiten ari gara balio horien aldeko apustua eta Irun ezin da bihurtu salbuespena, ezin da bilakatu kudeaketa eraginkorrik eta akordiorik gabeko salbuespena”, azpimarratu du Olanok.
Egungo diputatu nagusiak adierazpen hauek egin ditu EAJ-PNVren Irungo alkategai Xabier Iridoyrekin batera egindako ekitaldi politikoan. Bertan, amaitzear dagoen legealdian egindako kudeaketa lana eta martxan jarritako gobernantza eredu berria defendatu ditu, Jose Antonio Santanoren egungo udal gobernuak erakutsi dituen forma eta estiloarekin alderatuz.
Olanok aipatu du, azken hauteskunde orokorrak gogoan, “mobilizazio handia” gertatu zela eta, horren ondorioz, EAJ-PNVk “babes izugarria” jaso zuela “Euskadiko interes orokorra defendatzen duelako, eta baita ere kudeatzeko eta akordioetara iristeko gaitasuna daukalako”. “Izan ere –azpimarra jarri du diputatu nagusiak–, egonkortasunaren ikur da gaur egun EAJ-PNV eta herritarrek konfiantza dute gure alderdiarengan. Halaxe erakutsi zuten, baita ere, Irungo hiritarrek, apirilaren 28an eman ziguten babes zabalarekin”.
Horregatik guztiagatik, diputatu nagusirako hautagaiak dei egin die Irungo gizon-emakumeei bat egin dezaten EAJ-PNVk lurralde osoan egiten ari den apustuarekin, zeinek oinarrian dituen “kudeaketa eraginkorra eta akordioa”. “Irun ezin da bihurtu salbuespena, kudeaketa eraginkorra eta akordioaren aldeko apustu horretan. Irmoki adierazi nahi dut egonkortasuna, akordioak eta etorkizuna indartzeko premia duela Irunek eta horren alde egingo dugula”, osatu du.
Egonkortasuna ala iraganera itzulera
Irungo San Juan plazan egindako adierazpenetan, Olanok gogorarazi du zein egoeratan zegoen lurraldea orain dela lau urte, Bilduren agintaldiaren ondoren EAJ-PNV Foru Aldundiko gobernura iritsi zenean. Gipuzkoa “tentsio betean, etengabeko liskarrean” kokatua zegoen, “gizartetik aldenduta eta kudeaketa desegoki” batekin ziharduten erakunde batzuekin. “Legealdi honetan kudeaketa egokia, egonkortasuna, akordioak eta gizartearekiko gertutasuna izan dira nagusi. Gipuzkoar gizartea jabetzen da horretaz”, iritzi eman du.
Laburbilduz, diputatu nagusiak nabarmendu duenez, EAJ-PNVk herritarren “emandako hitza bete” egin du. Baita Irunen ere, non bere garaian “hartutako konpromiso guztiak %100ean bete diren. Batetik, aipatu du Arbesko egoitzaren eraikuntza proiektua dagoeneko lehiaketa publiko fasean dagoela eta, beraz, obrak datorren udazkenean hastea aurreikusten dela. Gaur bertan Gobernu Kontseiluak behin betiko pausoa eman du eraikuntzaren hasierara bidean, proiektua bere osotasunean lizitatzearekin bat –proiektuaren idazketa, eraikuntza, ekipamendua eta zentroaren ustiapena–. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 289 milioi eurokoa da eta gehienez ere 26 urteko ustiapen fasea aurreikusten du, non kontuan hartzen diren zentroaren mantenimendua eta kudeaketa. Bestetik, Hego Ingurabidea, zeinen eraikuntza joan den otsailean abiatu zen AP-8ko lotune erdiarekin batera.
Horrez gain, Olanok goraipatu du azken legealdi honetan lurraldearen “etorkizuna eraikitzeko oinarriak” jarri direla Gipuzkoan, beti ere “gizartearekin elkarlanean”. “Helburu horretarako tresna nagusia” Etorkizuna Eraikiz programa izan da eta, honen bitartez, “gure industria eta ekonomia trakzionatzeko eta, beraz, enplegu gehiago eta hobea sortzeko gaitasuna duten sektore berrietan” erreferentziazko zentroen sorrera sustatu da. Horrela, elektromugikortasuna, zibersegurtasuna, zahartzaro osasuntsua eta gastronomia digitala sustatu dira, besteak beste, oinarri horren gainean etorkizuna irabaziko duen lurraldea eraikitzen jarraitzeko, non pertsona guztiek izango dituzten “aukerak, lanpostu duin bat eta ongizate egoera aurreratu bat”.
Egindako apustu horiek tarteko, Olanok gogoeta egin duenez, igandeko hauteskundeetan “asko dago jokoan” eta herritarrek bi aukeren artean hautua egin beharko dute. “Gipuzkoak bi ereduren artean aukeratu beharko du: EAJ-PNVk eskaintzen duen egonkortasuna eta akordioa, ala iraganera itzultzea ezker abertzalearen eskutik”, laburbildu du.
Xabier Iridoy, Irunen beharrezko aldaketa
EAJ-PNVren hautagaiak, Xabier Iridoyk, bere “konfiantza eta ilusioa” azaldu du, ia bi astetan zehar bere hauteskunde programa eta hiri proiektua herritarrekin partekatu ostean. “Etorkizuneko proposamenez betetako programa da gurea, Irun haizeberritu nahi duena, beharrezko aldaketa batekin. Urtez urte itzaltzen joan den identitate hori berreskuratu nahi dugu, betiko Irunen nortasuna, berriro ere Irun betiko Irun izan dadin, guztiok harro sentiaraziko gaituen hiria”, baieztatu du.
Iridoyren esanetan, Irunek “etorkizuna du eta lehen mailako aukerak” izan ditzake, baina horretarako “kudeaketa eraginkorra” behar du, “benetako apustua eta akordioak desberdinekin lortzeko gaitasuna”, bai erakundeekin, bai beste talde politikoekin eta baita irundarrekin ere. “Horretan, EAJ-PNV bermea da, urteetan erakutsi dugu. Ez dut zalantzarik, Irun indartsu bat bermatzeko etorkizun onena EAJ-PNV da. Nire konpromisoa Irun da”, aipatu du.