Era berean, Igartza Musika Programaren baitan kultur eskaintza zabaltzea, euskararen erabilera indartzen jarraitzeko ekimen berriak sustatzea eta kirol aukera berriak sortzea ere funtsezkoa izango da datozen urteei begira. Modu honetara Aldasoro alkategaiak ekindako bideari jarraipena eman nahi dio eta herritarrei aukera berriak eskaini, Beasain herri bizia izan dadin.
Legealdi honetan bezalaxe, datorrenean ere nortasunari lotuta, euskara eta kultura sustatzea eta kirol aukera berriak sortzea lehentasunezkoa izango da EAJ-PNVrentzat. “Gure helburua da gure nortasuna indartu eta balioan jartzea eta herritarrei aukera berriak eskaintzea kultur, kirol eta euskara alorretan Beasain herri bizia eta dinamikoa izan dadin eta proposamen zehatzak ditugu horretarako” aitortu du Aitor Aldasoro alkategai jeltzaleak.
Alkateagaiak azaldu duenez, “legealdi honetan dantzan eta musikan jarri dugu azpimarra eta datorren legealdian proiektu horiek sendotu eta indartuko ditugu”. “Euskal dantza Beasainen errotzeko Dantzan.eus-ek egindako proiektuaren haritik, Bonberia eraikina dantzaren kokaleku bihurtzea da gure proposamena, euskal dantzaren tradizioa babesten jarraitzeko”. Proiektua dantza taldeekin landuko da eta Arana kalearen eta Gipuzkoa plazaren artean eraiki nahi den zubiarekin, eremu guztia biziberritu eta eraldatzea dute helburu jeltzaleek.
Elkarteekin elkarlana areagotzeko eta herriko taldeen kultur jarduera babesten jarraitzeko konpromisoa ere hartu du Aldasorok. “Kultur eskaintza zabalduko dugu Igartza Musika Programaren baitan eta herriko jaietan pertsona helduentzako ekitaldiak edota guneak sortzeko aukera aztertuko dugu” gaineratu du.
Euskarari dagokionez, erabilera indartzen jarraitzeko, legealdi honetan abiarazitako ekimenek jarraipena izango dute: Hizkuntza Errefortzu Zerbitzua, Euskara Kirolean, Bikain Ziurtagiria, Udaleku itxiak… eta berriak jarriko dira martxan, kirolean egin bezala, aisialdian eragiteko eta udal barruan ere euskararen erabilera areagotzeko.
Kirol eta aisialdirako aukera berriak:
Kiroldegian inbertsio berriak egitea proposamen du EAJk herritarrei kalitatezko kirol espazioak eskaintzeko eta bereziki, erabiltzaileak goxatzeko: saskibaloi kantxa, futbol zelaiko aldagelak…. Halaber, eremu berriak ere sortuko dituzte: pump-track, paddle, tenis, squasherako espazioak eta Igartzako belarra aldatzeko urratsak ere egingo dituzte. “Legealdi honetan kirol jarduera ezberdinak sustatu ditugu, hala nola, futbola eta bereziki, emakumeen Goierri Gorri taldea; saskibaloia, atletismoa, herri kirolak, arku tiraketa, xakea… horiez gain, datozen urteetan Euskadi Fundazioarekin eta Txirrindularitza elkartearekin txirrindularitza indartzea eta kirol hau praktikatzeko eremuak sortzeko aukera aztertzea da gure proposamena; eta Udalaren babesarekin, herriko taldeek martxan jarritako ekimenak, Motor Festa adibidez, babesten jarraitzeko borondate osoa dugu” azaldu du Aldasorok.
Etxeko txikienei begira, alkategaiak adierazi du haur jolastokiak berrituko dituztela eta beste batzuk estaltzeko eta haur jolastoki guztietan jolas inklusiboak ezartzeko aukera aztertuko dutela.
Amaitzeko, herri nortasuna indartzeko herri marka edota irudi korporatibo berria sortzea eta Beasaingo Ibilbideak egitasmoa martxan jartzea proposatu du Aldasorok. “Herri erdigunearen eta landa auzoen arteko elkar ezagutza sustatzeko, eta gure eremu naturalak eta gure herria balioan jarri eta ezagutzera emateko ibilbideak sortzea aukera bikaina iruditzen zaigu, horiek APP berrian ere iragarri ditzakegu, gainera, herri marka berriaz lagunduta” esanez amaitu du EAJren alkategaiak gaurko agerraldia.