Bilbo kulturaren nazioarteko hiriburu bihurtu nahi du Juan Mari Aburtok

Beste hainbat proiekturen artean, Kultura Plan berria abiarazi, Arte Ederren Museoa eta Euskal Museoa handitu, Arriaga Antzokiaren ekoizpen propioa sustatu, auzoetako kulturgintza areagotu eta Guggenheim Museoarekiko loturak indartuko direla aurreratu du

Bilbo kulturaren nazioarteko hiriburu bihurtu nahi du Juan Mari Aburtok 18Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 18 |
Bilbo

PARTEKATU

Juan Mari Aburto Bilboko Alkate eta EAJ/PNVren berrautaketarako hautagaiak argi utzi du gaur, datozen lau urteotarako bere erronka “Bilbo kulturaren nazioarteko hiriburu bihurtzea” dela. Adierazpen hauen aurretik, Aburtok gogoratu du azken agintaldi honetan lan handia egin dela Bilbok auzo guztietara zabaldutako kultur jarduera zabala izan dezan, BILBAO KULTURA 365 delakoaren bitartez. “Lan honi esker –esan du– egunero hirian zerbait egotea lortu dugu, eta urtean, guztira, 2.000 kultur ekitaldi baino gehiago antolatzen dira Udalaren babespean”. 

Bilbo nazioarteko kulturaren hiriburu bihurtzeko ahaleginarekin batera, modu integralean eta ikuspegi bikoitzetik abiatuta egin nahi duela aurreratu du: “Herritarren gozamenerako eta hazkunde pertsonalerako tresna bezala eta bertako ekonomia dinamizatzeko jarduera bezala. Izan ere, kultura ere ekonomiaren eragilea da” 

Horretarako, hautagai jeltzaleak hauteskunde-programan jasotako proiektu batzuk aipatu ditu:

  • Asmo handiko Kultura Plana abian jartzea, Bilboren nazioarteko irudia proiektatzeko.
  • Bilboko Arte Ederren Museoa handitzea
  • Euskal Museoa fisikoki handitzea eta ikuspegi museistiko nahiz museografikotik eraberritzea.
  • Bilboko Udalaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren arteko loturak indartzea eta Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoaren protagonismoa sustatzea.
  • Arriaga Antzokiaren ekoizpen propioa eta nazioarteko proiekzioa bultzatzea.
  • Jarduera eta ekitaldi gehiago antolatzea Barrutietako Udaltegietan eta auzoetan.
  • Gure nortasunaren ezaugarriei lotutako kultur eskaintza sustatzea.

Kirola

Kultura arloko jarduketekin batera, hautagai jeltzaleak kirolaren arloan aurreikusita dauden ekimenak ere aurreratu ditu Azkuna Zentroaren ondoan egindako ekitaldian, izan ere, hiriko instalaziorik ezagunenetakoa bihurtu den ekipamendu honek leku bakar batean biltzen ditu artea, sormena, kultura, zinema... eta kirola. “Txanpon beraren bi aldeak bezalakoak dira –esan du–, Euzko Alderdi Jeltzaletik Bilborako zehaztu dugun helburu nagusiarekin estu-estu lotutakoak: pertsonak eta hauen bizi-kalitatea eta ongizatea”. 

Ildo horretan adierazi du Bilbo aisialdi osasungarriaren erreferente ere bihurtu nahi duela, “kirol instalazio merkeak eta kalitatezkoak adin guztietako pertsonen eskura jarriz”. 

Beste hainbat neurriren artean, Plan Estrategikoa landu eta Etxetxua Plazako Pabilioirako kirol-erabilera berriak diseinatuko direla iragarri du, espazio publikoan dauden kirol ekipamenduen eskaintza handituz, igerileku estaliak uztailean irekitzeko programa pilotua abian jarriz eta Atxuriko Kiroldegia handitzeko aukera aztertuz, besteak beste. 

Aburtoren esanetan, garrantzi handiko erronkak dira hiri osoarentzat: “kultur jarduera gehiago urteko 365 egunetan gure zentro eta instalaziorik garrantzitsuenetan, baita auzoetan ere; kulturaren nazioarteko mapan kokatuko gaituzten ekintzak erakarriz, Arriaga Antzokiaren ekoizpen propioa sustatuz, Azkuna Zentroarekin, Guggenheim Museoarekin, Euskal Museoarekin, Arte Ederren Museoarekin… Bilbo mundu-munduan!”.

Interesatu Zaitez