Lehendakariak Bergaran berretsi du talde jeltzaleak enpleguaren alde egiten duen apustua, “gizarte kohesioaren faktore gisa”, “balore etikodun proiektua” aurkeztearen garrantzia nabarmendu du eta Euskadiren nazio aitortza aldarrikatu du
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Iñigo Urkullu Lehendakariak EAJ-PNVren jarduna inspiratzen duen gizarte konpromisoa jarri du maiatzaren 26rako kanpainaren erdian. EAJ-PNVk Bergaran egin duen ekitaldi politikoan hitz egin du gaur, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentearekin, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta berrautaketarako hautagai jeltzalearekin eta Elena Lege Debagoienako herri horretako zerrendaburu jeltzalearekin. “Garrantzitsuena da defendatzen dugun ideario sozial hori, pertsona guztiek bizitza bete eta duina izan dezatela”, baieztatu du Urkulluk.
Lehendakariak esan du enplegua dela “gizarte kohesioaren faktorea” eta talde jeltzaleak lanpostu berriak sortzeko egiten duen apustu erabakigarri eta zuzena egiaztatzen duten datuak eskaini ditu. “Gure proiektua da ekonomiaren eta enpleguaren alde egiten den indarren batuketa: lehiakortasun ekonomikoa; industria aurreratua; etengabeko prestakuntza; sare industrialerako teknologia. Emaitzak: 2017an okupazio tasak %70 a gainditu zuen; 2018an langabezia %10,3ra jaitsi zen; txirotasun arriskua 4,9koa da Euskadin eta 6,4koa Europan; duela bost urte Euskadin 871.000 pertsona zeuden Gizarte Segurantzan, gaur 963.000 dira. Bost urte eta 92.000 pertsona gehiago lanean. Ez da nahikoa. Bide beretik jarraituko dugu. Enpleguz enplegu. Pertsonaz pertsona”, baieztatu du.
Urkulluk era berean azpimarratu du maiatzaren 26an hiritargoari baloredun proiektua eskaintzeak duen garrantzia. “Elkartasuna eta gizarte justizia eskaintzen duten baloreak; emakume eta gizonen arteko berdintasuna; esfortzuaren, ingurumenarekiko erantzukizunaren eta klima aldaketaren kontrako borrokaren kultura; gardentasuna eta zintzotasuna; gizabanakoaren eta taldearen etika”, esan du. “Konpromiso etikoa. Iraganaren memoria kritikoa. Bake kultura. Elkarbizitza. Min bidegabea aitortzea. Herri honetan gertatu dena ez da sekula gehiago gertatu behar”, gaineratu du Urkulluk. Eta “garrantzizko gauzen artean”, Lehendakariak era berean sartu du Euskadi nazio gisa aitortzea. “Garrantzitsuena da gure Autonomia Estatutua defendatzen jarraitzea, Euskal autogobernu berezia. Garrantzitsuena da Estatu eredu berri bat defendatzea, Euskadiren nazio aitortza eta gure Autogobernu berezia aitortzea. Hori da garrantzitsuena”. Horregatik guztiagatik, euskal hiritargoari galdetu dio M-26ko abstentzioak “garrantzitsuena indartu edo ahulduko ote duen”.
Bere aldetik, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagai den Markel Olanok EAJ-PNVren alde ekonomian jarri du azpimarra, Aldundiak legealdi honetan garatutako estrategia industriala nabarmenduz. Esan duenez, egiteko modu honi esker Gipuzkoa sendotu egin da. Honela, azpimarratu du EAJ-PNV dela “estrategia industriala duen aukera politiko bakarra”. “Estrategia hori da gure seme-alaben etorkizuna bermatu dezakeen bakarra. Ondorioz, datorren igandean etorkizunaren edota iraganera itzultzearen artean aukeratu beharko dugu”, adierazi du.
Iraganaren ideia honetan sakonduz, hautagai jeltzaleak esan du “kudeaketa txarrak” eta “inposizioak” aurreko legealdiaren bereizgarriak izan zirela, ezker abertzaleak lurraldeko erakunde nagusiak gobernatu zituenean. “Etengabeko liskarra genuen duela lau urte bai Gipuzkoan zein Bergaran, eta Seminarioa edota hondakinen kudeaketa ditugu honen adibiderik onena”, gogoratu du. Egoera hau azken lau urtekoarekin alderatu du gero Olanok, “aldaketaren eta akordioaren legealdiarekin”. Honela, gogoratu du agintaldi honetan Bergarako autobidea bezalako proiektuak desblokeatu direla, edota krisi ekonomikoaren gordinena gainditzea lortu dela. “Gainera, akordioaren, elkarlanaren eta gizartearekiko konfiantzaren aldeko apustu irmoa egin dugu, eta Etorkizuna Eraikiz proiektua da honen adibiderik argiena”. Olanok azaldu du marko honetan lurraldearen etorkizunarentzako berebiziko garrantzia duten gaiak lantzen hasi direla, hala nola, zahartze osasuntsua, emakume eta gizonen arteko berdintasuna edota ekonomia berriaren oinarriak ezartzea.
EAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek, bere aldetik, aldarrikatu du EAJ-PNV dela Euskadirentzako proiektua daukan aukera politiko bakarra, eta gehitu gainerako alderdiek ez dutela honen aurrean alternatiba ez politiko ez sozialik: “Guk egiten duguna kopiatu, imitatu edo gainditzen saiatu daitezke, baina betiere EAJ-PNVk eraiki duen egituraren barruan”, esan du. Proiektu jeltzalea “imitatu” eta “tuneatzeko” saiakera honen aurrean, Egibarrek aldarrikatu du “EAJ-PNV ezin dela imitatu, oinarriak politikoak baitira; konpromiso etiko, politiko eta demokratikoaz hitz egiten dugunean ez gara orri batez ari, EAJ-PNVren posizionamendu integral batez baizik; lehen unetik, belaunaldiz belaunaldi, pertsona guztien giza eskubideen aldeko posizionamendu argia, edozein dela ere egoera eta kondizioa, giza eskubidea zatiezinak baitira; eta konpromiso demokratiko eta politikoa egingarri diren bideetatik”. “Beraz, imitazio gutxiago, kamuflaje gutxiago, eta egiazkotasun gehiago, akordioak erdietsi eta elkar ulertzeko aukera gehiago”, eskatu dio ezker abertzaleari.
Honela, arduradun jeltzaleak gogoratu nazio eraikuntza eta eraikuntza soziala bere alderdiak aldezten duen eredu sozioekonomikoaren “txanpon berearen bi aldeak” direla, nahiz eta Euskadik oraindik ere ez dituen erreminta guztiak eskura, ez baititu Estatu baten eskumenak. Hala ere, esan du EAJ-PNVk proiektu sozioekonomiko hau garatzen jarraitzeko “dagoen berme bakarra” dela esan du, “ardatz nagusia baikara”. Hau guztiagatik, azken ahalegina eskatu du eta kanpainaren azken astean mobilizaziorako deia egin du, EAJ-PNVren jarraitzaileei “egunean gestio” bat egiteko eskatuz: pertsona bat konbentzitzea alderdi jeltzalea bozkatzeko. “Hau eginez, sei edo zazpi aldiz biderkatuko dugu gure indarra. Eta ez ahaztu boto bakoitzak duen indarra, estrategiak sendotu eta Herri honek aurrera egiten jarrai dezan behar dugun indarra lortzeko”.
Azkenik, Elena Lete alkategaiak ohartarazi du Bergarak ezin duela “trofeoa” izan ezker abertzalearentzako: “Bergarak ezin du atzera egin, Bergara ezin da duela lau urte zuen egoerara itzuli. Bere etorkizunari heldu behar dio, ez iraganari, istiluei eta noraezari. Bergara ez da trofeo bat, eta ez da iraganera itzuliko, aurrera egingo du”. Horretarako EAJ-PNVren eredua aldarrikatu du, bere eskutik lau urte hauetan udalerriak “aldaketa nabarmena” eman duelako. “Badakizu zergatik? Herritarrei entzuteko gaitasuna eta kudeaketarako gaitasuna izan dugulako. Hori da EAJ-PNV Bergaran ere: kudeaketarako gaitasuna, lankidetzarako gaitasuna eta akordioak erdiesteko gaitasuna”, nabarmendu du.