Durangon egin den ekitaldi politikoan, Andoni Ortuzarrek euskal hiritargo osoari adierazi dio “asko dagoela jokoan” eta igandean aukeratu beharko duela “iragana, protesta eta eragozpenen” edo “etorkizuna eta EAJ ereduaren proposamen eta akordioen artean”
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur Durangon zabaldu duen mezua sinplea bezain argia izan da “maiatzaren 26an herritarren parte hartze handia eman dadila eskatzen dugu. Bakoitzak bozka dezala nahi duena, baina bozkatzera joan dadila. Zenbat eta boto gehiago, orduan eta hobeto demokraziarentzat”, esan du jeltzaleen buruak, eta gogoratu du egun horretan jokoan dagoena “Durangon, Durangaldeko herri bakoitzean, Euskadiko herri bakoitzean: iragana edo etorkizuna; protestak edo proposamenak; eragozpenak edo akordioak; Pancho Villaren ejertzitoa edo Euzko Alderdi Jeltzalea. Hori da jokoan dagoena, hainbat lekutan bi aukera baino ez daudelako”. Ortuzarrek Landakon hitz egin du gaur- “gure Herriaren suspertze kulturalaren sinboloan, baina baita Durango berriaren suspertzearen sinboloan”- Izaskun Bilbao Barandica Europako Parlamentuko diputatu jeltzale eta CEUS-Europa Solidarioaren aldeko Koalizioaren zerrendaburuak ere hitz egin duen ekitaldian. Gainerako hizlariak izan dira Bizkaiko ahaldun nagusi eta berrautaketarako hautagai Unai Rementeria eta Durangoko alkategai jeltzale Mireia Elkoroiribe; eta gainera, Iñigo Urkullu Lehendakaria ikusleen artean egon da mitinean.
Maiatzaren 26an gehiegi ez lasaitzea eta konfiantza handiegia ez izatea eskatu die Ortuzarrek alderdikide jeltzaleei eta EAJrengan konfiantza duten guztiei. “Lehenengo inkestek emaitza onak ematen dizkigute, baina kontuz gehiegi lasaitzearekin. Ba al dakizue inkestek zertarako balio duten? Gainditzeko. Hori izango da gure lana hemendik eta hauteskundeak egin arte: ematen dizkiguten aurreikuspenak gainditzea eta parte hartze erraldoia eman dadila eskatzea. Guk ez dugu beldurrik. Botoek ez digute beldurrik ematen. Alderantziz: zenbat eta jende gehiagok bozkatu, orduan eta hobeto. Hobeto demokraziarentzat eta hobeto EAJrentzat. Apirilaren 28an ikusi genuen. Beraz, alderdikideok, mugitzea tokatzen zaigu orain. Horregatik, argi eta garbi esaten dugu datorren igandean, maiatzak 26, asko dugula jokoan”. Eta jokoan dago, nagusiki, Euskadik EAJ-PNVren eskutik aurrera egiten jarraitzea edo inposizio eta kudeaketa ezin okerragoko denboretara itzultzea, Euskadiko geografian hainbat tokitan bizi dutena.
“Begiratu bestela azken datuak”, esan die Ortuzarrek Landakon batu direnei. “Hazkunde ekonomiko handiagoa, industria gehiago, esportazio gehiago, inbertsio gehiago, enplegu gehiago. Lehendakariak esaten duen moduan, enpleguz enplegu, egunez egun. Politika ekonomiko serioarekin, denboran iraunkorra, enpresarengandik hurbila; inbertsioa, berrikuntza eta esportazioak bultzatuko dituen politikarekin; ekintzaileei, merkatariei, pertsona autonomoei zuzendutako diru-laguntzekin. Hori da benetako politika ekonomikoa, aberastasuna sortzen duena, enplegua sortzen laguntzen duena, pertsonei zuzendutako oinarrizko zerbitzuak. Hori da Euzko Alderdi Jeltzalearen aldetik ikusiko duzuen benetako politika. Konpromisoa mugikortasun berriarekin. Konpromisoa garapen iraunkor eta jasangarriarekin. Lehentasuna klimaren aldaketaren kontra. Lehentasuna emakume eta gizonen arteko berdintasun politikekin. Benetako politikagintza”, baieztatu du. “Eta gu horretan ari garen bitartean, Euskadik aurrera egin dezan, gainerakoak beren gauzetara daude, EAJ boteretik ateratzeko asmotan. Kontua da beste horiek guztiak gure kontra dabiltzala. Egunero leporatzen digute gauza bat eta kontrakoa. Horrek erakusten du erreferenteak garela, lidergoa dugula, garaitu behar den aurkaria garela”, baieztatu du.
Izaskun Bilbao Barandicak bere aldetik nabarmendu du Durango bezalako herriak Europarentzat garrantzitsuak direla beren betiko baloreei eusten dietelako. Europako diputatu jeltzalearen ustez balore horiek ezinbestekoak dira aniztasuna finkatzeko “politikagintza onaren helburuetako bat da”. Horregatik eskatu du Europako hautestontziak EAJ-PNVren botoekin betetzea “ baloredun garapenarekin hitzemandako ahotsa, aniztasuna bateratzearekin, euskararekin eta Herri osoarekin, garenarekin eta izan nahi dugunarekin, alegia”, aurreratu du. Halaber, gatazkaren eredua “elkarrizketa, akordioa eta politikaren” ereduarekin alderatu du, Lehendakariaren Argitasun Zuzentarauaren funtsarekin, hain zuzen. “Gure hauteskunde egitasmoan jasota dagoen ideia”. Ildo beretik ekarri ditu gogora Europan gutxiengo nazionalen eta hizkuntza gutxituen eskubideak defendatzeko egin diren beste lan batzuk eta zentzu berean Europa Sortzailea programan egin direnak euskaraz eginiko kultur produkzioek Europako Batasunaren babesa izan dezaten “eskari hori babesteko aipatu genituen Durangoko Liburu eta Diska Azoka eta ‘Handia’, ‘Amama’ edo ‘Loreak´ pelikulak”.
Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaiak, Durangon azaldu ditu kanpainako lehen zazpi egunetan aurkeztu dituen proiektuak. Lehenengo eta behin, `Bizkaia gara´ boluntarioen gizarte sarea, ‘on line’ ataria eta toki merkataritzako profesionalak trebatzeko akademia; Bizkaia Dorrean enplegu eta jarduera ekonomikoa suspertzeko egingo den nazioarteko ekintzailetza zentroa; eta, mugikortasun alorrean, Durango, Amorebieta-Etxano eta Erletxes lotuko dituen bidegorri berria. “Gauza horietara gaude gu, garrantzizko gauzetara. Beteta dauzkagu proiektuen orria eta eman diren zerbitzuen orria. Duela lau urte ez zegoen Gerediaga-Elorrio saihesbidea. Berdin gertatzen da Ermuako saihesbidearekin, Autzaganeko tunelarekin, bidesarien tarifa lauarekin, arreta integrala emateko bulegoak Gernika, Bermeon eta Durangon, atletismo pista…. Hori da seriotasuna”. Ildo beretik eta amaitzeko gogoratu du hilaren 26an erabakiko dela “nola bizi garen eta nola bizi nahi dugun”. “Bestela bizi gara bestela bozkatzen dugulako eta bestela bozkatzen dugu bestela bizitzeko; horregatik bozkatu beharra dago EAJren alde”, baieztatu du.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkategai jeltzaleak bere aldetik aurreratu du Durangoren alde “oinpekoari” emango diola “bere indar guztiekin eta ilusioa sortzen duen proiektuarekin”. Elkoroiribek azpimarratu du bere udalerria Euskadiren bihotzean dagoela “Euskadiko zero kilometroan gaude; ondo konektatuta gaude, kokapen estrategikoa dugu eta aprobetxatu egingo dugu” eta lagunduko du Durango “mugikortasunaren, garapen iraunkorraren edo gastronomia osasungarriaren hiriburu bihurtzen”. Ildo beretik baieztatu du EAJ-PNV “martxan” dagoela eta hiritargoari eskatu dio ilusioarekin bozkatzea, Durangok aurrera egin dezan: “Txirringa gainean, erori barik jarraitzeko, oinpekoari eman behar zaio. Jokoan dugu aurrera egitea edo txirringatik jaistea. Eskualde mailan liderra eta Europan erreferentzia izango den Durango herria nahi dugu eta, horretarako, konfiantza osoa behar dugu, EAJ-PNVren aldeko boto guztiak. Durango hobea lortzeko botoak! Elkarrekin aurrera egiteko botoak!, amaitu du.