Rafael Bergaretxe: “Zenbait gairi lehentasuna emango diegu, hala nola, Hondakinen kudeaketa, elkarbizitza, Urkabe Baita, garraio publikoa hobetzea, aparkalekuak, gazteria eta adineko pertsonak”
“Oiartzun herri desberdina izaten jarraitzea nahi dugu, berezia, erakargarria, baina baita ere garai eta errealitate berriei egokitzeko gai dena, irekiagoa eta soluzioak bilatzen dakiena”. Hori adierazi du gaur arratsaldean Rafael Bergaretxe EAJ-PNVren Oiartzungo alkategaiak, alderdikide eta jarraitzaileen aurrean eginiko udal hauteskunde programaren aurkezpen ekitaldian. Hautagai jeltzaleak nabarmendu duenez, Oiartzunek baditu aurrean “erronka handiak, eta “luzamenduetan ibili gabe ekin beharrekoak”. Horretarako, jakinarazi du “anbizio handiko programa egingarria” dutela, herritarrekin “elkarlanean gauzatzekoa”, zenbait gairi “lehentasuna emanda”, hala nola,“Hondakinen kudeaketa, elkarbizitza hobetzea, Urkabe Baita, garraio publikoa hobetzea, aparkalekuak, gazteriarentzako aukerak handitzea eta adineko pertsonen arreta nahiz ongizatea handitzea”.
Era berean, Bergaretxek azpimarratu du Oiartzun “indartsua nahi dugula, bai ekonomikoki bai sozialki”. Gaineratu du, hala ere, Oiartzun indartsu hori, “herritarren eskutik, elkarlanean eta elkarrekin” eraiki nahi dutela, “oiartzuarron ongizatea handitu eta herrian ditugun arazoei konponbidea eman diezaiegun”. Jarraian, udal hauteskunde programaren ardatz nagusiak azaldu ditu, zerrenda osatzen duen lan taldea ondoan izan duela.
OIARTZUNGO EAJ-PNVren UDAL PROGRAMA
1. ELKARBIZITZA ETA HERRITARREN ARTEKO, UDALAREN ETA HERRITARREN ARTEKO HARREMANAK ERRESPETUZ ETA GIZALEGEZ BERRITU ETA ONERATU
Konpromisoa hartzen dugu elkarren arteko errespetuan eta bakean harremanak eta elkarbizitza hobetzen eta berritzen ahalegintzeko, gure herriko erakundeetan demokrazia arau eta lege dugula, gure buruaren jabe garela eta elkartasun beharra aintzat hartuta. Zer konpondu asko dugu, herritar guztion arteko giroa berregiten lana badugu.
2. “URKABE BAITA” OIARTZUAR GUZTIONTZAT
Urkabe Baita ireki eta parke publiko bihurtuko dugu. Orain dela hamasei urte udalak eskuratutako etxaldea da. Oiartzuar gehienontzat itxita egon da harrezkero, eta hala segitzen du. Batzuen batzuek, ordea, beren esku dute eta hala erabiltzen dute, nahi bezala, berek bakarrik. Urkabe Baita irekiko dugu eta parke publiko bihurtuko. Bada ordua.
3. HERRIKO KALE, PLAZA ETA IBILDIDEEI GARBI EUTSI ETA TXUKUN ZAINDU, ETA HORIEN ESTETIKARI ARRETA JARRI
Oiartzuarrok aski maiz begien aurrean duguna baino gure herriaren irudi hobea nahi dugu, eta horren alde egingo dugu lan. Herri garbiago eta zainduagoa nahi dugu.
Adierazpen askatasuna, bai; herriko bazterrak eta eraikinak bereganatu eta itsusteko estetikari, ez; sekula eta betiko pintadari ez; eremu publikoko pankarta, kartel permanenteei, ez. Propagandaz jositako toki eta ibilbide publikoak propaganda zarpail permanente hori gabe edukiko ditugu.
4. ORDUA DA ZABOR-BILKETAKO SISTEMA ERAGINKORRAGO ETA IRAUNKORRAGO BATERANTZ AURRERA EGITEKO
Gure herrian zabor sailkatze eta biltze maila handia da,… baina ongi dakigu hondakinen parte bat inguruko herrietako eduki-ontzietara ere bideratzen dela. Gainditu ditzagun Atez Ateko sistemak dakarzkien arazoak eta lorturak. Gurearen pareko udalak badira antzeko maila lortzen dutenak, Atez Atekoa baino sistema malguagoekin: organiko eta errefusarako txipdun ontziak. Horretara goaz.
5. GARRAIO PUBLIKOA: ERAGINKORTASUNA ETA IRAUNKORTASUNA HELBURU. PLAN BERRI BAT
Plan bat bultzatuko dugu inguruko herrietara eta Donostiara orain arte baino azkarrago ailegatzeko. Zerbitzua oso motela da eta eraginkortasun gutxikoa. Ibilbiderik luzeenetan –Pikabene, Pikabea 25, Elizaldetik Donostiara, edo Donostiatik Iturriotzera–50 minutu edo gehiago behar izaten dira, 12 edo 14 km. egiteko. Oiartzundik Donostiara 50 minutu!? ...EZ. Auzoak hobeki komunikatzeko Topoaren adar arin bat martxan jartzea bultzatuko dugu.
6. ADIN NAGUSIKO OIARTZUARRAK ONGI IZATEA ETA ZAINTZEA
Ardura eta kezka berezia dugu eta izango dugu herriko adin nagusikoei zor diegun arreta eta zaintzarekin. Udalak, udal administrazioak arreta eta zaintza zor die behar hori duten herriko zaharrei. Etxez etxeko laguntza zerbitzua eskuratzeko aukerak zabaldu eta zerbitzua hobetuko ditugu, Oiartzungo zaharrek beren etxeetan bizi izaten jarraitzea errazago izan dezaten. Era berean, eta Foru Aldundiarekin elkarlanean, zaharrentzat zaintzapeko etxebizitza sail bat eraikitzeko aukera aztertu eta bultzatuko dugu.
7. APARKATZEKO ARAZO HANDIAK ASKOTAN
Auzo batzuetan arazo handiak sortzen dira maiz: Elizalde, Ugaldetxo. Beharrezkoa da estudio bat egitea zer premia dauden, orduetan zer gorabehera dauden neurtzeko, eta, auzoetako arazoak arintzeko hartu behar diren erabakiak hartzeko.
8. TRAFIKOA ERA INTEGRALEAN HOBETU
Badira gure herrian oso puntu problematikoak: Lartzabal, Arragua, Talaiako biribilguneak, Ugaldetxoko bidegurutzea, Elizaldeko bariantea. Konpromisoa hartzen dugu estudio bat egiteko, eta Foru Aldundiarekin eta E. Jaurlaritzarekin elkarlanean, trafikoa berrantolatzeko, bai herriko bertako joan-etorrietarako, bai herritik kanporako. Alternatiba eraginkorrak bultzatuko ditugu: Ugaldetxo – Txikierdi lotura berri bat biribilguneak arintzeko, bariantea lurperatzea Elizaldea berriro Learre eta Urkaberekin lotzeko.
9. EUSKARA SUSTATUKO DUGU, ETA HERRITARREN HIZKUNTZA ESKUBIDEAK ZAINDUKO
Konpromiso garbia hartzen dugu udal-batzako ordezkari lanean lehentasunez beti euskaraz aritzeko. Konpromisoa hartzen dugu, era berean, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.
10. HERRITARREI ETXEBIZITZA ESKURATZEN LAGUNDUKO DIEGU, LEHENTASUNA EMANEZ ALOKAIRUKO ETXEBIZITZARI ETA GAZTEEN EMANTZIPAZIOARI.
Zaila eta nekeza gertatzen zaie gazteei etxebizitza eskuratzea. Babes Ofizialeko Etxeak bultzatuko ditugu, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean; alokairukoak, gazteentzat, guraso bakarreko familientzat, 55 urtetik gorako langabetuak eta babesgabeko pertsonentzat.
11. ENPLEGU POLITIKA AKTIBOAK: LANA ETA GIZARTERATZEA. MERKATARITZA, NEKAZARITZA ETA OSTALARITZA USTIAPENEI LAGUNDU.
Enplegua lortzeko politika aktiboak bultzatu eta jarriko ditugu martxan; 55 urtetik gorakoentzat batez ere, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Era berean, erakunde horiekin berekin elkarlanean, merkataritza, ostalaritza eta nekazaritza ustiapenak bultzatuko ditugu, eta gurasoen jabetzatik seme-alabenera pasa daitezen bidea erraztuko.
12. “OIARTZUN IRUDIKATU 2020-2035” PLAN ESTRATEGIKOA
“Oiartzun Irudikatu 2020-2030” plan estrategikoa landuko dugu, garapen iraunkorra, eta errealitate berrien eta behar sozial berrien inguruan; bai eta, era berean, herriko adin nagusikoei zor zaien arreta, jarduera ekonomikoa, garapen urbanistikoa eta herritarren parte-hartzearen inguruan ere. Bultzada berri bat emango diegu gure herriko natura eta ingurumena zaintzeko politikei, mendi, baso eta larreak eta mendi-bideak zaintzeko politikei.
13. ARRAGUA: TOPOAREN GELTOKI INGURUA ETA GANBOXA KALEAREN AZPIKO OINARRIA
Bere garaian behar bezala bukatu gabeko tartea garbitu eta txukundu. “Betiko” geratutako “sare probisonalaz” itxitako sastraka eta sasi arteari gero eta zikinagoari bukaera egokia eta itxurosoa eman urbanistikoki eta auzotarren gogoko.
14. KULTURA, GAZTERIA, KIROLA ETA JARDUKETA FISIKOA
Herrian jarduera ludikoak, jolasa, kultura- eta arte-jarduerak berritu eta indartuko ditugu. Bultzatu eta lagunduko ditugu pertsona partikularren, elkarteen eta erakundeen ekimen eta ideiak kultura garatzea, artegintzan gero eta gehiago ikastea, espresio estetikoa dakartenean. Gazteleku bat sortuko dugu, Gipuzkoako beste herri batzuetan egin den bezala, adin jakineko gazteentzat jarduera egokiak egiteko behar adina toki eta baliabideekin. Gazteeentzako droga eta alkohol kontsumoari aurrea hartzeko programak indartu eta berritzea lehentasunezko helburua izango da EAJ-PNVrentzat. Aukerak eta egokierak zabaldu eta handituko ditugu adin guztietako oiartzuarrek jarduera fisikoa egin dezaten. Era berean, ohiko kiroletako kirolariei laguntzen jarraitzeaz gain, aukera berriak bilatu eta sustatuko ditugu. Nahitaez egin beharreko eskola kirolaz gain gazte guztiek, baina batez ere neskek, kirolari eta jarduera fisikoari eutsi diezaioten eta federatu daitezen bultzatuko dugu eta bide emango.
Amaitzeko, Bergaretxek,bere “esker ona” adierazi die Oiartzungo EAJ-PNVren zerrenda osatzen duten pertsona guztiei, Oiartzunen alde erakutsi duten “konpromiso irmoagatik, entzuten jakinez eta elkarbizitza bultzatuz”. Eta berretsi du “gure helburua oiartzuarron ongi izatea handitzea dela, eta herritarren zerbitzura ondo aritzea, beraien arazo eta kezkekin jakitun baikaude. Udaletxetik lehentasuna emango diogu herritarron arteko harremanak eta elkarbizitza errespetuz eta gizalegez berritu eta oneratzeko ahaleginari”.