EAJ-PNVk ‘on line‘ atari bat bultzatuko du Bizkaian merkataritza biziberritzeko

Ahaldun nagusirako hautagai Unai Rementeriak hainbat proiektu aurkeztu ditu gaur goizean egin den ekitaldian. Juan Mari Aburto Bilboko hautagaiak ere sektore hau balioan jartzeko beste hainbat ekimen azaldu ditu, besteak beste toki merkataritzaren Plan Integrala edo ‘Bilbo merkataritzaren hiriburua‘ proiektua

EAJ-PNVk ‘on line‘ atari bat bultzatuko du Bizkaian merkataritza biziberritzeko 13Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 13 |
Bizkaia
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Andonik arraindegi bat dauka Barakaldon. Nataliak arropa denda bat dauka Ermuan. Beste hainbat merkatarik egin zuten bezala, biek aspaldi adierazi zioten Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi eta berrautaketara aurkezten den hautagaiari toki merkataritzaren gaur egungo egoerak eragiten dien kezka. “Pertsona hauek merezi dute ahalegina egitea. Porrot bakarra litzateke ezer ez egitea , eta guk ez ditugu besoak sekula jaisten”, esan du Rementeriak sektore honekin hitzeman duen konpromisoa adierazteko. Bi egitasmotan gauzatzen den konpromisoa: Bizkaiko merkatarientzako ‘on line’ataria bultzatzea eta Merkataritzaren Akademia abian jartzea. Ekimen horiek biek partekatzen dute sektorea biziberritzeko helburua. Xede berbera dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak iragarri dituen ekimenak, Bizkaiko merkataritza sektorea balioan jartzera begira. Azken hauen artean dago Toki Merkataritzaren Plan Integrala egitea, neurri bereziak jasotzen dituena eta auzoetan arreta berezia jarriko duena, eta ‘Bilbo Merkataritzaren Hiria’ proiektua martxan jartzea “hiriburu komertzial gisa indartzeko eta ez soilik Bizkaian, baizik eta gure influentzia inguru osoan”, aurreratu du Aburtok.

Rementeriak abian jarri nahi duen ‘on line’ atariak erantzuten dio denda txikiek gaur egun daukaten arazorik handienetakoari aurre egiteko beharrari, hau da, Internet bidez egiten diren salmentei, hainbat merkatarirentzat erronka digitala oso zaila baita banaka aurre egiteko orduan: “Esaten digute dendan zerbitzua ematea bateraezina dela web guneko lanarekin, bakarrik ezin dutela”. Horregatik, erronka honi aurre egin ahal izateko ‘on line’ atari hau “erakusleiho digital bikaina izango da, Bizkaiko merkatariek eta produktoreek mundu osora saltzeko aukera izan dezaten”. “Internet ez da arerioa, aliatua izan daiteke”, adierazi du hautagai jeltzaleak. Eta iragarri du proiektu hau konektatuta egongo dela, gainera, Bizkaia Dorrean kokatuta egongo den nazioarteko ekintzailetza zentroarekin “ekintzaileekin eta teknologiarekin”, “Denon artean eginik zeozer ona irtengo delako. Ez dugu ezer galtzen, alderantziz, asko irabazi ahal dugu”.

Merkataritza ganbera beste tresna bat izango da sektoreak lehiakortasuna irabaz dezan Bizkaiko profesionalen gaitasunak hobetuta. “Prestakuntza da giltza, beti, merkatarientzat ere. Hobetzeko esparruak daude: digitalizazioa, gestioa, sustapena… Beren neurrira eginiko akademiak ere lagun dezake, hobe egiten lagunduko luke, lehiakorrago. Beraiek guztiak eta Bizkaia ere”, amaitu du Unai Rementeriak, tokian tokiko komertzioetan kontsumitzeko deia egin baino lehen, sektore hau direlako “argiz betetako auzoak, segurtasuna, enplegua, garbiketa; ekonomiaren atomoa dira”.

ABURTO, KONPROMISOA MERKATARITZARIK HURBILENAREKIN

Juan Mari Aburtok, Bilboko alkate eta berrautaketarako hautagaiak, gaur goizean azaldu du EAJ-PNVk Bilbon daukan asmo bakarra dela hirian jarduera ekonomiko berria bultzatzeko baldintzak eta aukerak sortzen laguntzea “enplegua eta etorkizuna, azken finean”, eta horretarako merkataritza lerro estrategikoa da “Bilbo hiri komertzial bikaina delako, aspalditik datorkiguna”, gogoratu du Alde Zaharraren eredua azaldu baino lehen “gure hiribilduaren bihotza eta sorburua da, merkatarien hiribildua historikoki”.

“Gure aurreko belaunaldiekin alderatuta, bestela kontsumitzen dugu eta ez dakigu datozenek nola egingo duten”, esan du “baina jakin dakigu aldaketa honek zuzenean eragiten diola merkataritzari”. Sektorea zaintzeko eta babesteko helburuarekin, Aburtok hitzeman du Toki Merkataritzaren Plan Integral berria egingo duela, arreta berezia auzoetan jarriz, eta neurri zehatz eta bereziak jasoko ditu lehiakortasuna hobetzeko, digitalizazioa eta berrikuntza bideratzeko, elkarteekin eta merkatariekin etengabe hobetzera begira. Halaber, alkategaiak era berean aurreratu du hurrengo agintaldian diseinatuko eta sustatuko direla hiriaren establezimendu berezien nortasuna balioan jartzeko ibilbideak eta Alde Zaharra merkataritza-gune gisa bultatuko dela. “Azken finean, ´Bilbo, merkataritzaren hiriburua´ proiektua abian jarriko dugu, gure kokapena hiriburu komertzial gisa indartzeko jarduerekin, eta ez soilik Bizkaia mailan, baizik eta gure influentzia inguru osoan, Bilbotik 90 minutura dagoen inguru osoan”, laburbildu du Aburtok.

Interesatu Zaitez