Europako Parlamentuan EAJ-PNVren diputatu eta CEUS Europa Solidarioaren aldeko Koalizioaren zerrendaburu jeltzaleak gaur berretsi du enplegua, mugikortasuna eta gazteen prestakuntza sustatzen duten programekin, eta hurrengo legealdian ildo horretan garatuko diren jarduerekin daukan konpromiso sendoa. “Horretara dedikatu izan naiz azken hamar urteotan”, azpimarratu du
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Izaskun Bilbao Barandica gaurko ekitaldia hasi orduko goraipatu nahi izan du gazteen lana. Bere hitzetan “katearen hurrengo katebegia zarete eta prest zaudete lekukoa hartzeko”. Era berean nabarmendu duenez “horrela behar zaituztegu, konpromisoarekin, arduratsu, prest; baina gazte ere bai, jakinminarekin, gogotsu, bizirik. Harro egoteko moduko proiektu honek bizirik jarrai dezan behar dugun ur berria emanez.”
Trantsizio honi laguntzeko, Europa Solidarioaren aldeko Koalizioaren zerrendaburuak bere konpromiso sendoa eskaini du “gazte bermea izenekoarekin egiten den bezala, langabezia desagerraraztea bultzatzen duten Europako programa guztiekin. Bultzada erabakigarria mugikortasunaren alde, Erasmus Plus bezalako programekin edo Europako solidariotasun kidegoarekin, beste herrialdeetan bizitzeko eta prestakuntza jasotzeko aukera zan dezazuen, hizkuntzak ikasiz, Europa zer den ulertuz: aniztasuna. Eta, babesa ere bai, etxera itzultzeko aukera izan dezazuen, Euskadiri zuen talentua eskain diezaiozuen eta hemen enplegu iraunkorrak lortzerik izan dezazuen, ekonomia digitalarekin eta ekonomia zirkularrarekin zerikusia duten arloetan. Konpromiso bat Bilbo eta Euskadi modernotasunarekin lortzen jarraitzeko, aurrerabidearen trena ez galtzeko”.
Jarraian laburbildu du EAJren ibilbide politikoa, sortu zenetik berritzailea izan dela nabarmenduz. Azpimarratu du foruak indargabetu zirenean EAJ sortzea eta euskal aberriaren alde egitea modernoa izan zela, modernoa ere izan zen Europaren alde egitea beste inork egiten ez duen garaian, eta are modernoagoa izan zen Herrien Europa eta Europa Soziala moduko kontzeptuak sortzea. “Ez zen kasualitatea izan, gogoratu du, Agirre Lehendakariak Europa Batasunaren sortzailearekin hitz egiten zuen. Europa babesleaz, oparotasun sortzaileaz eta banatzaileaz hitz egiten zuten orduan ere. Eta eredugarri izan zenaren esperientzian oinarrituta egin zuen. Bere enpresa, Chocolates Bilbainos CHOBIL, eredu bat izan zen berrikuntzan eta justizia sozialean”.
Europako diputatu jeltzaleak berretsi duenez “ Hazteko eta banatzeko ardura hori dago gure ADNan. Indartsu egiten gaitu. Gizartean eta erakundeetan egiten dugun lana inspiratzen du, eta sinesgarritasuna ematen digu. Euskadik martxan jarri ditu Estatu osoko gizarte politikarik aurreratuenak. Batzuek eskuindarrekoak garela esaten duten bitartean, eurek baino aurreratuago gaude ezkerretik eginiko politika, programa eta ekimenekin. Eta hori argi eta garbi dago, azterketa independenteek aitortzen dute, jendeak badaki….. beste horreek matraka horrekin jarraitzen duten arren”.
Ildo beretik gogoratu du hazkunde eta gizarte babeserako eredu hori ahalbidetzeak beharrezko egiten duela hitz egitea, eta ildo horretatik azpimarratu duenez “eskua luzatzea, hitz egitea, adostea, modernoa da. Zaharkituta dagoena da blokeatzea, denari ezetz esatea. Soldatekin zuhurkerian dabiltzan pertsona zekenak eta ukabila itxita iraintzen eta argazkiak ateratzen dituztenak lotzen dutena da hori”. Eta zentzu horretan gogora ekarri du Iñaki Anasagasti senatari ohiak betidanik esan ohi duena, hau da, “zekenek eta muturrekoek ez diotela elkarri eskua ematen”.
Horregatik, gaurko ekitaldian bere inguruan batu diren gazteak animatu dira “ Harro egotera. Harro garenaz. Guk badakigu nondik gatozen. Argi daukagu nora joan gura dugun. Eta ideia horrekin gure ingurukoak emozionatu behar ditugu. Izaera eta ahots propioa daukan Euskadi, Europa federalean, integratuagoan, sozialagoan. Pertsonak helburu dituen Europa, bateraezina diskriminazioarekin. Gizarte eskubideen eta askatasunen bermatzailea. Pertsonen, nortasunen, erakundeen, hizkuntzen eta kulturen borondatezko batasunean oinarrituta. Garapen iraunkor eta jasangarriarekin, ezagutzan oinarrituta. Mundu mailako liderra ekonomia zirkularrean eta klima aldaketaren kontrako borrokan. Euskadi atsegina, abegikorra, solidarioa, kooperatzailea. Horretara dedikatu naiz azken urteotan eta horixe da hurrengoei begira daukadan proiektua.