“Modu arduratsuan lan egiten jarraituko duen taldea” aurkeztu du Aretxabaletako EAJk

Unai Elkorok buru izango duen hautagaitzak “herria hobetzeko proiektuari” eman nahi dio jarraipena, “pertsona guztientzako tokia duen herrian”

“Modu arduratsuan lan egiten jarraituko duen taldea” aurkeztu du Aretxabaletako EAJk 08Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 08 |
Aretxabaleta

PARTEKATU

Durana kalean egindako ekitaldian aurkeztu du gaur Aretxabaletako EAJk maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen zerrenda, Unai Elkoro, egungo Aretxabaletako alkatea, buru izango duena. Elkorok berak aurkeztu ditu zerrenda kideak, bertan izan direla aretxabaletarrak, alderdikideak, Debagoienako EAJ-PNVren alkategaiak eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea. 

Aretxabaletarrei eskertu eta gero berak eta bere taldeak sentitu duten “gertutasuna”, zeinari esker azken lau urteotan “gure onena eman dugun”, Elkorok nabarmendu “ilusioz eta gogotsu” aurkezten duela bere burua berriz ere Aretxabaletako alkatetzarako, azken lau urte hauetan garatutako proiektuei “bultzada berri bat emateko”. “Eta modu arduratsuan egin nahi dugu, helburu bakar batekin: pertsona guztientzako tokia dagoen Aretxabaleta hobetzen jarraitzea”.

Hautagai jeltzaleak gaineratu du horretarako talde “sendoa duela, umila, anitza eta eraginkorra”, bakoitza bere esparruan eskarmentua duen kideez osatua. “Batzuok esperientzia dugu udal kudeaketan, eta beste batzuk berriak dira erronka polit honetan”. “Nolanahi ere, denok gertu gaude Aretxabaleta hobe baten alde lanean aritzeko, gogoz, hurbiltasunez eta zintzotasunez, beti ere gure arauari eutsita: Aretxabaletarrei entzuten jarraitzea eta haiengandik gertu egotea”, nabarmendu du Elkorok, zeinak, aurreratu duen, baita ere erronkari “ideia berri eta proiektu sendoekin” helduko diola, aretxabaletarren bizi kalitatea hobetzen segitzeko”. 

Elkorok azaldu duenez, herria hobetzeko “zenbait proposamen” emango dituzte jakitera laster”; baina gehitu du ez direla “ideiak edo kea saltzen ari, gauzatu daitezkeen proiektuak baizik”. Horietako batzuk aurreratu ditu: “Esaterako, hobekuntza nabarmenak egingo ditugu adineko pertsonentzako zerbitzuetan, nerabe eta gazteentzako ekimenak, aisialdirako eta kirolerako espazioak handitzea, herrian zehar irisgarritasuna hobetzea, apustu eginda basoak eta ibaia bizi-bizirik egotearen alde, eta Aretxabaleta herri are biziagoa bihurtzea, kultur eskaintza eta herriko merkataritza handituta”.  

Elkarrizketaren kultura Aretxabaletan

Bakartxo Tejeríak, bestalde, esan du hauteskunde guztiak direla garrantzitsuak, emaitzek gure bizitzetan eragina dutelako”. Eta gaineratu du udal eta foru hauteskundeek “esanahi berezia” dutela, guretzat politikagintza “behetik gorako eraikuntza prozesua” delako; alegia, herrigintza, eta gainera Udala da herritarrengandik gertuen dagoen erakundea”.

Bere hitzaldian, gogorarazi du duela lau urte Unai Elkorok, gaur egungo alkateak, esan zuela bere burua alkate izateko aurkezten zuela herriaren alde lan egiteko eta EAJ-PNVren balioa demostratzeko, ezker abertzaleak arlo hori esklusibotzat hartzen zuen testuinguruan, hain zuzen. “Eta lortu duzue, Unai; izan ere hainbat proiektu egia bihurtu dituzue, baina, guztiaren gainetik, herri batentzako garrantzitsuena dena lortu duzue: elkarbizitza baketsu bat”, nabarmendu du Tejeriak, eta horren harira erantsi “legealdi honetan lortu duzue inposizioaren kulturatik elkarrizketaren kulturara pasatzea, herritarrek nahiak kontuan hartzera”.

Bestalde, Tejeriak Eusko Alderdi Jeltzaleak duen proiektuan jarri du azpimarra: “Balore eta printzipio sendoak dituen proiektua dugu, lau oinarri dituena: konpromiso etikoa, politikoa, demokratikoa eta gure konpromisoa herri honekin, herri gisa gure etorkizunaren jabe izan gaitezen”. Gaineratu duenez, herri honen “etorkizuna eraiki nahi dugu eta bideak eskaintzen ditugu, beti ere pertsona gure politiken erdigunean jarrita eta lidergoa herritarrekin partekatuta”. “Gure etorkizuna erabaki nahi dugu eta gurea dena defendatu”, esan du amaitzeko Tejeriak, zeinaren ustez Aretxabaletan aurkeztutako hautagaitzak “printzipio eta balore horiek guztiak islatzen dituen”.

Interesatu Zaitez