Errenteriako EAJk lehen sektorea lan aukera bezala indartu nahi du

Errenteriako jeltzaleek herrian lehen sektorea indartzeko dituzten proposamenak landu dituzte Xabier Arruti eta Arantza Ariztimuño Aldundiko zuzendariekin. Maite Peña “Lehen sektorea lan aukera bat izan daiteke langabezian daudenentzat edota nekazaritza edo abeltzaintza bere ogibide egin nahi dituzten errenteriarrentzat”. Bertako produktuak kontsumitzea jasangarriagoa eta osasungarriagoa da eta herrian horien ekoizpena sustatzea beharrezkoa da Errenteriako EAJren iritziz.

Errenteriako EAJk lehen sektorea lan aukera bezala indartu nahi du 07Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 07 |
ERRENTERIA

PARTEKATU

Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendari Nagusiarekin eta Arantza Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendari Nagusiarekin bildu dira Errenteriako jeltzaleak, Errenterian lehen sektorea indartzeko dituzten proposamenak lantzeko. 

Lehen sektorea aukera bat izan daitekeela uste dute jeltzaleek, langabetuentzat edota nekazaritza edo abeltzaintza ogibidetzat nahi duen ororentzat. Gainera, bertako produktuak kontsumitzea jasangarriagoa eta osasungarriagoa dela diote eta Errenterian horien ekoizpena sustatu beharra dagoela uste dute. Horretarako hainbat proposamen jaso dituzte jeltzaleek beren programan. “Helburu dugu, belaunaldi erreleboa bermatzeaz gain, gure herriak galdutako potentziala berreskuratzea” dio Maite Peña hautagai jeltzaleak. 

Proposamen artean dago, esaterako, erabilerarik gabeko nekazal lur publiko nahiz pribatuen inbentarioa egitea eta Etorlurrekin hitzarmen bat sinatzea, lur sailak lehen sektorea bere ogibide bilakatu nahi dutenen esku jartzeko. “Horretarako, jakina, formazioa eskaini beharko dugu eta HAZI eta Fraisororekin elkarlanean arituko gara horretan” dio Peñak.

Baina lehen sektorea indartzeko hori ez da nahikoa, jeltzaleen iritziz. “Lehen sektorean dabiltzanen edota ogibidetzat hartzeko bidea egin nahi dutenen lana erraztu beharra daukagu, aholkularitza eta baliabide teknologikoak eskainiz, esaterako, Foru Aldundiarekin elkarlanean baserrietara eta ustiategietara zuntz optikoa eramanez" jarraitu du Peñak.

Horretarako, bertako produktuak balioan jartzea eta horien kontsumoa sustatzea ere beharrezkoa da EAJren iritziz eta bere produktuak saltzeko, baserritarrek instalazio duinak behar dituzte. “Errenteria herri handia da eta kontsumitzaile potentzial asko ditu, baina baserritarrek beren produktuak saltzeko egun duten aterpea ez da egokia eta gero eta gutxiago dira aukera hori baliatzen duten baserritarrak” azaldu du buruzagi jeltzaleak, “horregatik, Xabier Olaskoaga plaza estaltzea proposatzen dugu, baserritarrentzat egungo estalpetxoa baino espazio duinagoa lortzeko” jarraitu du Maite Peñak. “Gure herrian urtean zehar hamaika ekitaldi antolatzen dira eta Zumardian karpa jarri behar izaten da oso maiz” gaineratu du Peñak. Jeltzaleek azaldu dutenez, Xabier Olaskoaga plaza argia pasatzen uzten duen egitura arin batekin estaltzeak, bi arazo horiei emango lieke konponbidea, ekitaldiak antolatzeko urte guztirako aterpea izango luke herriak eta baserritarrentzat ere espazioa eta erosotasuna ekarriko luke. 

Amaitzeko, gure herriko espazio naturalak balioan jartzea eta gure herriak izan duen baserritar tradizioa aitortzea ere beharrezko ikusten dutela adierazi du EAJk. “Errenteria baserritarren herria izan zen garai batean, Xenpelarren bertsoek dioten bezala eta gure herriko merkatuak ere inguruko pertsona asko erakarri ditu urteetan” dio Peñak “hori berreskuratzea gure nortasuna berreskuratzea da”. “Errenteriak baliabide natural handiak ditu, batzuk Aiako Harria parke naturalean daudenak eta horiek natura ogibide dutenek baino hobekiago ez ditu inork zaintzen. Lehen sektorea indartzea, beraz, ez da soilik ekonomia eta enplegua sustatzeko modu bat, gure natur baliabideen etorkizuna bermatzeko modua ere bada” amaitu du Peñak.

Interesatu Zaitez