Bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko Legazpi hobeagoa lortzeko lanean jarraitzeko konpromisoarekin aurkezten da Koldobike Olabide alkategaia
Agirre-Etxeberri etxean eginiko ekitaldi politikoan, Legazpiko EAJ-PNV taldeak maiatzaren 26ko Udal Hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du. Bertan izan diren hainbat alderdikideren aurrean, tartean Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaia, Koldobike Olabide alkategaiak Legazpi “bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko” herri bat izan dadin lanean gogor aritzeko konpromisoa hartu du. “Duela lau urte Legazpik EAJ-PNVrengan jarri zuen konfiantza gure herriak behar zuen aldaketa gidatzeko. Emandako hitza bete dugu eta Legazpi udal gobernu on baten ikur bilakatzen lagundu dugu”, adierazi du Olabide hautagaiak, eta gehitu du hori dela hain justu ere hauteskunde hauetan erabakitzen dena: “atzera itzultzea edo etorkizunerantz jarraitzea”.
Koldobike Olabide alkate gaiak aurreratu duenez, Legazpiko zerrenda EAJ-PNVren estilokoa da; kudeaketan ezagutza eta esperientzia duen jendea freskotasuna eta herri proiektua sendotuko duten lagun berriekin txertatzea. Legazpiko Udal Hauteskundeetarako EAJ-PNV taldeak aurkeztu zuen zerrenda ondorengoa da: Koldobike Olabide, Eric Galvez, Iñigo Imaz, Maite Lombide, Amaia Zaldua, Javier Iraeta, Ane Urkiola, Aitziber Beldarrain, Mikel Alberdi, Amaia Aizpurua, Aitor Madina, MªJose Cantero eta Javier Urcelay.
“Datorren legealdirako udaleko kudeaketan esperientzia duen eta beste erakundeekin elkarlaneko sareak eraiki dituen talde bat eskaintzen dugu. Talde sendo eta gertukoa, duela lau urte herriari entzun eta ahotsa emanez eraikitzen hasi genuen oraingo eta etorkizuneko proiektuari ilusio, ardura eta lan egiteko gogoarekin aurre egiten diona, eta Legazpi hobe baterantz aurrera egiten laguntzen duena”, azaldu du Olabidek.
Gizarte zerbitzuak ardatz
Alkategaiak adierazi duenez, gaur egun legazpiarren %25ak 65 urte baino gehiago du eta urte gutxira, 2030erako, zenbaki hori %40ra igoko da. “Hori ikusita, gizarte zerbitzuetan jakintza eta esperientzia duten pertsonekin sendotu dugu gure hautagaitza eta modu horretan, azken lau urte hauetan egin dugun bideari jarraitu eta biztanleriaren zahartzearen erronkari aurre egiteko prestatu gara. Bellotaren pentsio zaharrean kokatuko diren gizarte prestazio berriak horren adibide dira”, azpimarratu du Koldobike Olabidek.
Zerrendaburu jeltzalearen esanetan, “taldeko lana indartuz ekingo diegu beste hainbat erronka sozial eta ekonomikoei. Ideien laborategiak eratuko ditugu etorkizuneko erronkak definitu eta hainbat galderei erantzuna emateko, adibidez, nola biziko gara hemendik 10 urtera? Edo ze negozio aukera izango ditugu? Edo nola lan egingo dugu eta nola elkar erlazionatuko gara? Hori guztiori, nola egingo dugu? EAJ-PNVren ereduarekin: planifikatu eta modu eraginkorrean gestionatuz”, azpimarratu du Olabidek.
“Gure politiken ardatzean, orain lau urte bezala, pertsonak jartzeko konpromisoa hartzen dugu, udal berdinagoa, kritikoagoa, elkarlanean murgilduta, justuagoa, jasangarriagoa, euskaldunagoa, integratzaileagoa eta askotarikoago batetara joateko. Adostasun politikoa lehenetsi dugu eta lehenetsiko dugu legazpiarren beharrei erantzun baterakoi bat eskaintzeko”, amaitu du esanez Legazpiko alkatetzarako hautagaiak, Koldobide Olabidek.
Entzuten duen alderdia
Bere aldetik, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok EAJ-PNVren eredua defendatu du: “Gure eredua gizartearen ondoan egon eta berarekin lan egitea da gertutik, inor alboratu gabe, denentzako gobernatuz. Errespetua, entzute aktiboa eta ulertzeko gaitasuna dira gure nortasun ikurrak”, aldeztu du. Honela, adibide bezala hainbat proiektu aipatu ditu: Etorkizuna Eraikiz, lurraldearen etorkizuna eraikitzeko ahaleginean 33.000 pertsona inplikatu dituena; Lurralde Garapenerako Laborategia, eskualde guztiak parte hartzen ari direna garapen ekonomiko orekatua bermatzeko; eta Elkar-Ekin egitasmoa, gizarte bazterkeriari aurre egiteko eragile guztiekin adostutako estrategia.
Era berean, gogoratu du EAJ-PNV dela Gipuzkoarentzako aukera politikorik egokiena. Gehitu duenez, alderdi hau da “ekonomiaren eta gure industriaren aldeko apustu garbia” egiten duen eragile bakarra, eta baita ere ezberdintasunak murrizteko proposamen zehatzak egiten dituen aukera bakarra. “Gipukoa indartu nahi dugu, guztiontzako ongizatezko etorkizuna eraikitzeko Gipuzkoa sendoa. Eta hau, elkarlanaren bitartez bakarrik lortu dezakegu, entzute aktiboa eta lankidetzan sakonduz”, esan du hautagai jeltzaleak. “Orain da jauzia emateko unea, indartzen jarraitzeko unea”, gehitu du, herritarrei eskatuz bidea emateko “gauzak egiteko modu berri honi”.