“Ondorengoei Bergara hobe bat laga nahi dien proiektua” bultzatuko duen hautagaitza aurkeztu du EAJk

Elena Lete alkategaia buru, profiil eta ikuspuntu ezberdin eta aberasgarriekin osatu du zerrenda Bergarako EAJk, “eraginkortasunez eta sentsibilitatez” jardungo duena

“Ondorengoei Bergara hobe bat laga nahi dien proiektua” bultzatuko duen hautagaitza aurkeztu du EAJk 05Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 05 |
Bergara
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Bergarako EAJ-PNVk, Elena Lete alkategaia buru, maiatzaren 26ko  udal hauteskundeera aurkeztuko duen zerrenda eman du ezagutzera gaur, Munibe plazan egindako ekitaldi jendetsu batean. Ekitaldian, herriko hautagaiekin batera, Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek eta Gipuzkoako diputatu nagusigai Markel Olanok ere hartu dute parte.

Esker hitzak izan ditu, lehenik eta behin Letek, bozetan zerrendakide izango dituen herritarrentzat. 19 emakume-gizon, “auzo, adin, sentsibilitate eta arlo ezberdinetatik datozenak”, baina “guzti guztiak ikuspuntu aberasgarri eta baliotsuak” dituztenak, alkategaiak azpimarratu duenez. Talde honek, “gure ondorengoei herri hobe bat laga nahi dien proiektuari” bultz egingo dio, “bizikidetzan oinarria duen Bergara bat”, “euskalduna, parekidea, inklusiboa eta ekintzailea”, Lete beraren hitzetan. Agindu duenez, “eraginkortasunean eta sentsibilitatean oinarrituko den kudeaketa” izango da EAJ-PNVrena.

Konpromisoak eta hitza betetzeko

Jeltzaleek honela, Bergarako Udalean agintaldi honetan ekindako lanari jarraipena eman nahi diote eta, hain zuzen, aurkezpen ekitaldian, legealdi honetan jeltzaleen ekarpena balorean jarri eta aldarrikatu du Elena Letek; nola “emandako hitza betez”, “herritarren nahi eta eskaerei bidea eman” zaien joandako lau urteetan Bergaran, gidaritza jeltzalea izan duen gobernu batekin. 

Esaterako, Seminarioko patioko lur azpiko aparkalekuak eraikitzeko egindako apustua aipatu du Letek, “herritarren gehiengoak horrela nahi izan duelako” eta, horregatik, “lanean irmo” jarraitzeko konpromisoa hartu du alkategaiak, “helburuak betetzen”. Eta legealdi berrian begirada jarriz, Letek aipatu du Agorrosineko zelai berria egiteko lan egingo dutela, Bergarako Kirol Elkartearekin batera. Hain justu, proiektuak aurrera atera eta konpromisoak betetzeko, elkarlana eta partaidetza jarri ditu alkategaiak datorren legealdiko zutabe gisa. “Orain arte egin dugun moduan, herritarren partaidetza bultzaten jarraituko dugu, esan du hautagaiak, “herritarrei hitza ematen eta herritarrei entzuten”. Bergarako Udalak, legealdi honetan bi galdeketa egin ditu eta alkategaiak agindu du “herriari galdetzen jarraituko” dutela, gobernuan jarraituta.

Oinarri horiekin, Elena Letek, datozen lau urteetarako dituzten lehen proposamenak aurreratu ditu ekitaldian, aurki aurkeztuko duten hauteskunde-programan jaso eta garatuko dituztenetako batzuk. Hala, ildo garrantzitsuenetako bat bertako enpresa, merkatari eta ekintzaileei babesa eta bultzada emateko ekimenak izango direla azaldu du eta arreta berezia jarriko dutela, baita ere, gazteei aukerak eman eta euren etorkizuna eraikitzeko erraztasunak emateko. Hezkuntza eta kultura esparru nabarmenak izango dira eta gizarte eragileei dagokienez, elkarlarekin jarraitu eta lankidetza ezberdinetan sakondu egin nahi dute jeltzaleek, bereziki, adinekoen esparruan eta desgaitasunak dituzten pertsonekin.

Markel Olano: “Gipuzkoak konfrontazioko iraganaren eta adostasuneko etorkizunaren artean aukeratu behar du

“Datozen foru hauteskundetan, konfrontazioko iraganaren eta adostasuneko etorkizunaren artean aukeratu behar du Gipuzkoa, ezker abertzalea edo EAJ-PNV. Denok dakigu nolakoa izan dena iragana; etorkizuna, bere aldetik, herritarrengandik gertu egotea da, etengabeko harremana izatea, entzute aktiboa, elkarlana… etorkizuna EAJ-PNV baita”. Hala adierazi du gaur Markel Olano diputatu nagusi izateko hautagaiak, gaur eguerdian Bergaran egindako ekitaldi jendetsuan, zeinean Bergarako EAJ-PNVk, Elene Lete alkategaia buru, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako zerrenda ezagutzera eman duen. Munibe plazan egindako ekitaldian, herriko hautagaiekin batera, parte hartu du, baita ere, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak. 

Olanok azaldu duenez, ordezkatzen duen alderdia da lurraldea kudeatzen jarraitzeko “aukerarik onena” eta “prestatuen dagoena”, “zeren horrela erakutsi baitugu azken legealdi honetan”. “Orain eta etorkizuna gara, Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko eta guztiontzako ongizatezko etorkizuna eraikitzen jarraitzeko bermerik onena”, azaldu du.

Nabarmendu eta gero Gipuzkoa, 720.000 biztanle dituela, lurralde “langilea, solidarioa, berritzailea eta ekintzailea” dela, oroitarazi du aurreko legealdian gizarteari “bizkar eman zitzaiola”; legealdi honetan, berriz “gizartean konfiantza eduki eta entzun egin diogu. Eta hori jendeak onartu egiten digu”. Izan ere, “EAJ-PNVn proiektuei zehaztasunez eta seriotasunez heltzen diegu; eta horretaz ezin du alderdi guztiek hitz egin”. “Hain zuzen, demostratu dugu gure hitza betetzeaz gain, ongi kudeatzen dugula, arazoei konponbidea emanez, esaterako, hondakinen kudeaketan edo Deskargako autobidea martxan jarrita”, erantsi du Olanok, zeinaren ustez Deskarga bera den kudeaketa onaren “adibide paradigmatikoa”; baita azpimarratu ere Aintzane Oiarbide diputatuaren “lan bikaina Deskargan eta EH Bilduren porrota aurreko legealdian”. 

Bestalde, Olanok azpimarratu du legealdi honetan lehentasuna eman diotela ekonomiari eta desberdinkeria gutxitzeari”. Nabarmendu eta gero Gipuzkoan langabezia %8raino jaitsi dela, esan du hala ere lanean “jarraitu behar dugula prekarietatearen aurka eta kalitatezko ;enpleguaren alde”. Eta hori, bere ustez, “ezin hobeto islatzen da Mondragon Korporazioaren misioan: kalitatezko enplegua sortzea”. 

Era berean, dipatu nagusi izateko hautagaiak adierazi du “oso deigarri egin zaiola ikustea bakarrik EAJ-PNVk duela hizpide ekonomia, gure enpresen etorkizuna edo gizarte kohesioa; harrigarria da sindikatuak eta beren burua ezkertiartzat duten alderdiak isilik egotea. Bakarrik aho txikiarekin al dira ezkertiarrak?”. Gaineratu du EAJ-PNVren eredua da gizartean konfiantza izatea eta entzutea, elkarlanean aritzea, inor baztertu gabe; eta guztientzako gobernatzea, irainik edo errespetu faltarik gabe”. Horren harira, gogorarazi du iraganean konfrontazioko egoerak bizi izan baditugu ere, inork ez gaituela eszenategi horretan aurkituko, gure kultura politikoa juxtu kontrakoa delako, errespetuan, entzute aktiboan eta akordioan oinarrituta”. 

Arlo sozialean, azaldu du Gipuzkoak gizarte kohesionatua duela eta, azken urteetan, desberdintasunak murriztea lortu duela. “Gero eta lurralde kohesionatu eta berdinagoa izatea nahi dugu, eta hori da EAJ-PNVren eredua hain zuzen”, nabarmendu du. Puntu honetan, Elkar-EKINen garrantzian jarri du azpimarra, legealdi honetan gizarte bazterkeriari aurre egiteko martxan jarri den ekimena. “Seguruenik, alderdi bezala martxan jarri dugun ekimen politik eta politikoki adierazgarrienetakoa da; berez uste dugu Elkar-EKIN Europa mailan aztertua izango dela”. 

Dena den, Olanok azpimarratu badu ere Gipuzkoan desberdinkeria jaitsi egin dela (“GINI indizea puntu bat jaitsi da, 25,3ra, alegia, Noruegaren pare”), esan du oraindik ere 35.000 lagun daudela pobrezia egoeran edo arriskuan. “Eta hori da, hain zuzen, Elkar-EKIN Gizarteratze Planaren egitekoa, zeinari esker lortzen ari den urtero 1.000 pertsonak lana aurkitzea”. 

Berriro diputatu nagusi izateko hautagaiak erantsi du Elkar-EKIN planaren bitartez, esperantza eta enplegu duina eman nahi diegula kolektibo ahulei, baita prekarietate egoeran bizi diren gazteei ere. Hau da, desberdinkeriari aurre egiteko ez dugu lema erraz eta superfizialik erabiltzen; guk, aldiz, ekintza zehatz eta efizienteak egiten ditugu”. 

Laburtzeko, Olanok esan du hauteskundeetara aurkeztuko duen programa hiru ardatz nagusiren inguruan gorpuzten dela: “Gizarteari entzun eta konfiantza eman, seriotasunez eta zuzentasunez eutsi proiektuei eta “lehentasun osoa” ematea ekonomiari eta desberdintasunen aurkako borrokari. Horretaz ari gara, baita ere, Gipuzkoa sendoa nahi dugula esaten dugunean”. 

Joseba Egibar

Joseba Egibarrek, berriz, nabarmendu du herri batek, nazio batek, “herrigintza” behar duela, eta jakin “zertarako eta nola eraiki behar duen”. Eta gaineratu du azken hamarkadatan bi estrategiak “talka egin dutela”, baina gaur egun ezker abertzaleak jada ez duela bere burua abertzaletzat, ezker independistatzat baizik; eta hori Arnaldo Otegik berak esana da. Beraz, EH Bilduk jada ez du aberria aipatzen. EAJ-PNVn berriz, abertzaleak gara gauza guztien gainetik, abertzalea izatearen oinarria pertsona bera delako, bere giza eskubideekin, edozein gauzaren gainetik”.

“Guk proposatzen duguna da eredu bat non eskubideak eta baloreak uztartzen diren, elkarbizitzan oinarrituta”, nabarmendu du Egibarrek, zeinak, amaitzeko, EAJ-PNV-ren “konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa” ahotan hartu dituen. Eta gogoratu du alderdi jeltzalea dela “ezaugarri horiek batzen dituen alderdi bakarra. Izan ere, ez PSEk ez ezker abertzaleak ezin dute hori bermatu. Ez gara nagusi, baina bai ardatz”, osatu du. 

Interesatu Zaitez