Bilbon egingo da CEUSen aurkezpena, EAJ-PNVk eta Geroa Baik Europako Hauteskundeetara eramango duten koalizioa, Izaskun Bilbaok lideratuko duena

Coalición Canaria, Compromiso por Galicia, Proposta per les Illes eta Demòcrates Valencians alderdiak dira Europa Solidarioaren aldeko Koalizioa osatzen duten beste alderdiak. Osotara sei izango dira eta behar besteko indarra daukate maiatzaren 26an Europako Parlamentuan eserlekua lortu ahal izateko

Bilbon egingo da CEUSen aurkezpena, EAJ-PNVk eta Geroa Baik Europako Hauteskundeetara eramango duten koalizioa, Izaskun Bilbaok lideratuko duena 05Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 05 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Bizkaia Aretoko Oteiza gelak hartuko du bihar, astelehena, 10:30etik aurrera, CEUSen aurkezpen ekitaldia. Europa Solidarioaren aldeko Koalizio hau Estatuko sei indar politikok osatzen dute eta bat eginik aurkeztuko dira maiatzaren 26ko Europako Hauteskundeetan. Koalizio horretan ere aurkeztuko dira EAJ-PNV eta Geroa bai, azken honen barruan ere Nafarroako jeltzaleak daudelarik. Izaskun Bilbao Barandica, EAJ-PNVren ordezkari gisa, CEUSen zerrendaburua izango da eta 2009ko eta 2014ko hauteskundeetan lortu zuen eserlekua lortzeko asmoa dauka. Europako Parlamentuko euskal diputatu eta Europako Parlamentuko ALDE taldeko presidenteorde andrea izan da azken legealdi honetan Euskadik Brusela eta Estrasburgon izan duen benetako ahotsa eta, aldi berean, Europako erakundeetan defendatzen jakin izan du Espainiako estatuaren barruan diren beste nazionalitateen interesak eta beharrak. Horren erakusle dira Bilbao Barandicak Kanariar irletan eta Galizian daukan izen ona eta Europako foroetan daukan prestigioa. Bilbao Barandica berrikitan saritu dute Europan “aurreko legealdiko diputaturik eraginkorrenetarikoa” izendapenarekin.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea izango da CEUS jende aurrean aurkezteko lehen hitzak esango dituena. Koalizio honek sustrai europazale sakonak ditu eta kide guztiek partekatzen dute Estatu eredu berri bat behar dela, eta era berean uste dute Europak bide bereziak egituratu behar dituela bere baitan bizi diren erkidego politikoek eta estaturik gabeko nazioek Europako Batasunaren proiektuan parte hartzerik izan dezaten, eta ez Europako Estatuen batasunean; eta zuzenean eragiten dieten erabakiak hartzen diren esparru eta foro guztietan egon daitezen. Europaren ikuskera hori partekatzen dute EAJ-PNVk eta Coalición Canaria, Compromiso por Galicia, Geroa Bai, Proposta per les Illes eta Demòcrates Valencians alderdiek, CEUS osatzen duten sei taldeek,hain zuzen. Diagnosi bateratu honetan oinarrituta eta jarduteko asmo baten inguruan osatu dute hauteskundeetara eramango duten zerrenda. Zerrendaburua izango da Bilbao Barandica (EAJ-PNV) eta hurrengo tokietan joango dira Luis Padilla (Coalición Canaria, 2. zenbakiarekin), Juan Carlos Piñeiro (Compromiso por Galicia, 3. zenbakiarekin), Daniel Innerarity (Geroa Bai, 4. zenbakiarekin), María del Mar Llaneras (Proposta per les Illes, 5. zenbakiarekin) eta Lluis Vicent Bertomeu (Demòcrates Valencians, 8. zenbakiarekin). Denek hitz egingo dute biharko ekitaldian.

CEUSen aurkezpena amaitutakoan, Bizkaia Aretoak Europako Alderdi Demokrataren mintegi bat hartuko du. EAJ-PNV alderdiko kidea da eta bere sortzaileetako bat izan zen. Topaketa hau antolatu da EAJk iragan apirilean Liublianan onartu zuen Adierazpena ezagutzera emateko, agiri honek jasotzen dituelarik Europa Solidarioaren aldeko Koalizioak maiatzaren 26ko hauteskundeetara eramango dituen printzipio politiko, ekonomiko, sozialak eta gizalegezkoak. Mintegia 11:00etan hasiko da Andoni Ortuzarrek EAD-PDEren presidenteorde den aldetik eskainiko dituen hitzekin. Izaskun Bilbao Barandikak moderatuko du ondorengo eztabaida eta bertan Daniel Innerarityk, Luis Padillak eta Juan Carlos Piñeirok hitz egingo dute. Jarraian, mintegian aztertuko dute EAD-PDEk Hauteskundeetarako prestatu duen Adierazpena, hiru zutabetan oinarritzen dena. Lehenari buruz “Elkarrekin bizitzea ahalbidetzen duenaz” mintzatuko dira Vincent Bru, Modem alderdiaren ordezkari eta Frantziako Asanblada Nazionaleko diputatua eta Gabi Schmidt, Babariako parlamentuan Freie Wähler alderdiko diputatua. Bigarren zutabea “Hazkunde ekonomiko iraunkorra eta partekatua” jorratuko du María Amelia Ribeirok, Portugalgo Alderdi Demokratikoko hautagiak (PDR). Bere aberrikide eta lankide Cristina Barradas Carnaçak, PDRko Kontseilu Nazionaleko kideak, hirugarren zutabea jorratuko du “Europak munduari esan behar diona; Europa boteretsua”. Bru eta Schmidt izango dira topaketaren konklusioekin bilera amaitzeko hitzak esango dituztenak. EAD-PDE alderdiak antzeko mintegiak egingo ditu Lisboan eta Bremenen datozen asteotan.

Interesatu Zaitez