EAJ-PNVk “lidergoa” duen hautagaitza aurkeztu du, “eskarmentua eta ilusio handia” duena Urnietaren alde lanean “gogor jarraitzeko”
“EAJ-PNV da Gipuzkoa eta Euskadiko aurrerapen sozial eta politikoa bermatzen dituen motorra”. Hori adierazi du gaur arratsaldean Urnietan Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan Mikel Pagola buru izango duen pertsonen zerrendaren aurkezpenean. Egibarrek adierazi duenez, EAJ-PNVren helburua da Gipuzkoa eta Euskadiko “etorkizun politiko nahiz ekonomikoa bermatzea”. Eta gaineratu du horretarako behar-beharrezkoa dela “geure eredu sozio-ekonomikoan sakontzea, hazkunde ekonomikoa oinarri, kalitatezko enplegua sortzeko eta justizia soziala handitzeko, beti ere belaunaldi arteko konpromisoa bultzatuz”. Horren harira, azpimarratu du belaunaldi bakoitzak “aurrekoaren beharra” duela, “baina baita alderantziz ere”.
“Guk proposatzen duguna da eredu bat non eskubideak eta baloreak uztartzen diren, elkarbizitzan oinarrituta”, nabarmendu du Egibarrek, zeinak, baita ere, EAJ-PNV-ren
“konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa” ahotan hartu dituen. Eta gogoratu du alderdi jeltzalea dela “ezaugarri horiek batzen dituen alderdi bakarra. Izan ere, ez PSEk ez ezker abertzaleak ezin dute hori bermatu. Ez gara nagusi, baina bai ardatz”, osatu du.
Era berean, Eusko Legebiltzarrean bozeramale jeltzalearen iritziz, politika publikoen gestioan “efikazia handiena” izatea da, hain zuzen, “erabakitzeko eskubidearen oinarri eta ezinbesteko baldintza”. Zentzu horretan, oroitarazi du “Euskadi eta Katalunia garela ase gabeko plurinazionaltasunaren adibide garbia, eta horregatik gure tokiaren bila ari gara Estatu espainolarekin dugun harremanean”.
Egibarren ustez, joan den igandeko hauteskundeen emaitzek “indartu egin dute gure estrategia euskaldunon eskubide indibidual eta kolektiboen aldea”. Erantsi du horretarako “ezinbestekoa” dela, bozketan jasotako babesa “leialtasunez eta ausardiaz” gestionatzea. Ildo horretan, esan du maiatzaren 26ko hauteskundeak, udal, foru eta Europako Parlamenturako, “aukera bikaina” izango direla EAJ-PNVren “bide-orria berritzeko eta sendotzeko. Izan ere, gure alderdia da indarra eta aldaketaren motorra duena pixkanaka aurrera egiten jarraitzeko, soberanotasun gehiago eta euskal herritarren ongizate handiagoa lortu dezagun”, amaitu du Egibarrek.
Bestalde, Lekaio Kultur Etxean egindako aurkezpen jendetsuan, Mikel Pagolak nabarmendu du bera buru izango duen hautagaitza “ilusio handiz” aurkeztuko dela, “lidergoari eusteko prest”, azken lau urteotako “lan onari jarraipena emateko” eta, “gure eskarmentua baliatuta”, Urnieta nahiz urnietarren alde lanean “gogor jarraitu dezagun”. Era berean, gaur egungo alkateak azaldu duenez, bere taldearen “zeregin nagusia” izango da urnietarren “ongizatea hobetzen jarraitzea”. Horren harira, gaineratu du “harro gaudela Urnietaz eta urnietarrak izateaz. Horregatik Urnieta hobea, atseginago, irisgarriago, jasangarriago, sendoago bat nahi dugu. Hori guztia lortzeko, lanean tinko jarraitu beharra dago”.
Bestalde, hautagai jeltzaleak azpimarratu du urnietarren artean “herri nortasuna” hedatzen saiatuko direla: “herri bizitza sendotuz, elkarteen arteko elkarlana bultzatuz. Herri bezala dugun izaera sustatu. Herri anitza, euskalduna, kohesionatua, inklusiboa, justuagoa izateko bidean gaude”. Dena den, ohartarazi du hori guztia lortzeko, “urratsak egiten” jarraitu behar dutela, egiteko “lan ugari baitugu, baina ilusio handiz gaude”.
Erronka horiei guztiei “aurre egiteko”, Pagola alkategaiak adierazi du “herriarekin oso inplikatuta” dagoen talde bat aurkezten dutela. “Urnietarrez osatutako talde sendoa dugu, trebatua, ideia berriak dakarzkiena, herrigintzan eskarmentu handia duena, eta urnietarrentzat lan egitera gogoz datorrena”.