Esperientzia, kudeaketa gaitasuna eta berritasuna uztartzen dituen hautagaitza aurkeztu du EAJ-PNVk Ordizian, Jose Miguel Santamaria buru. “Egindako kudeaketa eraginkorrari esker” Gipuzkoak azken lau urteotan bizi izan duen hobekuntza “agerikoa” nabarmendu du diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok.
Datorren maiatzaren 26ko hauteskundeetarako Ordiziako Udalerako hautagaitza aurkeztu du gaur arratsaldean EAJ-PNVk. Barrena Jauregian egindako ekitaldi politikoan, egungo alkate eta hautagai Jose Miguel Santamariarekin batera Ordiziak “aurrera egiten jarraitu dezan” lan egingo duen zerrenda anitza aurkeztu du alderdi jeltzaleak, esperientzia eta kudeaketarako gaintasuna gaztetasuna eta berritasunarekin uztartzen dituen lan-talde batekin. “Hau da ilusioz eta lanerako gogoz hartzen dugun konpromisoa: ordiziar guztiekin elkarlanean herria modernizatzen eta sendotzen jarraitzea”, adierazi du Santamaria alkategaiak.
Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaiaren, Markel Olanoren, partaidetza izan du gaurko ekitaldiak eta bertan elkartu dira hainbat eta hainbat herritar eta alderdikide. Horien guztien aurrean, Santamariak gororazi du orain dela lau urte “modu arduratsuan” jokatu zutela alkatetza bere gain hartzearekin batera. “Liskarra, paralisia eta eztabaida gainditu ditugu eta Ordizia berriz aktibatu dugu, ekonomian, ongizatean, herriaren modernizazioan eta erosotasunean”, gogoeta egin du. Balantze horrek, bere esanean, zilegitasun osoa ematen dio EAJ-PNVri herritarren aurrean baieztatzeko “hitza bete” egin duela udal gobernuan egon den garaian, kudeaketa “eraginkor eta gertukoa” gauzatuz eta “herritarren partaidetza” bideratuz.
Orain, egungo alkateak planteatu duenez, Ordizia “sendotzen” segitzeko momentua da, “geldialdirik gabe”. “Ordizia erreferentzia da hainbat alorretan eta badu potentziala beste hainbat eremutan erreferentzialtasun hori lortzeko. Eta horretarako proiektu argi, serio eta partekatua eskaintzen diogu herriari”, osatu du. Proiektu horren “lehentasun nagusiak” dira, gaineratu du Santamariak, “kalitatezko enplegua eta ekonomia sustatzen jarraitzea”, industria, berrikuntza, merkataritza eta azoka “erdigunean jarrita”, eta “herritar guztien ongizatea, inor atzera geratu ez dadin”.
Gainera, EAJ-PNVk lan egingo du herria “modernizatzen jarraitzeko” urbanismoan, ekipamenduetan, auzoetan eta herritarrentzako zerbitzuetan; zahartzaro osasuntsua eta ingurumenaren zaintza bultzatuko du; eta “bizikidetza eta elkarlana” bultzatzeko eragile “aktibo” izango da.
“Beharrezkoa da Ordiziak lau urte hauetako bideari eutsi eta aurrera egitea, etorkizuneko desafioei ekinez. Horretarako eskatzen diegu babesa eta elkarlana herritarrei”, laburbildu du egungo alkateak.1972an jaioa, ezkondua eta bi seme-alaben aita, bi legealdiz Ordiziko alkate izan da Jose Miguel Santamaria. Urte hauetan guztietan garbi geratu da Santamariaren konpromisoa eta lidergoa Ordiziak aurrera egiten jarraitu dezan eta ordiziarren ongizatea etengabe hobetu dadin.
Berekin batera zerrendakide izango ditu honako herritar hauek, ordiziar peto-petoak guztiak ere: Karmele Ormazabal (independientea), Xabier Crespo (ind.), Arantxa Fernandez, Joseba Aranburu, Arantxa Arocena (ind.), Eritz Perlines (ind.), Bittor Bolinaga, Jon Txurruka, Maite Arrese (ind.), Maite Iraeta, Agurtzane Antoñana (ind.), Miren Iturrioz, Manolo Iturrioz, Marisa Bombin (ind.), Jose Ignacio Iturrioz, Juanbi Erauskin, Arantxa Garin, Alejandra Iturrioz eta Joan Urda (ind.).
Jokoan dagoena: EAJ-PNV ala Bildu
EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagaiak, Markel Olanok, berriz, datozen foru hauteskundeen inguruko gogoeta egin du eta esan du “jokoan dagoena datorren lau urtetan Gipuzkoako erakundeak nork gobernatuko duen” dela: EAJ-PNV edo ezker abertzaleak”. Hautagai jeltzalearen ustetan, ordezkatzen duen alderdia “prestatuena” da lurraldea gobernatzeko, legealdi honetan gertatu denak erakusten duen bezala: “Denentzako gobernatu dugu, modu eraginkor eta gardenean kudeatuz; krisi ekonomia gainditzen lagundu dugu, eta gizarte desberdintasunak murriztu dira; eta geldirik zeuden azpiegiturak martxan jarri ditugu, eta baita Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzen hasi ere”.
Olanoren ustetan, ezberdintasunak nabarmenak dira aurreko legealdiarekin alderatzen badugu, garai hura “krisi ekonomikoa, paralisia eta konfrontazio giroak” markatu baitzuen. “Aldaketa agerikoa da”, esan du diputatu nagusi izateko hautagaiak, langabeziak bi aldi hauetan izan duen aldea jarriz adibide bezala: %8tik %13ra igo zen Bilduren legealdian, eta ondoren %8 jaitsi berriro ere Markel Olano diputatu nagusi izan zen aldian.
“Langabeziaren beherakada egoera ekonomikoaren aldaketaren ondorio da, baina baita ere gure Gobernuak egin duen ekarpenarena, krisiaren gogorrena gainditzeko gure enpresen alboan egoten jakin izan baitugu”, adierazi du.
Joan den igandeko hauteskunde orokorrei erreferentzia eginez, Olanok azaldu du gizarteak “erreakzio irmo eta demokratikoa” izan zuela bozetan, “populismo xenofoboa eta muturreko zentralismoa” zabaltzeko arriskuari aurre eginez. “Gizarteak erakutsi du ez duela inboluzio politiko edo sozialik onartzen, gure autogobernuaren eta erakundeen alde egiten duela, eta gizarte gaietan aurrera egiten jarraitu nahi duela”, gogoeta egin du.
Horrez gain, Olanok irakurketa oso positiboa egin du EAJ-PNVk lortutako emaitzen inguruan, aipatutako “erreakzio demokratikoaren buru” izan delako. Bere iritziz, gizarteak babestu du azken legealdian bere alderdia erakundeetan egiten ari den “lan serio eta eraginkorra”, zein autogobernuaren eta erakundeen defentsan duen “sinesgarritasuna”. Hilaren 26ko udal eta foru hauteskundeak “aukera berri bat” eskainiko dute, bere iritziz, “Ordizia eta Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko” eta lurraldeak bere osotasunea “etorkizunera begira jarraitu dezala” erabakitzeko.