Espetxeen kudeaketa Euskadira ekartzea lehentasuna dela berretsi du EAJ-PNVk

Arabako Zaballa espetxera egin duten bisitan, legebiltzarkide jeltzaleek gogora ekarri dute Espainiako gobernuak eskuduntzak Euskadiko erakundeen ardurapean uzteko egin duen egutegiak espetxeen eskumenaren transferentzia uztailera arte atzeratzen duela , eta egutegia bera 2020ko urtarrilean ixtea aurreikusten duela. “Lehenetsi beharreko gai bat da eta hala jasota dago PSE-EErekin adostu genuen koalizio akordioan. Hori aintzat hartzea exijitzen dugu”

Espetxeen kudeaketa Euskadira ekartzea lehentasuna dela berretsi du EAJ-PNVk 01Otsailak
2019
2019 OtsailaK 01 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

“Espetxeen kudeaketaren eskumena Euskadira transferitu beharra legean jasota dago,eta hala betetzea eskatzen dugu. Gure taldearentzat  lehenetsi beharreko gaia da eta berdin da Eusko Jaurlaritzarentzat, hala jasota dagoelako bere konpromisoen artean eta PSE-EErekin izenpetu genuen koalizio akordioan  adierazi ziren lehentasunen artean. Ulerterraza izan beharko luke honek Espainiako exekutiboarentzat. Hala jorratzea exijitzen dugu”. Hori izan da EAJ-PNVko legebiltzarkide jaun-andreek aditzera eman dutena Arabako Zaballa espetxera bisita egin ondoren. Legebiltzarkide jeltzaleak hara joan dira Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordeko beste kideekin batera, transferentzia egiten denerako kudeaketa eredua ondo ezagutzera begira.

Gogora ekarri dutenez, espetxe legeriaren betearazpena jasota dago Autonomia Estatutuaren 12.1 artikuluan, espetxeeen antolaketa,erregimena eta funtzionamendua, berriz, 10.14 artikuluan”. “Eskuduntza badaukagu, legearen bi artikulutan, eta Estatuak egin behar duena da Euskadiko erakundeen eskuetan eginkizunak eta zerbitzuak jartzea, eskuduntza hori guk geuk egikaritu ahal izateko. Gai hau eta beste hainbat pendiente daude 40 urtetik hona. Denbora hori daramagu behin eta berriz erreklamatzen”. EAJ-PNVk era berean aztertu du Pedro Sánchezen Gobernuak iragan astean bidali zuen egutegia,baina deitoratu du espetxeen kudeaketaren kasuan negoziaketa uztailera arte atzeratu  izana eta egutegia 2020ko urtarrilean ixtea aurreikusi izana. “Berriz esan nahi dugu gai hau lehenetsi beharrekoa dela, eta transferentzia premiazkoa dela uste dugu. Autonomia Erkidegoan jasota dago, lege organiko batean,alegia, eta bere betepena ezin da inoren apetaren mende egon. Ez dago arrazoirik atzeratzea edo legea bete gabe uztea justifikatuko duenik. Legea bete egin behar da eta Estatutua legea da, batzuek komeni zaienean soilik gogoratzen badute ere”.

Interesatu Zaitez