Beasainen aurkeztutako manifestuan konpromiso pertsonala hartzeko deia egin dute gazte abertzaleek
EAJko gazteentzat emakumeen eta gizonen arteko “berdintasun erreal eta eraginkorra lortzea da gizarteak duen erronkarik handienetako bat”. Hala azaldu dute gaur, maiatzean hasi zuten formazioa ixteko Beasainen egin duten ekitaldian. Taldearen izaera feminista aldarrikatzen duen manifestuaren bidez, Gipuzkoako Euzko Gaztedik gazteen konpromiso pertsonalean jarri du indarra. “Genero-ikuspegia bizitzaren alor guztietan aplikatu behar da berdintasunak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko”, Leire Miranda, EGIko kideak, adierazi duenez. Berdintasuna “giza garapen iraunkorraren bidean apustu estrategikoa” da gazte-erakundearentzat, hain zuzen, “berdintasunaren aldeko apustua gizarte ongizatearen aldeko apustua” delako, “bai sozialki eta baita ekonomikoki ere”, Mirandaren hitzetan.
Izaera feministaren aldarrikapena
Gipuzkoako EGIko kideek berdintasunaren arloko adituekin eta arduradun politikoekin hainbat lansaio egin dituzte iazko maiatzetik abendura bitartean. Parte hartu dutenen artean daude Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Maria Eugenia Iparragirre senataria ala Miren Elgarresta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren zuzendaria. Legeria, lan arloa, hezkuntza eta familia ala emakumeen kontrako indarkeria bezalako gaien inguruko formazioa jaso dute gazteek eta hausnarketa egin eta gero, landutako ondorioak kaleratu dituzte Beasaingo itxiera saioan.
Gipuzkoako EGIk, hala, gazte taldearen “izaera feminista” aldarrikatu du gaurko ekitaldian. Feminismoa “humanismoarekin eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin“ lotuz, EGIko kideek “gure gizartean errotuta dagoen eredu patriarkal eta matxistaren aurka” egiteko konpromisoa berretsi dute.
Beasaingo Jose Miguel Barandiaran plazan egin dute manifestuaren irakurketa eta azken solasaldi bat ere antolatu dute unibertsitate, enpresa, kirol eta kultura munduko emakumeekin Igartza jauregian. Izaskun Landaida (Emakunde), Nekane Arzallus (Gipuzkoa Basket Club), Idoia Fernandez (UPV/EHU) eta Maite Garmendia (enpresaria) izan dira azken solasaldiaren parte-hartzaileak.
GIPUZKOAKO EUZKO GAZTEDIREN ADIERAZPENA GENERO-BERDINTASUNA, ETORKIZUNEKO GILTZA