Gaur bertan egin den osoko bilkuran, bozeramaile jeltzaleak deitoratu ditu gaur egungo politikagintzan ematen ari diren “garai kezkagarriak”, VOX taldearekin ideiak partekatzen dituzten taldeekin, baretzeari muzin egiten dioten eta egurra eta errepresioa aldarrikatzen duten buruzagi gazteekin, garai hauetan ere ustelkeria kasu eskandalagarriak eta aldez aurretik kondenatutako preso politikoak daudelarik
Aitor Estebanek, EAJ-PNVren legebiltzar taldeko bozeramaileak, gaur baieztatu du Kataluniako auziaren konponbidea etorriko dela,ezinbestean, “hausnarketa, moderazio eta eskuzabaltasunaren bidez konbentzitzen saiatzetik, inola ere indarra eta koakzioa erabiltzetik”, eta horregatik Gobernuko Presidenteari eskatu dio “lehen urratsak eman ditzala eta irtenbiderako bidea erakuts dezala proposamen zehatzen bidez, erretorika hutsetik eta jarrera ona erakustetik harago”, Presidenteak berak aitortu dion zerbait.
Kongresuan gaur bertan egin den bilkuran, zeinetan Pedro Sánchezek hitz egin duen, jeltzaleen bozeramaileak adierazi du “garai kezkagarrietan” aurkitzen garela, zeinetan Ganberako Talde batzuek VOXen ideiak partekatzen dituzten, Kongresuko lider gazte batzuek “baretzeari muzin egiten dioten eta egurra eta errepresioa aldarrikatzen duten”, botere judizialak inguruan duen ustelkeriak eta korporatibismoak “eskandalua sortarazten duten”, eta “akaburako”, Espainian “Europan harrigarri egiten den egoera” ematen den, Kataluniako lider independentistak espetxean daudela “soilik beren jardun politikoagatik”. “Preso politikoak dira, aldez aurretik kondenatu dituzte eta ematen du ezer ere ez dela aldatuko”, deitoratu du argi utzirik EAJ-PNV ez dagoela bat ere ados lehenagoko matxinada kalifikazioarekin ezta gaur egungo sedizio kalifikazioarekin ere.
Estebanek testuinguru honetan baieztatu duenez “batzuk eta besteak ezin dira eserita geratu gauzak noiz gertatuko zain” eta horregatik dei bat egin die guztiei “ez delako bat ere zentzuduna gutxiengo batek, kalea kontrolatzen saiatzen denak eta akordio guztiak eragotzi nahi dituenak, demokratikoki aukeratutako erakundeen gainetik egon nahi izatea; era berean, ez da bat ere zentzuduna ez aitortzea biztanleriaren zati handi batek autogobernu handiagoa, nazio aitortza eta bere etorkizuna, dena delakoa, erabakitzeko gaitasuna aldarrikatzen duela. Ez batak ezta besteak ere ezin dute jarraitu elkar ukatzen eta biztanleriari errealitatea ezkutatzen: arazo konplexua da, gehiengorik ez duena, eta negoziaketa politikoarekin baino ezin izango da konpondu, eskuzabaltasunez, etorkizunerako ikuskerarekin eta dogmatismoak arbuiatuta”.
Konpondu gabeko nazio auziaz hitz egin du Estebanek, Konstituzioaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldia gogora ekarriz, zeinetan Felipe VI.ak, bere diskurtsoan, Konstituzioaren testuaren alderdi onak goraipatu zituen Euskadi eta Kataluniako errealitateak bazter batean utzirik. “Gertakariak argiak dira eta behin eta berriz erakutsi dute Konstituzioa auzitan dagoela eta ez dagoela onartuta Euskadi eta Kataluniako sektore nagusi batzuen aldetik”, baieztatu du. “Erregeak bere baieztapen borobilarekin erakutsi zuen ez duela kontuan hartzen eta ez duela kezkatzen euskal eta Kataluniako hiritar horiek ados ez egoteak, eta Felipe VI.ak esan zuen bezala `errealitate nazional komun bakarrean` tematuta jarraitzeak ez du egonkortasun konstituzionala ekarriko”, esan du.
Estebanek era berean azpimarratu duenez “Konstituzioak izan dezakeen edozein potentzial baztertua izan da, gero eta interpretazio zorrotzagoa eginez eta jarrera zentralistaren mesedetan, zehaztasunik gabeko Estatu kontzeptu baten inguruan, Estatuko botereek eta osatzen duten funtzionarioek sekula baztertu ez dutena eta urteak joan urteak etorri gero eta ageriago geratu dena”.
Parlamentuko aritmetikari eta legealdiaren etorkizunari dagokionez, Estebanek Sánchezi eskatu dio parlamentuan izan dezakeen babesa “zabaltzera begira”, “proposamenak egin ditzala eta bloke positiboa bila dezala, eta “hitz egin eta kontsulta” dezala Kongresuan neurriak aurkeztu baino lehen, zentsura mozioan hitzeman zuenari jarraiki. Zentzu berean eskatu dio “izapidetze prozesuan gauza egingarri eta errazak proposatzea” eta bete gabe geratzen diren “akordioak betetzea”. “Euskadira transferentzia batzuk ekarri izana positiboa da baina bide horretatik jarraitu behar duzu”, esan dio Sánchezi. Zergatik ez dira betearazten ari aurrekontuetan Euskadin garatzeko jasotzen diren partidak eta proiektuak? Noizko izango dugu transferentzien egutegi bat?”, galdetu du.
Antzeko hitzekin mintzatu da Aurrekontuen inguruan, eta baieztatu du EAJ-PNV ez dela izango “kontuak onartzea eragozteko oztopo gaindiezinak” jarriko dituena, baina Sánchezi ohartarazi dionez “akordio zehatz bat lortzeko,ezinbestekoa da beste taldeen aldetik jarrera berbera lortzea, behar besteko gehiengoa osatzera begira”. “Inguruabar horiek ematen badira, akordio bat lortzen saiatuko gara, gure aldetik euskal agenda betetzeko asmoarekin,betiere”, azpimarratu du.
“Ez dira garai errazak, ez dira garai egokienak koldarrentzat”, baieztatu du Estebanek. “Herritarrek merezi dituzte gezurretan arituko ez diren ordezkari politikoak, zarataka ibili beharrean akordioak adosteko prest egongo direnak, gobernatuko dutenak eta erabakiak hartuko dituztenak, erakundeen balioa aldarrikatuko dutenak eta, gauza guztien gainetik, demokrazia liberala aldeztuko dutenak, mendebaldeko Europan totalitarismo eta bidegabekeriaren aurka eraiki dena modukoa. Herriaren erabakia errespetatzea, itunak bilatzea, gizakien arteko berdintasuna eta gutxiengoen eta egoera ahulenean daudenen defentsa. Baldintza horien gainean eraiki behar da etorkizuna. Horiek gabe, zoritxarrez, garai ilunak etorriko zaizkigu”, amaitu du .
GARRANTZITSUA: Erantsita dago Aitor Estebanen diskurtsoa.