Ordezkari jeltzaleak uste du Eusko Jaurlaritzaren egungo aurrekontu-proiektua “aurrekontu ona dela”, aurrekoa hobetzen duelako eta euskal herritarren arazo nagusiei aurre egiten dielako
Iñigo Iturrate legebiltzarkide eta Eusko Legebiltzarreko talde jeltzalearen koordinatzaileak adierazi du EAJ-PNV eta Iñigo Urkulluren Jaurlaritza prest daudela akordiorako eta elkarrizketarako, datorren ekitaldiko kontu publikoak onartzeko irekitako aurrekontu-negoziazioa dela-eta. Hori bai: taldeei ohartarazi die negoziazio hori irizpide batzuen baitan eman behar dela, eta gaur egun, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ez direla parametro horiek errespetatzen ari.
“Alde batetik, PPk dueluan jarraitzen du eta, Legebiltzarraz haratagoko arrazoiak tarteko, baztertu egiten du proiektu hau. Bestalde, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek proposamenak egin dituzte, jakinik eskumenen eta aurrekontuen eremuak gainditzen dituztela. Biei esan diegu hori ez dela bidea, baina eztabaidatuko eta negoziatuko dugula markoak errespetatzen badituzte. Ikusiko dugu aldatzen diren eta proposamenak modulatzen dituzten. Horren arabera ikusiko dugu adierazitako akordiorako borondatea benetakoa ote den, edo taktika politiko hutsa baino ez den”. Gaur-gaurkoz, gaineratu du, ez dirudi inor markoen baitan hitz egiteko prest dagoenik.
ETBren lehen katean egindako elkarrizketan, Iturratek adierazi du joan den astean euskal gobernuko sail guztiek aurkeztutako aurrekontu-proiektua “aurrekontu ona” dela, pertsonei eta horien arazoei begiratzen dielako, “ia-ia %80 gastu sozialera bideratuta”; gainera, konpromiso argia erakusten du herriaren errealitate ekonomikoarekin, inbertsioarekin, berrikuntzarekin eta Administrazio Publikoko langileekin. Hori dela eta, ordezkari jeltzaleak gainontzeko alderdi politikoei eskatu die proposamenak egiteko edo alternatibak aurkezteko orduan egin dezatela “gobernagarritasunarekin benetako konpromisoz, aurrekontuen eta eskumenen esparruan”. “Ezin ditugu gure baliabideak eta inbertsio-gaitasuna erabili gureak ez diren eskumenetan. EH Bildu kondo daki euskal pentsiodunen egoera hobetzeko proposamena ez dela aurrekontu-esparru honetan sartzen, ezta eskumen-esparruan ere”, esan du. Koalizio abertzaleak aurrekontuan onartzeko eskaintzen dituen bi abstentzioei dagokienez, Iturratek uste du horrek ere erakusten duela ez duela benetako konpromisorik Herri honen gobernagarritasunarekin. “Pozez hartuko nuke aurrekontu-akordio bat EH Bildurekin, baina horretarako, gobernagarritasunaren aldeko konpromiso serioa behar da. Hori da eskatzen duguna”, azpimarratu du.
Auzitegi Gorena
Astelehenean Sánchezen Gobernuak eta Alderdi Popularrak hitzartu zuten Manuel Marchena kontserbadorea izendatzea Auzitegi Goreneko presidente, eta baita Botere Judizialeko Kontseilu Nagusikoa ere. Ordezkari jeltzaleak uste du “ona dela” herritarren ordezkariek epaileen gobernuaren antolamendua erabakitzea. Izan ere, horri esker, Parlamentua denez herritarren ordezkaritza zuzena duena, “horrek zuzenean elkartu beharko lituzke herritarrak eta botere judiziala”.
Hori bai, ordezkari jeltzalearen ustez, arazoa da hautaketa hori nola kudeatzen den, gertatutakoak erakusten baitu ebazpen judizialen atzean bultzada politikoa dagoela. “Kontua ez da epaileek ideologia duten ala ez, baizik eta beren lana ideologia horren menpe jartzea. Zoritxarrez, hori ari da gertatzen”, amaitu du.