Legebiltzarkide jeltzalea Populazioa, Garapena eta Ugalketa Osasunari buruzko euskal Taldeartekoaren izenean joan da. Iturratek funtsezko deritzo horrelako nazioarteko foroetan egotea, “esperientziak partekatzeko, ikasteko eta garapen justu eta iraunkorrarekin dugun konpromisoa indartzeko”
Urriaren 22 eta 23an Populazioari eta Garapenari buruzko Parlamentarien Naziaorteko zazpigarren Konferentzia izango da Ottawan (Kanada). Bertan izango da Iñigo Iturrate, EAJ-PNVren parlamentari eta Populazio, Garapen eta Ugalketa Osasunari buruzko euskal Taldearteko kidea. Nazio Batuen Populazio Funtsak bi urtean behin antolatzen du konferentzia hori. Iturratek esan duenez, Konferentzia aukera bikaina da ikusteko nazioarteko agenda politikoan zer nolako eragina duten zenbait eztabaidak, adibidez, osasunak, eskubide sexualak edo familia planifikazioak. “Mundu mailako diagnostikoa izango dugu. Horrek aukera emango digu gobernuen politikak hobeto diseinatzeko, sexu- eta ugalketa- eskubideak babesteko, bereziki emakumeenak”. Iturrateren ustez, ezinbestekoa da lankidetza, informazioa trukatzea eta horrelako jardunaldietan egotea emakumeen bizitza hobetzeko. “Emakumeen eskubideak sendotzea gizartea sendotzea da”, baieztatu du.
Iñigo Iturratek euskal erakundeek eremu horretan osasun eta bizitza aukera hobetzeko egiten duten lana goraipatu du, bereziki aipatuz Legebiltzarreko taldeartekoa. “Milaka dira desberdintasunak, tratu txarrak, informazio eta formazio falta edo babes sozial eta politiko hutsa pairatzen duten emakumeak. Funtsezko eskubideen urraketa horiek askotan isilarazten dituzte eta horien aurrean ez ikusiarena egiten dute, eta horri aurre egin behar diogu guk. Egunotan Ottawan egiten dihardugun konferentzian eta gisa horretakoetan, ebaluatu eta interpelatu egiten gaituzte; laguntzen digute ikusten ea osasuna eta garapena gure lehentasunen artean dauden, eta ea benetan lanean dihardugun kolektibo horren premiak artatzeko”.
Nazio Batuek bi urtean behin egiten duten topaketan elkartuko dira mundu osoko 300 inguru parlamentari, gobernuetako kide eta pertsona aditu. Zazpigarren konferentzia honen xedea da munduko eskualde guztien arteko elkarrizketa sustatzea eta populazio eta garapen alorreko politiken aplikaziora bideratutako baliabideak mugiaraztea. Nazioarteko komunitatearentzako une erabakigarrian iritsi da gainera. Izan ere, datorren urtean El Cairoko agendaren 25. urteurrena izango da, eta baita UNFPAren 50. urteurrena ere. Hain zuzen ere, bertaratuek ebaluatu egingo dute El Cairon populazioari eta garapenari buruz onartutako jarduera planaren betetzea.
Antolatzaileen (UNFPA, eskualdeetako sare parlamentarioak eta Kanadako gobernua) nahia da ordezkaritza parlamentarioek ekintzara bideratutako akordioak lortzea, eta kontuan izan ditzatela aurreko nazioarteko konferentzietan hartutako konpromisoak, hala nola garapen jasangarrirako 2030 Agendaren esparrua.