Itxaso Atutxak alderdi guztiak gonbidatu nahi ditu estatus berrirako testuaren inguruan jarrerak adostera, baina ohartarazi du EAJ-PNVk ez duela “inoren beto edo mehatxurik” onartuko

Bizkai Buru Batzarreko presidente andreak uste du “aurrera egiteko erdibidea” bilatu beharko dela eta alderdi ez abertzaleek “ahalegina” egin beharko luketela

Itxaso Atutxak alderdi guztiak gonbidatu nahi ditu estatus berrirako testuaren inguruan jarrerak adostera, baina ohartarazi du EAJ-PNVk ez duela “inoren beto edo mehatxurik” onartuko 16Uztailak
2018
2018 UztailaK 16 |
BBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak animatu nahi izan ditu elkarlanean jardutera Autogobernu lantaldearen baitan garatzen ari den estatus berriari buruzko akordioak lortzera begira. Era berean ohartarazi du EAJ-PNVk ez duela “inoren betorik eta are gutxiago mehatxurik” onartuko. “Betidanik esan dudan gauza da, eta berriro esango dut, abertzaleak ez direnak akordio honetara hurbildu nahi ditudala eta batez ere, eguneko lanera eta esku artean daukagun proiektura; baina onartuko ez duguna da, gehiengoa izan zein ez, inoren betorik eta are gutxiago mehatxurik”, berretsi du.

Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ irratsaioan egin dioten elkarrizketan, Itxaso Atutxak erantzun egin nahi izan dizkie PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak egin dituen adierazpenei. Mendiak baieztatu berri du EAJ-PNVk eta EH Bilduk Gernikako Estatutuaren erreformarako adostutako testua ez dela “praktikara eramango”. Zentzu honetan Atutxak esan du Mendiak “ondo baino hobeto” dakiela zein den jeltzaleek eta sozialistek autogobernuaren auzia gobernu akordiotik kanpo uzteko erabakiaren arrazoia, batzuen eta besteen jarrerak argiak direlako. Horregatik esan du “aurrera egiteko erdibidea” bilatu beharra dagoela. “Legebiltzarrera gehiengoen proposamen bat eraman dugu akordioa nahi dugulako -esan du-, eta uste dut alderdi ez abertzaleek ere ahalegin hori egin beharko luketela”.

Ildo beretik, Bizkaiko jeltzaleen buruak Eusko Legebiltzarrean EH Bildurekin Gernikako Estatutuaren erreformarako adostu den testuaren garrantzia azpimarratu du, talde soberanistak berak “historiko” jo duela gogora ekarriz. Era berean gogoratu duenez “historikoa ere izan zen Ibarretxe Lehendakariaren eskutik lortu zena eta historikoa izan zen orduko esker abertzaleak eman ez zuen babesa”. Bizkai Buru Batzarreko presidenteak baieztatu duenez “herri honetan hainbat une historiko bizi izan dira eta esker abertzaleak uko egin die “beste hainbat momenturi”. “Oraingo hau historiko bihurtu dute beraiek ere akordioan daudelako. Ikusten dudana da EH Bilduren aburuz herri honetan gauzak gertatzen dira soilik beraiek ere tartean daudenean”, baieztatu du. “Baina lortu den akordio honi ez diot garrantzia kendu nahi, uste dut oso garrantzitsua dela eta pozten naiz, eta ea honakoaz gain beste akordio batzuk lortzerik dagoen eta gutxieneko hurbiltze bat ematerik dagoen”, baieztatu du.

Itxaso Atutxari era berean galdegin diote transferitu gabe dauden eskuduntzez, eta erantzun du transferentzia horiei buruz hitz egiteko Estatuaren eta Eusko Jaurlaritzaren alde biko batzordea laster batzartuko dela, oraindik datarik ezarri ote den ez dakien arren. “Ez da arazorik egongo agenda bat adosteko”, baina era berean azaldu duenez “beste kontu bat izango da parte bakoitzak zer jarrerari eutsiko dion zehaztea”. Ildo beretik adierazi du espetxeen eskuduntza “legealdia amaitu baino lehen” lor zitekeela. Edozein kasutan, Bizkaiko burukideak era berean esan du Gobernu zentralak gaur egun erakutsitako jarrera “oso positiboa” dela. “Oso baikor ikusi ditut presidentea, presidenteordea eta Meritxell Batet ministroa”. Gainera, Urkullu lehendakariak ere Sánchez presidenteari esan zion pendiente dauden transferentziak zein diren eta zein egoeratan dauden”, gogoratu du. Euskadira transferitzeke dauden eskuduntzei dagokienez Atutxak zera esan du “azken egunotako adierazpenei erreparatzen badiegu, esan genezake lehenengo espetxeena eskura dezakegula edo, gutxienez, PSOEren Gobernu honek ez lukeela hori bideratzeko arazo handiegirik izango”. “Uste dut une honetan ez dagoela segurtasunik, baina izan liteke legealdia amaitu baino lehen hori gertatzea”, azaldu du. Gizarte Segurantzari dagokionez, burukide jeltzaleak esan du “nahiko zail” dagoela eta gogora ekarri du PSOE eta PP “kontra egon direla Gobernuan egon direnean”. Era berean gogoratu du Gernikako Estatutuaren betepen osoa ere dela “PSEk Eusko Legebiltzarrean hartu duen konpromisoa” eta baieztatu duenez “itxaropentsu begiratzen diegu pendiente dauden transferentziei buruz aldebiko batzordeak egin behar dituen bilerei”.

Interesatu Zaitez