Onarpena arindu nahi dute, ahalik eta adostasun politiko handienean oinarrituta. Helburua da milaka familiari laguntzen diharduen prestazioa hobetzea
Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak legebiltzar-taldeek gaur goizean aurkeztu dute, Eusko Legebiltzarrean, Diru-Sarrerak bermatzeko eta Inklusiorako lege-proposamena. Arauaren oinarriak dira Beatriz Artolazabal sailburuak 2017ko maiatzean Legebiltzarrean aurkeztutako neurriak, eta kontuan izan ditu azken sei hileotan parlamentuan hirugarren sektoreko hogei erakunde inguruk egindako ekarpenak.
Gobernuak 2018 urte amaierarako zeukan aurreikusita, bere lege-egutegian, erreforma hau bidaltzea. Hala ere, bi taldeek uste dute funtsezkoa dela tramitazio arinagoa egitea. Horrela, Amaia Arregi eta Gloria Sánchez parlamentariek azaldu dutenez, Ganberako gainontzeko taldeekin bat egiten duen borondateari ere erantzuten zaio.
Lege-proposamenaren funtsezko helburua da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren sistema hobetzea, 18/2008 Legean ikusitako disfuntzio batzuk zuzenduz, eta bere diseinua egokituz egungo testuinguru sozioekonomikoaren arabera. “Prestazio-eredu horrek gizarte politiken abangoardian kokatu gaitu, eta nahi dugu eredu hori zaindu, hobetu eta iraunkor egin. Tresna honek ekidin du urtero 132.000 pertsona baino gehiagok pobrezia-egoera pairatzea, eta lanpostu batera behar bezala prestatuta iristea. Balio duela uste dugu, eta sinesten dugu elkartasuneko, justiziako eta gizarte kohesioko printzipioetan. Printzipio horiek izan ziren sistema horren oinarri, eta orain, onartu zenetik 10 urte igarota, indartu eta perfekzionatu beharra daukagu”.
Hori lortzeko, bi taldeek espero dute oposizioko talde guztien parte-hartzea izatea, eta espero dute guztiek “arduraz, zorroztasunez eta seriotasunez jokatzea”, erreformarik onena adosteko, negoziatzeko eta ixteko. “Gure asmoa zintzoa da eta uste dugu akordio on batera iritsi gaitezkeela, batzen gaituen zerbait sendoa dagoelako”, nabarmendu dute bi legebiltzarkideek.
Arregik eta Sánchezek nabarmendu dute diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta gizarte inklusiorako egungo ereduaren eskubide bikoitza, “aitortu egiten baitu bai bizitzako oinarrizko premiei aurre egiteko baliabide ekonomikoak izateko eskubidea, bai lan- eta gizarte-aktibaziorako laguntza pertsonalizatuak izateko eskubidea”. Hori dela eta, proposatutako erreformak bereziki dauka kontuan Europar Batasunaren 2017ko apirileko Gomendioa, Eskubide Sozialen Europar Ardatzari buruzkoa. Horrek ezartzen aduenez, “baliabide nahikoak ez dituen pertsona orok eskubidea du gutxieneko errentako prestazio egokiak izateko, bizitza duina bermatuko diotenak bizitzako garai guztietan zehar, hala nola kapazitaziorako zerbitzu eta ondasunetarako sarbidea. Lan egin dezaketen pertsonentzat, gutxieneko errentako prestazioak konbinatu egin behar dira lan merkatuan (ber)sartzeko pizgarriekin”.
Adin txikikoak, pentsiodunak, pertsona errefuxiatuak
Zioen azalpenean jaso bezala, eguneratze hori beharrezkoa zen ikusirik langabeziaren gorakada, epe luzeko langabetu-kopuruaren hazkundea, pertsona migratzaileen baliabide pertsonalen falta, edo baliabide ekonomiko gutxidun pentsiodunen egoeran.
Eskariak gora egiteak eta orain arte aurreikusi gabeko egoerak agertzeak beharrezko egin dute arau malguagoak izatea. Berritasunetako bat da bizikidetza unitateen definizio berria. Kontzeptu horrek zabaldu egiten du familien kontzeptua, eta errealitate berriak aurreikusten ditu: adibidez, familia-harremanik gabe etxea partekatzen duten pertsonena.
Zenbatekoei dagokienez, erreferentzia aldatzen da. Horretarako, gutxieneko gastuen adierazle bat ezartzen da, bizikidetza unitate guztientzat komuna, zeinari gastu gehigarriak batzen zaizkion, gero eta handiagoak bizikidetza-unitate berean adin txikiko gehiago egon ahal bazterketa arriskuan, guraso bakarreko familiak direnean, ezgaitasun kasuetan edo familia-eremuko tratu txarren biktimak daudenean.
Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin batera, Pentsiodunentzako Bermatutako Errenta sortzen da. Azken hori zuzentzen zaie nukleo pentsiodun baten baitan dauden pertsonei, beren oinarrizko premiei lotutako gastuei aurre egiteko diru-sarrera nahikoak ez dutenei. Eta pertsona errefuxiatuen eskubidea aurreikusten da, zeintzuek lege-proposamen honetan bere gain hartutako zenbait baldintza betetzerakoan inguruabar bereziak dituztenean ez baituten padroi-baldintza bete beharko.
INKLUSIOA INDARTZEA ETA KUDEAKETA ERAGINKORRA
Gainera, testuak inklusio-lana indartzea ere dakar. Konpromiso hori hartzen dute bizikidetza-unitateko edo nukleo pentsioduneko kide diren pertsona guztiek. Sistema onuragarriagoa da, izan ere, ez betetze bat ematen bada, unitate edo nukleoari ez zaio kenduko oinarrizko sarrera gisa balio dion zenbateko osoa; horren ordez, zenbatekoa aldatu daiteke emandako ez betetzearen arabera.
Egokitzapenek zerikusia dute baita ere eskubide berriak gehitzearekin. Adibidez, Etxebizitza Legeak bermatzen duena. Horrek behartzen du diru-sarreren bermerako sistemako prestazio gehigarria ezabatzera; izan ere, laster onartuko den eskubide subjektiboko dekretuaren bidez arautu beharra dago.
Horri guztiari batuko zaie prestazioen eraginkortasuna hobetzeko aurreikuspenak. Hori da hartzaileek eta gizarte osoak eskatzen duten beste helburuetako bat, tramitazio- eta kudeaketa-prozedurak sinplifikatuz. Hori dela eta, helburua da hartzaileak ez kaltetzea, behar ez zuten kantitateak jasotzen badituzte.