Eratu da “ADOS” Aholku Batzordea, Euskadiko erkidego islamikoekin lankidetzan jarduteko, eta Urkullu Lehendakariak ere bertan parte hartu du

Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru dela, eta Euskadiko erkidego islamikoetako pertsonek eratu dute, gaur goizean, “ADOS” Aholku Batzordea. Guztira, 16 eragilek jardungo dute lankidetzan bizikidetzaren alde lan egiten eta arrazismoari, xenofobiari, islamofobiari edo erlijioagatiko nazioarteko terrorismoari aurre egiten

Eratu da “ADOS” Aholku Batzordea, Euskadiko erkidego islamikoekin lankidetzan jarduteko, eta Urkullu Lehendakariak ere bertan parte hartu du 14Apirilak
2018
2018 ApirilaK 14 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Batzorde hori eratu da Eusko Jaurlaritzak euskal erkidego islamikoarekin batera bizikidetza sustatzeko duen jarduketa-programa onetsi ondoko lehen urrats gisa. Lehendakariak baieztatu du “elkarrekin lanean dihardugula, elkarrekin eta bakean bizi nahi dugulako”. Horrek erakusten du “Euskadin erkidego islamikoak euskal gizartearen errealitate anitzaren parte direla”, esan du Lehendakariak.

Gaur goizean Lehendakaritzan eginiko ekitaldi batean, onartu egin da asteon Gobernu Kontseiluak onetsitako Euskal erkidego islamikoarekin batera bizikidetza sustatzeko jarduketa-programaren bereizgarri argienaren edukietako bat: ADOS Aholku Batzordea eratzea, Euskadiko Erkidego Islamikoekin lankidetzan jarduteko.

Lehen akordioak

Batzorde honek, gaur, lehen bilera izan du, eta, bertan, lau akordio adostu dira:

-        Horietako bi batzorde honen lanaren oinarri izango diren bi azterlan enkargatzea da: egungo errealitateari eta erkidego islamikoak euskal gizartean bizikidetzan jarduteko ikuspegiei buruzko txosten bat eta, bestea, musulmanek Euskadin dituzten kezka eta aldarrikapenei buruzko txostena.

-        Hartu den hirugarren akordioaren bidez, lan-talde bat eratu da ADOS Aholku Batzordearen barruan, eta horren eginkizuna da euskal errealitatean integratzen den islama sustatzeko proposamen eta neurriak aztertzea.

-        Azkenik, gaur egin den topaketan, ADOS Aholku Batzordeak eta Euskadiko Erkidego Islamikoek egiten duten lanaren arteko komunikabideak adostu dira.

ADOS Aholku Batzordeak lehen bilera egin ondoren, topaketa izan du Iñigo Urkullu Lehendakariarekin; bertan, batzordekideek hartu dituzten erabakien eta aurtengo urterako duten lan-planaren berri eman diote.

“Elkarrekin eta bakean bizi”

Lehendakariak Batzorde hau sortu izana goraipatu du, eta eskerrak eman dizkie batzordekideei, azken hileotan eraketaren oinarriak adosteko eginiko ahaleginagatik. Lehendakariak eginiko adierazpenean nabarmendu du “oraina eta etorkizuna bizikidetzan jardutea” dela, eta bizikidetzan jarduteak esan nahi duela “pluralismoaren aitorpena eta integrazioa”, bai eta “giza eskubideen errespetua eta defentsa” ere.“Elkarrekin eta bakean bizitzea posible da oinarri horren gainean, eta hau da elkarrekin ADOS Batzordetik sustatu nahi dugun proiektua”, esan du Lehendakariak.

Lehendakariak baieztatu du nazioarteko terrorismoa ideia horren aurka doala eta “gure bizikidetzaren esparruaren euskarri den pluralismoa desbideratzea” eragin nahi duela. Horren aurrean, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren apustua dela pluralismoan oinarritzen den bizi-proiektua defendatzea, sustatzea eta partekatzea. Hori horrela, esan du “Euskadin erkidego islamikoak euskal gizartearen errealitate anitzaren parte direla”.

Ez da defentsa-estrategia, mehatxu larriaren aurrean. Urkullu Lehendakariak defendatu du estrategia partekatu horrek “Europako eta munduko bilakaera zibikorako, sozialerako eta politikorako erronkari erantzuten diola, XXI. mendeak gizateriarentzat dakartzan eskakizunen neurrira.

Bestalde, Hajar Samadik, Euskadiko erkidego islamikoetakoak, ADOS Batzordea martxan jarri izanagatik eskerrak emateko eta ezarritako helburuekin duen konpromisoa erakusteko hitz egin du.

ADOS Batzordearen eginkizuna 

Batzorde horrek partekatutako borondatearen gainean eta euskal islama, tolerantea eta irekia eta erlijioagatiko terrorismoaren edozein legitimizazioren aurkako islama aitortu eta sustatzeko akordioaren gainean lan egingo du. Hori horrela, ADOS Aholku Batzorderen eginkizuna erkidego islamikoek euskal gizartean bertako parte gisa bizikidetza integratua izan dezaten sustatzea eta finkatzea izango da. Honako helburu hauek ditu:

-        Eusko Jaurlaritzak euskal erkidego islamikoarekin batera bizikidetza sustatzeko duen Jarduketa-programaren garapenean aholkularitza eta lankidetza ematea.

-        Euskal gizartean errotuta dagoen islama, tolerantea eta irekia eta erlijioagatiko terrorismoaren edozein legitimizazioren aurkakoa sustatzeko aholkularitza eta lankidetza ematea.

-        Euskadin erkidego islamikoek dituzten beharrei erantzuteko aholkularitza eta lankidetza ematea, euskal gizartean hobeto integratu daitezen.

-        Euskal erakundeen eta Euskadiko Erkidego Islamikoen artean komunikazio arina egon dadin laguntzea.

ADOS batzordea: Egitura

ADOS Batzordean, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, EUDEL eta Euskadiko Erkidego Islamikoetako zortzi kide egongo dira ordezkatuta:

-        Eusko Jaurlaritzaren izenean, Jonan Fernandez, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren ordezkaritzan, Batzordearen presidente izango dena; Carlos Muñoz, Segurtasun Sailaren ordezkaritzan; Lide Amilibia, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren ordezkaritzan; Lucia Torrealday, Hezkuntza Sailaren ordezkaritzan; eta Dolores De Juan, Justizia Sailaren ordezkaritzan.

-        Foru-aldundien aldetik: Nekane Zeberio, Arabako Foru Aldundiaren ordezkaritzan; María Guijarro Bizkaiako Foru Aldundiaren ordezkaritzan; eta Maribel Vaquero, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritzan.

-        EUDELen ordezkaritzan, Josune Irabien.

-        Euskadiko erkidego islamikoetako kide gisa: Moulay Driss Sadiki, Aziz Messaoudi, Hajar Samadi, Rehmat Khan, Mor Talla Kamara, Othman Gómez Kortazar, Ahmed Zannouti eta Ayman Gaafar.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez