Ortuzar: “Aurrekontuak izapidetzeko orduan EAJk bere printzipioen arabera eta Euskadiren alde eginez jardungo du”

EBBko presidenteak talde jeltzaleak 155.artikuluaren kontra dagoela berretsi du, Estatuko botereei eskatu die Kataluniako Parlamentuari eragozpenak jartzeari uztea eta burujabetasuna aldarrikatzen duten alderdiak animatu ditu Kataluniako erakundeak berreskuratzen lagunduko duen Gobernua eratzea lehenestera

Ortuzar: “Aurrekontuak izapidetzeko orduan EAJk bere printzipioen arabera eta Euskadiren alde eginez jardungo du” 10Apirilak
2018
2018 ApirilaK 10 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak argi baino argiago utzi ditu gaur Espainian aurrekontuak onartzeko ireki den izapidean EAJren jarduna gidatzen eta gidatuko duten irizpideak: printzipio jeltzaleekiko koherentzia eta Euskadiren interesen defentsa. Printzipio horien ondorioz, Ortuzarrek zuzentzen duen alderdiak uko egin dio Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzeari 155. artikulua Katalunian indarrean dagoen bitartean. Ortuzarrek berak Aberri Egunean adierazi bezala “artikulua bera eta Katalunian egiten ari den aplikazioa dira Euskadiri eta gure autogobernu ideiari egiten zaien erasoa”. Dena dela, Ortuzarrek uste du oraindik “astia egon badagoela” normaltasuna Katalunian eta Espainiar estatuan berrezar dadin, hori delarik EAJk aurrekontuak negoziatzera sartzeko jartzen duen baldintza. “Borondate politikoa badago, edozer egin daiteke. Denbora falta da Aurrekontuak Kongresuan aurkeztuak izan daitezen eta aukera badago lehenago zerbait egiteko,eta hori da guk eskatzen duguna: politika. Epaiketa gutxiago, jardun judizial gutxiago, ebazpen gutxiago, atxilotzeko agindu gutxiago eta zerbait egiten hastea, politikatik eta politikarekin, Katalunian egoera politikoa bere onera itzul dadin”, esan du Ortuzarrek gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

Talde jeltzaleak Aurrekontuen aurrean izango duen jarrerari buruz egin dizkioten galderei erantzunez, Ortuzarrek argi baino argiago hitz egin du: “ Ematen du EAJ dela orain dena azaldu behar duena, baina beste batzuk dira zerbait egin behar dutenak, eta guri dagokigu hori ebaluatzea. Besteen jokaera politikoaren arabera, guk erabaki bat edo beste hartuko dugu. Ez dugu onartuko zama guztia EAJren gainean jartzea. Espainiako politikaren erantzukizuna ez dago EAJren eskuetan, eta EAJren eskuetan badago,hori da Espainiako politikariak oso txarto aritu direlako. Hori ez dago gure esku,ez da gure erantzukizuna. Guk gure erabakia hartuko dugu askatasun osoz eta erantzukizun osoz. Gure politika oinarritzen den balore eta printzipioen araberako erabakia hartuko dugu, eta Euskadirentzako onena hobetsiko dugu. Horiek izan dira eta dira gure oinarri nagusiak: gure printzipioekiko koherentzia eta Euskadiren defentsa. Guk printzipio eta balore batzuekin koherente izaten jarraitzen dugu,eta horregatik ez dugu gustuko 155. artikulua, ez zaigu gustatzen Kataluniako auzia nola eramaten ari diren. Eta bigarren gaia da Euskadiren interesen defentsa: Euskadirentzako onena lortzen eta aurrera ateratzen saiatuko gara”.

Ortuzarrek baieztatu duenez, Euskadiko hedabideetan Aurrekontu Orokorrei osoko zuzenketa aurkeztearen inguruko albistea argitaratu den arren “hori da oraindik erabaki gabe daukagun gaia. Astia badago apirilaren 20ra arte. Gertakarien arabera, emango diren urrats politikoen eta egingo diren keinu politikoen arabera, erabaki bat edo beste hartuko dugu”. EAJko buruari ere galdetu diote EAJ ausartuko ote den “Euskadiko inbertsioa %32 igotzea“ aurreikusten duten Aurrekontuak atzera botatzera. “Propaganda gutxiago”, erantzun du Ortuzarrek. “Inbertsioaren %32ko igoera hori ondo dago, baina iazko akordioaren betepena baino ez da. Abiadura Handiko Trenerako programatu diren inbertsioak edo argindar tarifen arazoa ekiditeko neurriak dira. Ez da oparia, ez da amua, gu negoziatzera sar gaitezen. Hori lehenagotik zegoen eta egon behar zuen, eta dago. Ondo dago akordioak betetzea, baina hori da iazko akordioa betetzea”. Jeltzaleen buruak Euskadiko Partido Popularreko buruei mezu argia luzatu nahi izan die. “Euskadiko PP arnasestuka ikusten ari naiz gai honekin, ez dira onak lagunak egiten. Gu deseroso jartzen edo herritargoa gure kontra jartzen saiatzen ari badira, lortuko dutena izango da gu haserretzea. Alfonso Alonsok esan du EAJn Puigdemontek agintzen duela. Alonso lagunak egiten. Ez dakit halako gauzekin zer irabazten duen. Berak badaki eragozpenak non dauden, berak badaki gure aukerak non dauden, zer egin behar den eta zer ez. Horrenbeste hitz egin beharrean, hobe luke gehiago egitea, ez baitute hitz egitea baino egiten”.

Zer egin behar du PPk EAJ Aurrekontu Orokorrak negoziatzera sar dadin? galdegin dio elkarrizketatzaileak. “Kataluniako gobernuak Kataluniako Parlamentuak aukeratutako ordezkari legitimoen eskuetan egon behar du. Egia da erantzukizun horren zati bat Kataluniako alderdiei eta Kataluniako Presidenteari dagokiela, eta espero dut haiek ere norabide zuzenean joatea, beraiek direlako Govern hori osatzeko interesik handiena dutenak. Baina Estatuko botereetatik ere utzi beharko diote eragozpenak jartzeari eta orain arte ikusi dugunagatik, eragozpenak egunero jartzen ari dira”, esan du Ortuzarrek. “Kataluniako lagunei“ bidaltzen dien mezuaz galdetuta, Ortuzarrek zintzotasun osoz erantzun du. “Benetan uste dut lehentasun nagusiena Kataluniako erakundeak berreskuratzea dela. Nik ulertzen dut Kataluniako politika eta burujabetasunaren aldeko alderdiak bi ibaiertz dituen ibaian bizi direla: ertz bat da legitimitate demokratikoarena, `proces´ deritzonarena, iraganetik gertatu denarekin koherente izatea; baina, beste ibaiertza da, politikoki horren narriatuta dagoen egoerarekin eta sei hilabetetan gobernurik gabe eta erakundeak ordezkari legitimoen ardurapean egon gabe, Govern legitimoa izatea, abenduaren 21ko hauteskundeetatik sortutako gobernua. Ni, ibaiertz bi horien artean, gauzak dauden moduan, Gobernua berreskuratzera hurbilduko nintzateke, egoera horretatik dena eraiki ahal delako, denbora galdua berreskura daitekeelako, bestelako bide politikoa bilatu ahal delako, helburuei eutsiz, baina gauzak bestela eginaz”.

Ortuzarri galdetu diote Baionan, ETAren armagabetzearren lehen urteurrena ospatzeko, erakundearen sinboloa den aizkora erakusten duen eskultura jarri izanaren inguruan sortu den hika-mikaren gainean. “Polemika honekin argi geratu dena izan da indarkeriaren gaiak, oroimenaren gaiak, gure iragan hurbilaren gaiak sumindura eragiten dutela, kontu handiz ibili beharra dagoela. Zauriak orbandu gabe ditugu oraindik eta kontu handiz ibili beharra dago. Batzuetan ikusten dugu Iparraldeko eragile politikoek eta kolektiboek, beren borondaterik onenarekin, eginkizun bat bete nahi dutela, eta bete egiten dutela, baina batzuetan jarraian konturatzen zara ez direla jabetzen Hegoaldean gatazka politikoa eta bere ondorioak bestela bizi izan direla, zauriak guztiz bestelakoak direla eta zuhurtasunez jokatu beharra dagoela. Sinboloak oso garrantzitsuak dira, politikak oso garrantzitsuak dira. Ulertzen dut Iparraldean egiten ari diren ekimenak borondate onez egiten direla, baina hori ez da prozesuak behar duen eredua. Eredua hurbilago dago Eusko Legebiltzarrean Oroimenaren inguruan egin den lanketatik, hemen eratu diren mahaietatik. Iparraldeko armagabetzea ondo egon zen, arazotik irteteko modu berritzailea izan zen, baina ezin da pentsatu hori izango dela euskal gizarteari adiskidetzea ekarriko diona, lanketa hori arazoa gogorren dagoen tokian egin beharko dugulako, Hegoaldean, eta ez Iparraldean”. Eta Otegik EAJri buruz egin dituen adierazpenez galdetuta, zera erantzun du: “Otegi ezin da beti besteei begira egon. Etxerako lanak berak egin behar ditu. Bera, bere alderdia eta bere inguru politikoa dira etxerako lanak egin behar dituztenak. Ataza horretan atzeratuen daudenak. Gainerakoek ere argi dago gauzak apaltasunez, autokritika eginez egin behar ditugula. Baina berak ere dagokiona egin behar du eta ezin da beti besteei begira egon edo Iparraldera ihesian irteten ibili. Iparraldekoa ez delako hemen gertatuko, ondorioak bestelakoak direlako, planteamenduak ezberdinak direlako eta politikak hemen bestelako baldintzak dituelako. Gizon honek eta bere alderdiak asumitu behar dutena da,gustuko izan ez arren, euskal gizartea hauxe dela, euskal gizartearen gehiengoa Hegoaldean dagoela eta elkarbizitza hori euskal gizarte osoari eman behar diogula”.

Interesatu Zaitez