Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Euskadiren martxa ona aldarrikatu du, baina “espainiar nazionalismo zaharkitua” deitu duenaren sorreraz ohartarazi du EAJ-PNVk Bilboko Plaza Barrian ospatu duen Aberri Egunean
Iñigo Urkullu Lehendakariak pertsona langabe eta pentsiodunekiko konpromisoa berretsi du, eta baieztatu du Europako herrialde aurreratuenen gizarte eta berdintasun politikak direla “euskal Aberriak bere askatasuna lortzeko bidean daukan erreferentzia nagusia”.
Azken 40 urteotan ahalegin eta lan handiz lortu duguna babestea; oinarri horrekin, Euskadiren nazio eraikuntzan aurrera egiten jarraitzeko. Hori izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJ-PNVk ‘Gure etorkizuna, gure Aberria’ goiburuarekin Aberri Eguna ospatzeko egin duen ekitaldian, Bilboko Plaza Barria gainezka jarri duten ehunka alderdikide, alderdizale eta laguni luzatu nahi izan dien mezua. “Herri gisa, ondo gaude, eta are hobeto egotea espero dugu, baina ez gara irla bat: arazoak ditugu eta erronkei aurre egin behar diegu, eta kanpoan gertatzen dena eragina du gure bizitzan, gure egoeran. Horregatik, gure erronka nagusia izango da gurea babestea, orain arte lortutakoa defendatzea eta adi egotea, euskal autogobernuak inguruko mehatxuei aurre egin diezaien eta aurrera egin dezan. Oso urrun iritsi gara eta aurrera egiten jarraitu nahi dugu. Eraikitzen jarraitzea eta daukagunean oinarrituta aurrera egitea. Horretan ari gara Eusko Legebiltzarrean Autogobernu Estatus Berriarekin; horretan ari gara Nafarroan eman den aldaketa finkatzeko; eta horretan ari gara Ipar Euskal Herrian Euskal Elkargoa babesteko”, esan du Ortuzarrek, gaur goizean, Ortuzar bera eta Iñigo Urkullu Lehendakaria hizlari izan dituen ekitaldian. Lehendakariak kutsu europazale argia izan duen diskurtsoa eskaini du. “Gure erronka nagusia da Euskal Aberriaren askatasuna, eta Europako herrialderik aurreratuenak dira gure erreferentzia nagusia. Europa da gure etorkizuna, gure eredua: Giza Eskubideak, kulturartekotasuna, garapen ekonomikoa, gizarte babesa, askatasuna eta berdintasuna. Berdintasuna da gizabanako guztien helburua eta, bide horretan, Europako herrialderik aurreratuenen ereduari jarraituko diogu”, aldarrikatu du Urkulluk José Antonio Agirre europazale konbentzitu eta aitzindariaren hitzak gogoratu ondoren.
Espainiar Estatuan bizi den eta euskal herriari zuzenean eragiten dion krisia oso presente egon da Ortuzarren diskurtsoan. Jeltzaleen burua kezkatuta agertu da “espainiar nazionalismo zaharkituak” bizi duen indarraldiagatik. “Gauza bat da abertzaletasun positiboa, bere nortasuna aldarrikatzen duena baina besteena auzitan jarri gabe, gurea bezalakoa; eta beste gauza ezberdina da nazionalismo ukatzailea, bere burua aldarrikatzeko, inguruko guztiak menperatu eta zapaldu behar dituena. Hori ez da abertzaletasuna, autoritarismo hutsa da”, salatu du.
EBBko presidenteak agintarien tribunan eserita egon diren bi pertsonei adierazi die bere elkartasun eta solidariotasun osoa. Pertsona hauek izan dira Montserrat Candini, Calellako alkate eta PDeCAT alderdiko Harreman Instituzionaletarako eta Gizarte Zibilarekiko Harremanetarako arduraduna, eta Eduard Pujol, Parlamenteko Junts per Catalunya taldeko bozeramaile laguntzailea. Eta Espainian ematen ari den egoera politiko nahaspilatuan EAJ defendatzen ari den jarrera ekarri du gogora: “155. artikulua eta Katalunian egiten ari den aplikazioa ere badira Euskadiren eta gure autogobernu ideiaren kontra eginiko erasoa. Gure nahia da kataluniar eta euskal autogobernuak beren ordezkari legitimoen ardurapean egon daitezela. Guk ez dugu inor bere ideia politikoak defendatzeagatik espetxean egoterik nahi. Guk ez dugu nahi epaileek nork goberna dezakeen eta nork ez erabakitzerik. Katalunian gertatzen ari dena oso larria da. Eta gure printzipio eta baloreek eskatzen digute argi eta ozen hitz egitea eta egoera horren kontrako protesta egitea. Eta egoerak eskatzen digunaren arabera jardutea. Puntu horretan, Ortuzarrek zera gaineratu du “EAJrekin kontatu nahi duenak politika salbuespen egoerara eramateko erabakiak hartzeari utzi beharko dio eta kataluniar gizartearen zati handi bat iraintzeko eginbide edo adierazpen laidogarriak egiteari eta esateari utzi beharko dio. Esate baterako, ez dakit nola pentsatu ahal duten gauzak hobetuko dituztela Euskadiko aurrekontuen kontrako errekurtsoa iragartzearekin. Eta elkarrizketa bideak zabaldu behar dituzte Kataluniako gaur egungo erakundeekin, Generalitateko Gobernua albait arinen eratzea ahalbidetu behar dute eta ulertu behar dute Euskadi eta Katalunia bi nazio errealitate direla eta beren autogobernua errespetatua izatea merezi dutela”.
Jeltzaleen buruak esan du espero duela aurtengoa izan dadila ETA aktibo egongo den azken Aberri Eguna. “Gure historia osoan ETAren indarkeriaren kontra agertu gara. ETAren bortizkeriak, heriotza, mina eta etsipena ekartzeaz gain, krisi moral handia eragin zuen gure gizartean. Eta Euskadiren izena zikindu du. Orain, pertsiana behin betiko ixtekotan dauden honetan, ona litzateke beren legatu tragikoa eta bere ekintzen bidegabekeria argi eta garbi asumitzea”, esan du. Amaitzeko esan duenez, “gaur egun abertzale eta jeltzale gisa agertzeak esan nahi du Herri honekin konpromiso sendoa aldarrikatzea. Irekia eta oparoa izatea eta indarkeriatik libre egotea nahiko genukeen Aberria, bereziki indarkeria matxistarik gabe; gure nagusiak beren pentsioekin duintasunez bizi daitezela; eta gure gazteek kalitatezko enpleguak izan ditzatela eta emantzipatzeko aukera izan dezatela eta seme eta alabak izan nahi eta ahal izango dituzten familiak era ditzatela eta, horrela, euskal herritarren belaunaldi berriak bermatu daitezela. Horretan ari gara gure erakunde guztietan”.
Urkullu Lehendakariak bere hitzaldia hasteko gogoratu duenez, “Euskal Herria Europako parte da Estatuak Batasuneko kide izatera ailegatu baino lehen. Euskalduna izatea europarra izatea da”. Eta Europari buruz duen ikuskera azaldu du, gauza guztien gainetik “Europa soziala” izan behar duela azpimarratuz, “austeritatearen paradigma aldatuko duena, gazteen, emakumeen eta denbora luzean langabezian daramaten pertsonei lan munduan integratzeko aukera emango diena. Ondo baino hobeto ezagutzen ditugu pentsiodunek dauzkaten zailtasunak, ez gara demagogietan eta promesa faltsuetan eroriko. Bai exijituko dugu pentsioak KPIaren arabera igotzea. Bai eskatuko dugu Gizarte Segurantzaren erregimenaren kudeaketaren transferentzia. Bai exijituko dugu Espainiako Gobernuak pentsio sistema duina bermatzea. Bai eutsiko diogu gizarte babeserako sistemari eta pentsio txikienei ematen zaien osagarriari, 2008an legez onartu genuenari”, baieztatu du Lehendakariak.
Urkulluk era berean aldarrikatu du “Euskadi bezalako Estaturik gabeko nazio errealitateak barnean hartuko dituen Europa Politikoa. ‘Argitasun Zuzentaraua’ planteatzen dugu, beren etorkizunerako nahi duten Estatusa erabakitzeko borondatea adieraziko duten Komunitate politikoek beren hiritargoari legez araututako eta itundutako erreferendum bidez galde diezaieten. Estatu bakoitzaren barruko gaiek Batasunari eragiten diote. ‘Argitasun Zuzentaraua’ da arazo politiko bati irtenbidea emateko proposamena. Arazo hori ezin da konpondu esparru judizial eta penalak ematen dituen aukera urriekin, Espainiak Kataluniako kasuan egin nahi duen bezala. Krisi politiko hau ez dagokio soilik Espainiako Estatuari, Europako Batasun osoari dagokio. Historian zehar beren gizartea gobernatzeko borondatea adierazi duten Herriei dagokie. Katalunian eta Euskadin errotuta dagoen borondate horrek ez dio Europari kontra egiten, guztiz alderantziz, europazaletasun sendoan eta Europaren aldeko apustuan oinarritzen baita”, esan du.
Urkulluk funtzionatzen duen eta Europa mailan eredugarria den Euskadiko Giza Garapen Iraunkorra aldarrikatu du. Eta gogoratu du Euskadi dela mundu mailan bizitza itxaropen handienetakoa daukan herrietako bat, Europako bataz bestekotik beherako eskola uzte tasarekin eta Batasuneko bataz bestekoaren ia erdiko txirotasun tasarekin. Euskadiko egoera ekonomikoa ere aztertu du “16 hiruhileko daramatzagu hazkunde jarraituan eta enplegu berriak sortzen. Gogoan dut lehendakari gisa ospatu nuen lehen Aberri Eguna. 2013ko martxoaren 31 zen, krisialdi honetan langabezia gorenean egon zen hila; 873.000 pertsona Gizarte Segurantzan. Ordutik aurrera enpleguak sortu dira. Handikeriarik gabe, baina hile bakoitza aurrekoa baino hobea izan da. Gaur egun 70.000 pertsona gehiago ditugu lanean. Nahikoa ote den? Ez. Baina ereduak funtzionatzen du eta gobernatzeko era bat ezartzen du: auzolana, elkarrekin lan eginez. Lortu duguna euskal gizarte osoaren ahaleginaren fruitua da. Elkarrekin lan egin nahi dugu, enpleguz enplegu langabeziak %10etik behera egin dezan eta, ahal bada, hortik aurrera ere”.