Urkulluk Erroman aldarrikatu du Europa mailako “zuzentarau argigarria” adostea, Estaturik gabeko Nazioei “hiritargoari berme osoz galdetzeko eta beren etorkizunari buruzko negoziaketa bideak zabaltzeko aukera” ematea xede

Europako Alderdi Demokrata Italiako hiriburuan egiten ari den Kontseiluan, Lehendakariak EBri eskatu dio “pertsona bere jardunaren helburu nagusi bihurtzea”

Urkulluk Erroman aldarrikatu du Europa mailako “zuzentarau argigarria” adostea, Estaturik gabeko Nazioei “hiritargoari berme osoz galdetzeko eta beren etorkizunari buruzko negoziaketa bideak zabaltzeko aukera” ematea xede 08Abenduak
2017
2017 AbenduaK 08 |
EBB

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Iñigo Urkullu Lehendakariak Europako Batasunari eskatu dio “zuzentarau argigarria” ezartzea Euskadik bezala Europako proiektua osatzen duten Estaturik gabeko Nazioei “beren hiritargoari berme osoz galdetzeko eta beren etorkizunari buruzko negoziaketa bidea irekitzeko legezko bidea ematea xede”. Horretarako, Urkulluk ezinbesteko jotzen du “Batasunaren baitanberariazko prozesura gaitzea, printzipio demokratikoa eta legalitate printzipioa uztartuko dituen prozesuaren ondorioz sortuko diren Estatuak Europako Batasunean geratzerik izan dezaten”. Lehendakariak gaur goizean hitz egin du Europako Alderdi Demokratak (EAD-PDE) atzotik eta bihar arte Erroman egiten ari den Kontseiluan. Urkullurekin batera EAJ-PNVren ordezkaritza osatu dute Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta EAD-PDEko presidenteorde Andoni Ortuzar; Antolakuntza burukide Joseba Aurrekoetxea; Nazioarteko Harremanetarakoburukide Mikel Burzako eta Kanpo Ekintza Batzordeko arduradun José María Etxebarria. Urkulluk Europako 15 Estatutako agintarien aurrean hitz egin du,hauen artean Paolo Gentiloni Italiako lehen ministroa izan delarik. Goizean, Lehendakaria Kanariar Irletako presidente Fernando Clavijorekin batzartu da. Urkulluk arratsaldeko lehen orduan hasiko du Euskadira itzultzeko bidaia.

Urkullu  era berean mintzatu da Kontseiluan bildu diren agintariei `EB barruko banaketa prozesuak eta sezesio saiakerak: ugarituko dira ala murriztuko dira?´izenburupean proposatu zaien bigarren gaiaz, eta gai horrek eman dion  aukera baliatu du `Zuzentarau argigarria ‘izenez deitzen duen proposamena planteatzeko eta  EBko Estatu gabeko Nazioentzako “protagonismo politiko eta erabakigarriagoa” aldarrikatzeko. Lehendakariak esan du `Brexita´moduko egoeren aurrean, Estatu kide bat  “Europako Batasunaren proiektutik ateratzera” bideratzen duelarik, “paradoxa” da Batasuneko agintari gorenek Estatu gabeko Nazioek egiten dituzten aldarrikapenen aurrean erakusten duten jarrera. Hauen artean Euskadi aipatu du eta zera esan du: “Europako proiektuaren parte dira eta argi eta garbi adierazi dute beren bokazio europazalea, Europako Batasunaren parte izateko bokazioa,hain zuzen, baina Europako Estatuen Batasuna izan gabe. Europako Batasunaren jarrerak proposatzailea behar du izan, ez erreaktiboa. Estatuen baitan nazio errealitate ezberdinek beren etorkizuna erabakitzera begira planteatuko dituzten proposamen demokratikoen aurrean, bi alternatiba plantea daitezke: bata, elkarrizketaren, negoziaketaren eta akordioaren bidea; eta, bestea, debekuaren, mehatxuaren eta deslegitimazioarena”. Lehendakariak aldarrikatu du Europako erakundeen jarrerak egoera horien aurrean  izan behar duela “errealitate ukaezina onartzea, irtenbide politikoak aurreikustea eta eskari legitimo horiei guztiei adierazpidea ematea. Proiektu komun bat eraikitzeko giltzarria da protagonismo politikoa eta erabakitzeko gaitasuna Europa osatzen dugun eta Europa garen Estatu gabeko Nazioen artean partekatzea. Gure proposamena da “Zuzentarau argigarria” egitea Erkidego politikoei beren hiritargoei berme osoz galdetzea eta beren etorkizunari buruzko negoziaketa bidea irekitzea ahalbidetzeko. Ezinbestekoa da Batasunaren barruan berariaz eginiko prozedura gaitzea printzipio demokratikoa eta legalitate printzipioa uztartzetik sortuko den prozesuaren ondorioz eratuko diren Estatuak Europako Batasunaren barruan geratzea ahalbidetzeko”.

Hiritargoaren aldetik Europako erakundeekiko ematen den urruntzeaz hitz egiteko orduan, Lehendakariak deitoratu du Europako Batasunak “aurrekontuen ortodoxia eta oreka makroekonomikoak“ lehentasun nagusi bilakatu  dituela “hiritargoaren ongizatea eta bizitza kalitatea hobetzera bideratutako idealetik urrundu delarik”. Zentzu berean, Urkulluk aldarrikatu du “pertsonak Europako proiektuaren helburu nagusi bilakatzea. Norabide aldaketa honek inflexio puntu bat behar du eta hau etor daiteke gizarte eskubideen zutabeari garapena emanez eta gazteriaren beharrei erantzunez, hain zuzen ere gazte bermeaizeneko proiektuaren bidez. Guk proposatzen dugun eredua da `Giza Garapen Iraunkorra´, hau da, lehiakortasun mailan aurrera egitea gizarte ongizatearen zerbitzura jartzeko”. Urruntze horri aurre egiteko, Urkulluk era berean eskatu dio EBri  “bere baitan ixteari uztea”, “Europa osatzen duten nazio errealitate anitzei lekua, protagonismoa eta adierazpidea emateko”. “Gai hau planteatzen dut  Euskadiko errealitatean oinarrituta, Estaturik izan ez arren, Europako integrazio prozesuan bere hasieratik, bokazioz eta uste osoz parte hartu duen Nazioaren ikuspuntuan oinarrituta. Gure planteamendua dago Europako Batasunaren sorburuan bertan, hau da, Nazioen Federakundea izateko borondatearekin sortu zen Europako Batasun hartan. Maastrichteko Itunak ereEuropako herrien arteko gero eta batasun estuagoaren ikuskera hori planteatzen du”.

Bere hitzaldiaren amaieran, Urkulluk proposatu du 2018ko Europako Agendan “Europa osatzen duten Estatu gabeko Nazioen errealitatea” aintzat hartzeko ataza jasotzea. Junckerrek 90 Estatuk osatutako Europarik nahi ez duela adierazi arren, “Estatu egitura ez duten 90 nazio errealitate daudela ulertu behar du eta adierazteko bideak aurreikusi beharko ditu printzipio demokratikoarekin eta legalitate printzipioarekin ados. Subsidiariotasuna, maila anitzeko gobernua, ardurakidetasuna eta burujabetza partekatua dira Europaren integrazioa ahalbidetzera begira akordio bidez adostutako proposamenak behar dituenak. Estatu gabeko Nazioak ez gara Europak baztertu behar duen arazo bat. Aintzat hartu behar den errealitatea gara. Ordezkaritza erreala eta berezia izateko eskubidea dugu Europa eraikitzeko proiektuaren baitan. Gu ez gara arazoa, konponbidearen parte gara” baieztatu du Lehendakariak, gizarte eskubideak “lehenetsi beharrekoak“ direla  azpimarratuz. “Garrantzitsua da Europako agenda sozialean aurrera egitea, sorrerako baloreak berreskuratuaz eta pertsona gure proiektu komunaren helburu bihurtuaz. Ikuskera humanista partekatzen dugu eta gizarteko babes sistemak, gazteak eta luzaroan langabezian egon diren pertsonak lan merkatura sartzea eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzea dagokigu. Pertsonarekiko konpromisoa berreskuratzea da 2018ko Europako Agendaren lehentasunetako bat”.

 

Interesatu Zaitez