“EAJ-PNV da Madrilen hemengo herritarren eta gauzen alde lan egingo duela esan dezakeen alderdi bakarra” esan du Ortuzarrek Laudioko batzokiaren inaugurazioan

EBBren presidenteak bere babesa eta errespetua adierazi die Mas presidenteari eta Catalunyako parlament osoari, eta Aitor Esteban hurrengo asteleheneko Osoko Bilkurara joango dela iragarri du.

“EAJ-PNV da Madrilen hemengo herritarren eta gauzen alde lan egingo duela esan dezakeen alderdi bakarra” esan du Ortuzarrek Laudioko batzokiaren inaugurazioan 07Azaroak
2015
2015 AzaroaK 07 |
ABB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

"Datorrenean ere nafar hiritarren eskubideak zapaltzeko mehatxua egitera datorren Rajoyren aurrean; Konstituzioaren aldarazpen proposamenean Euskadi aipatu ere egiten ez duen PSOEren aurrean; Ahal dugu- Podemos taldearen aurrean, zeinen Euskadiko zerrenda Madriletik eta atzamarrez aukeratutakoen bidez osatzen den; Euskadiko lurra zapaldu ere egiten ez duen Ciudadanos taldearekin; egun batera Madrilera joan behar ez dela esaten duen baina hurrengo egunean Espainiar Gobernuari laguntzeko prest agertzen den ezker abertzalearen aurrean; eskaintza politiko horren guztiaren aurrean, EAJ-PNV da abenduaren 20an euskal herritarren interesen defentsa bermatuko duen indar politiko bakarra". Horixe da Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Laudioko batzoki berriaren inauguraziora hurbildu diren 250 lagunei adierazi nahi izan dien mezua. Ekitaldia ikurrina altxatuaz eta `Euzko Abendaren Ereserkia´ abestuaz hasi da. Ikurrina altxatzeko ekitaldian izan dira Ortuzar bera, Xabier Agirre (Araba Buru Batzarraren presidentea), Cristina Laguna (Laudioko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren presidentea) eta Segundo Basterra (92 urterekin, Laudioko Uri Erakundeko alderdikiderik nagusiena dena). Ramiro Gonzalez, Arabako Foru Ahaldun Nagusia; Arabako Batzar Nagusietako Presidente Pedro Elosegi; Ana Oregi,Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Herrialde Politika Sailburua ere izan dira inaugurazio ekitaldira joan diren alderdikide eta alderdizaleen artean .

Ortuzarrek baieztatu du aste honetan gertatutakoak argi eta garbi erakusten duela EAJ-PNVk baino ez dituela euskal emakume eta gizonen eskubideak bermatuko, abenduaren 20az geroztik sortuko den Parlamentuan. “Guk hemengoen alde eta hemengo gauzen alde lan egiten dugu. Eta Euskadin ordezkaritza duten indar politiko guztiek ezin dute esan hemengoen eta hemengo gauzen alde lan egiten dutela. Ikus dezagun, bestela, aste honetan gertatutakoa.  Ahal Dugu-Podemos indar politiko berria izateko jaio omen zen: dena herriaren alde, dena herri batzarretan erabakita, dena burujabetza esparruetan.... eta, zer gertatu da? Zerrendaburuak Madrilen aukeratu dituztela. Pablo Iglesiasek ez du euskal batzar burujabeetan sinesten: euskal batzar burujabeak Madrilen erabakitakoaren  mende jarri dituzte. Politika berria hori bada, beraientzat gorde dezatela. Hitz egin dezagun,esaterako, PSOE alderdiaz. Patxi Lopez Bilbora etorri da Espainiari buruz hitz egiten. Hau da marka!. Ez nau harritzen. Ez dakit irakurri duzuen sozialistek konstituzioa aldarazteko aurkeztu duten proposamena, hamaika orrialde dira eta Euskadi ez da inon ere agertzen, ez ditu euskaldunak edo beren interesak aipatu ere egiten. Eta, hori zen euskal eta catalunyar arazoak konponduko zituen federalismo asimetrikoa? Ciudadanos taldekoa  hemendik ez dugu ikusi, eta ez nau harritzen, bere aukera politikoa geurea ukatzearen bidez eraikitzen delako, euskal herritarren nortasun berezia ukatuaz, gure Ekonomia-Ituna kenduaz, mantsotutako espainiarrak izatera derrigortuaz .Etorri dena, eta hobe Madrilen geratu izan balitz, Rajoy izan da. Bisita arina Nafarroan, baina ez da Parlamentura edo presidente andrearekin elkartzera joan. Rajoyk bi urte daramatza Konstituzioaren aldarazpenari uko eginez, eta Konstituzioaren aldarazpenaz hitz egiteko lehen aldian esan du Aldi Baterako Laugarren Xedapena ezabatuko duela, seguruenik Konstituzio osoak daukan gauza on bakarra,alegia. Nafar emakume eta gizonek beren etorkizuna erabakitzeko duten ahalmena desagerrarazi nahi du. Eta adorea izan du, nora eta Iruñera eta zertara eta hori esatera etortzeko. Horixe bai dela errespeturik eta izpiritu demokratikorik eza.Horiek izango ote dira euskal herritarrak defendatuko dituztenak? Zerrendak Madriletik inposatzen dituztenak? Euskadiri buruz pentsatzen ez dutenak? Euskadiri buruz pentsatzen dutenean ere,daukaguna kentzera datozenak?" Horregatik guztiagatik, Ortuzarrek honakoa esan du bere hitzaldia amaitzeko "kontraesana dela eman dezakeen arren, abenduaren 20ko espainiar hauteskundeetan, onena izango da boto abertzalea ematea. Eta, boto abertzalea esaten dudanean EAJ bozkatzea esaten dut, egoera honetan Ezker Abertzalearengandik ez baitut gauza handirik espero. Iraganaren gainean etzanda dago, bere burua psikoanalizatzen, oraingo estuasunetik ea nola irteten den pentsatzen, indarkeria urteen buruan egin zuenari edo egin gabe utzi zuenari nola aurre egingo dion pentsatzen. Gainera, Ezker Abertzaleak argi izan beharko du Madrilera zertara joan nahiko duen. Orain arte esaten zuen independentzia lortzeko ez dela Madrilera zertan joan behar,eta lehengo egunean esaten zuten prest egongo liratekeela Espainiar Gobernua babesteko. Ez dakite zer egin. Egoera honen aurrean, gu baino ez gara geratzen, 77an bezala. Herri hau gaurkoa bezain momentu konplexu eta gatazkatsu batean lideratu beharko dugu, hodei beltz askorekin, bai;baina ostarte handiekin ere bai. Ideiak argi ditugu. Jakin badakigu zer nahi dugun. Badakigu herri hau nondik eta nola bideratu nahi dugun, akordioan oinarrituta eta jarrera inklusiboarekin. Martxan jartzen ari gara eta horregatik ematen digute egurra besteek. Ez gara erosoak espainiar baretu  gisa ikusi nahi gaituztenentzat eta deserosoak gara Ezker Abertzalearentzat, txitxarraren antzera egiten duelako, zarata handia bai, baina herriaren alde ezer ere ez".

Ortuzarrek bere babesa adierazi nahi izan die Mas presidenteari eta Catalunyako Parlament-ek catalunyar herriaren subiranotasunaren gordailua den aldetik hartuko dituen erabakiei. Halaber, EBBren presidenteak euskal abertzaleak catalunyar abertzaleen kontra jartzeko egin diren saiakera argiak  azaldu nahi izan ditu, batzuk "abertzale on" gisa eta besteak "abertzale txar" gisa  aurkeztuz. “Rajoyk ez du Moncloara deitu lehenengo momentuan deitu beharko zukeena, Artur Mas, alegia. Errespetu falta ikaragarria da Mas presidenteak,alderantziz, gure errespetu osoa dauka. Euskadik eta Catalunyak bide ezberdinak egin behar ditugu,baina berbera dugu helburua: gure herriek beren etorkizuna erabakitzea, erabakitze eskubidea aitortua izan dezatela. Euskal herritarrak eta catalunyarrak elkarren kontra jartzeko saiakera dago orain,orain haiek dira txarrak eta gu onak. Lehenago alderantziz izan zen. Inork zalantzarik baldin badu, Aitor Esteban astelehenetan izango da Catalunyako Parlament-en, catalunyar herriaren gehiengo burujabeak hartuko duen erabakiarekiko, EAJren babesa adierazteko" iragarri du Ortuzarrek.

Diputatuen kongresurako arabar hautagai Mikel Legardak azpimarratu nahi izan du hurrengo urteek Arabarentzat eta Euskadirentzat berebiziko garrantzia izango dutela. "Espainia balore krisi sakon batean murgilduta dago, elkarbizitza krisian, aniztasunaren kudeaketa krisian, ongizateko estatuaren krisian, eredu ekonomiko krisian eta kudeaketa publiko krisian. Eta krisi horrek gure etorkizuna, gure egonkortasuna, gure garapen ekonomikoa, gure autogobernua, gure eskubide historikoak, gure Ekonomia Ituna eta bakea finkatzeko lana mehatxatzen ditu. Aurreko lauak itsukeria eta inposizio urteak izan dira. Lankidetza eskaintzak erantzunik gabe geratu dira. Krisia konpontzeko orduan akordioa eta ituna baliatu beharrean, bere planteamenduetan tematu izan den estatua. Ez da urrats bakarra eman ETAren indarkeriaren amaiera ordenaturako bidean. Eragozpenez betetako lau urte. Galdutako urteak. Horregatik, hauteskunde hauek berebizikoak izango dira gure etorkizunerako. Hemen, Laudion, Araban, Euskadin. Horregatik inoiz baino indartsuago izan behar dugu Madrilen" azpimarratu du Legardak.

Almudena Otaolak, Senaturako arabar hautagaiak, bere aldetik, Araba eta Euskadiren ahotsa Madrilera eramateko daukan konpromisoa azpimarratu nahi izan du. " EAJ-PNV ez da ezeren sukurtsala. Gu ez gara, besteak bezala, interes kontrajarriak dituzten legebiltzar taldeetan azukre koxkorra bezala urtzen. Argi eta garbi dituzue adibideak. Gogoratu,bestela, PPko eta PSOEko arabar diputatuek Trebiñuri buruzko eztabaidetan erakusten duten aurpegi iluna. Arabari uko egiten dion botoia sakatzera behartuta daude, gureak ez diren interesak gainetik jartzen dituen botoia  sakatzera. Aurpegi iluna,berriz ere, Foronda itxi eta Garoña zabaltzen duen gobernuaren erabakien aurrean, gure bide eta trenbide azpiegituren garapenari balazta jartzen zaion bitartean, urrunago daudenen garapenari laguntzen zaiola ikustean”.

Interesatu Zaitez