Alderdi Eguna 2015: Ortuzarrek EAJ-PNV osoa deitu du Euskadirentzako une garrantzitsu honetan “asmatzeko”, “gure nagusiek 1977an asmatu zuten bezala”

Hamarnaka mila pertsona elkartu dira Forondako zelaietan 2015eko Alderdi Eguna ospatzeko. Jeltzaleen jai nagusian Urkulluk ‘Foru Nazioa‘ aldarrikatu du eta gure autogobernua Europaren markoan kokatzeko deia egin du

Alderdi Eguna 2015: Ortuzarrek EAJ-PNV osoa deitu du Euskadirentzako une garrantzitsu honetan “asmatzeko”, “gure nagusiek 1977an asmatu zuten bezala” 27Irailak
2015
2015 IrailaK 27 |
EBB

PARTEKATU

Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek, bere burua eskainiz, EAJ-PNVren buruzagi,herri kargudun,alderdikide eta alderdizaleak deitu ditu gaur, une honetan Euskadik bizi duen momentu erabakigarrian asmatzera. Ortuzarrek gogoratu duenez Euskadik nazio gisa aitortua izan nahi du eta estatus berria nahi du Espainiar estatuarekin duen harremanean, gaur egun krisi larrian dagoena. “Nazio gisa aitortuak izatea, Herri gisa ditugun eskubide politikoak eta Estatuarekiko aldebikotasun harremana nahi dugu besteen parean jar gaitzan, hori izango da hurrengo hilabeteotan egin beharreko lana”, esan du Ortuzarrek 2015eko Alderdi Eguneko diskurtsoan. Jeltzaleen jai nagusia Forondako (Araba) zelaietan ospatu da gaur milaka alderdikide eta alderdizaleren parte hartzearekin. Urkullu Lehendakariak,bere aldetik, euskal autogobernua Europaren markoan kokatzeko beharra azpimarratu du. Izan ere, “Zu zara gure indarra-Tú eres nuestra fuerza”, aurtengo Alderdi Eguneko goiburuak ere bilatzen du EAJ-PNVren alderdikide guztien balorea eta lana aitortzea, beraien ahaleginarekin lortu baita Sabino Aranak orain dela 120 urte sortu zuen alderdi politikoak, gaur egun, XXI. Mendean, bere historia osoan gizartean eta hauteskundeetan lortu duen onarpen eta babesik handiena izatea.

Ortuzarrek 1977ko Aberri Batzarrean parte hartu zuten barne karguak omendu nahi izan ditu, beren egitekoa garrantzi handikoa izan zelarik ondoren etorriko zen Trantsizioan. “Haiei esker lortu da Alderdia eta Euskadi une honetan dauden tokira eramatea”, esan du. Eta ez zuten bat ere erraz izan. Euskadin, iraultza eta apurketa nahi zutenek zalantzan jartzen zuten gure abertzaletasuna. Herri hau pistola kolpez zuzendu nahi zuten eta gure burukideek ezetz ezan zuten, bidea demokraziatik eta herria errespetatuz egin behar zela. Burukide horiei ere traidore esaten zitzaien Euskadin, eta Madrilen separatista eta baserritar astakilo deitzen zieten. Baina gure nagusiek bete betean asmatu zuten. Ez duten Konstituzioa onartu, baina presionatzen jakin zuten xedapen gehigarria lortzeko. Eta, xedapen hura eskasa zen arren, aztarna uzteko balio izan zuten, euskaldunon aztarna. Eta, xedapen hark ematen digu orain gure aldarrikapenak egiteko aukera eta estatus berria eskatzeko zilegitasuna”. Horregatik, Ortuzarrek jeltzale guztiei eskatu die une esanguratsu honetan alderdikide nagusiek hasitako bidetik segitzea. “Oraingo honetan guri dagokigu asmatzea. Orain aukera berria izango dugu askatasunerako eta aurrerapenerako euskal bidean urrats berriak emateko. Ez da erraza izango, baina saiakera egin behar dugu”, esan du jeltzaleen buruak, euskal eskubide historikoek EAJ-PNVren urratsak gidatuko dituztela argi utzirik. “EH Bilduk ere orain, inolako lotsarik gabe onartzen dituen foruak dira, urteotan lotsagarri jartzen ibili ondoren. Oraingoan iragarri digute Eskubide Historikoetan oinarritutako Kontsulta Legea. Ez zuten esaten eskubide historikoak antigoaleko gauza zirela? Ez zuten esaten EAJren aitzakia zirela beraiek nahi zuten apurketa ez egiteko? Berrogei urte beranduago,ematen du eskubide historikoak berriz aurkitu dituztela. Beste behin ere, berrogei urte beranduago. Ongi etorriak izan zaiteztela, Ezker Abertzaleko jaun-andreak, Foruetara! Bazen garaia!”, esan du ironiaz.

Ortuzarrek bere susmoak adierazi ditu sozialistek federalismo asimetrikoa izenarekin egin duten proposamenaren aurrean. “Gauzei horren izen arraroak jarri behar zaizkienean, txarra”. Eta hitz kritikoak eskaini dizkio Alderdi Popularrari. “PPk ez gaitu nahastu nahi, lurperatu egin nahi gaitu. Baina,itxaron gaitzatela eserita. Galiziar ahaide hark ere horixe bera nahi izan zuen, eta berrogei urtetan zapaldu gintuen. Bera joan zen, baina gu hemen gaude oraindik”. Eta amaitzeko, adeitasunezko mezua bidali dio Catalunyari, hauteskundeak egin diren I-27 honetan. “Onena opa diogu Catalunyari, eta onena da catalunyarrek bere etorkizuna askatasun osoz erabaki ahal izatea, koakziorik eta mehatxurik gabe, bizi izan duguna bezain kanpaina zikinik gabe. Jendea beldurrarazi nahi izan dute. Eta, ba al dakizue zergatik? Beraiek direlako beldur direnak. Demokraziaren beldur dira, herritargoari askatasuna ematearen beldur dira, jendearen adierazpen askearen beldur dira. Baina guk ez diogu beldurrik demokraziari edo jendeari entzuteari. Horixe da guk defendatzen dugun erabakitzeko eskubidea. Beraz, Catalunyari opa nahi diogu zori ona eta animoa: bakoitza bere bidetik eta bakoitza bere herriarekiko zintzoa izanez, garrantzitsuena da guk erabakitzen duguna izan ahal izatea. Eta seguru nago egun batean, eta espero dut egun hori laster etortzea, gure bideak bateratu ahal izatea, biak askeak Europa Batuan. Baina, bien bitartean, guk gure bidea daukagu. Ez gara despistatuko. Gu ez gara mugitzen besteek egiten dutenaren arabera. Ez dugu arinago egiten besteek egiten dutenean, eta ez gara gelditu beste batzuk geldirik egon direnean. Ez genuen egin orain dela 40 urte, eta ez dugu orain egingo. Orduan ere, Catalunyak bere bidea egin zuen eta guk gurea. Eta bakoitza dagoen tokian dago”, esan du.

Iñigo Urkullu lehendakariak EAJ-PNVk gidari izan dituen buruzagien egitekoa goraipatu nahi izan du,eta bereziki ekarri du gogora Agirre Lehendakaria, zeini “gure herriaren nortasun politiko, instituzional eta kulturala gordetzeko gaitasuna zor diogun” eta Trantsiziozko burukide jeltzaleez esan du beraiek izan direla “gaur egun euskal herritarrok gozatzen dugun ongizate maila ekarri dutenak”. “Ertzaintza berreskuratu genuen, euskara gure hizkuntza da eta gaur egungo gazteriaren %80rena ere bai; Euskadi herri modernoa da eta ekonomia lehiakorra dauka; osasuna, hezkuntza eta gizarte babesa kalitatezko zerbitzuak dira; gure Ogasunak Europa mailan ezagunak dira; euskal kultura unibertsala da... Harro nago gure Alderdiak eta itunak lortzen eta Nazioa eraikitzen jakin izan zuten pertsonek egin zutenaz”, esan du. ‘Euskadi baikor’ honen aurrean Urkulluk ‘Espainia ezkorra’ azaldu nahi izan du, “gaur egun birzentralizatzea, urruntzea, esandakoa ez egitea.... dena. Ez dute agindutakoa betetzen eta gainera atzera egiten segitu nahi dute. Ez dute egitasmo politikorik Euskadirentzat. Gu ez gara konformatuko eta ez dugu dagokiguna ahaztuko. Gure Autogobernua Europaren markoan kokatu behar dugu. Tresnak behar ditugu etorkizun ekonomiko, sozial eta kulturala eraikitzeko. Hitzartzen dena bete egiten dela bermatu behar dugu. Estatus Politiko Berria behar dugu Euskadirentzat”. Urkulluk argi utzi nahi izan du euskal autogobernua ez dela EAJren obsesioa. “Euskal gizartearen beharrizana da. Bizitza kalitatea, zerbitzu publikoak eta politika sozialak bermatzeko beharrizana. Politika industriala egiteko, enplegua sortzeko, gazteriari aukerak emateko, beharrean dagoenari arreta emateko, Herria modernizatzeko, munduan presentzia izateko. Gure pentsioak bermatzeko beharra. Horregatik behar dugu Euskadi gehiago. Pertsonenganako konpromiso handiagoa. Nik konfiantza daukat Euskadiren etorkizunean. Horrela baino ez da lortuko Euskadiren etorkizuna bermatzea”. Puntu horretan, Lehendakaria ‘Foru Nazioa’ delako ideia azpimarratu du, minutu batzuk geroago Ortuzarrek berak aipatu eta aldeztu duen kontzeptua. “Nazio bat gara. Foru Nazioa gara. Euskal Herria gara. Europar hiritarrak gara. Gure askatasunak eta eskubide historikoak ditugu. Itun politiko berria nahi dugu. Aitortza, bermeak eta aldebikotasuna exijitzen dugu. Errespetua exijitzen dugu Euskal Herriak hartuko dituen erabaki demokratikoentzat. Herri honek errespetua behar eta merezi du”.

Urkulluk gogora ekarri nahi izan du iragan ostiralean Uxue Barkos Nafarroako Presidente andrearekin izan zuen bilera. “Bera ere bada think positive pentsamolde baikorduna. Foru Nazioaz hitz egin dugu. Jakin badakigu zertaz ari garen”. Eta mezu labur eta argia bidali nahi izan dio catalunyar gizarte osoari. “Besarkada beroa Euskaditik catalunyar herri osoari. Beldurtu, izutu,mehatxatu nahi izan duten herria da. Gaur askatasun osoz bozkatuko dute. Catalunyarrek hartuko dituzten erabakiak errespetatzea eskatzen dugu. Demokrazia errespetatua izan dadila”.

30.000 puxika Forondako zeruan 

Forondako zelaiek EAJ-PNVren milaka alderdikide eta alderdizale hartu ditu 2015eko Alderdi Eguna ospatzeko. Berriz ere, Alderdi Eguna oso arrakastatsua izan da parte hartze eta antolaketa aldetik. Unerik gogoangarriena izan da eguerdiko 12:00ak aldera, Ortuzar eta Urkulluren diskurtsoak baino lehenago, bertan bildutakoek arabar zeruan 30.000 puxika gorri,zuri eta berde askatu dituztenean, EAJ-PNVren esentzia laburbiltzen duten sei hitzekin: ‘Euskadi’, ‘Euskara’, ‘Askatasuna’, ‘Elkartasuna’, ‘Burujabetza’ eta ‘I Am Basque’. “Euskal emakume eta gizonen gehiengoaren gurariak, gogoak eta borondateak ordezkatzen dituzten hitzak dira. EAJ-PNV azken 120 urteotan gidatu duten baloreak gorpuzten duten hitzak dira, eta geroan ere, Euskadirentzako etorkizunik onenerako bidean gidatuko gaituztenak”.

Interesatu Zaitez