“Proiektua 8 milioi baino gehiago kostatu da, eginda dagoen moduan ez du balio, eta PPk ezkutatu egin du”, esan du Blanca Guineak.
Gasteizko Udaleko Euzko Alderdi Jeltzaleak aditzera eman du Red Eléctrica Españolak 2012aren amaiera aldera salaketa igorri ziola Industria Ministerioko Energia Politikarako eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiari, jakin baitzuen Ihurreko ekaitz tankea legez kontrakoa zela, goi tentsioko linea elektrikoen azpian eraikitzea debekatzen duen errege dekretua urratzen zuelako. Zehazki, ekaitz tanke horretako makineria barruan daukan eraikuntza 400 kV-eko Grijota-Gasteiz linearen azpi-azpian dago. Gutxienez 26 metroko segurtasun tartea utzi behar zen eraikuntza horren eta goi tentsioko linearen artean.
R.E.E.k inguruabar hori jakinarazi zion Udalari jada 2006ko uztailean, biltegiko obrak adjudikatu eta handik gutxira, Alfonso Alonso alkate zela. Hala ere eraikuntza lanek aurrera egin zuten eta, 2009. urtearen amaieran, linea elektrikoaren azpian altxatu zen azpiegitura horren funtzionamendu-sistemak barruan dauzkan eraikina. Ekaitz tankeak uholde handiak atxiki behar ditu, ura Zadorra ibaira isuri ez dadin. Azkenik, 2012ko azaroan R.E.E.k Ihurreko ekaitz tankeko eraikinaren arauz kontrako egoerari buruzko jakinarazpena helarazi zion Javier Marotori, bai eta Industria Ministerioan aurkeztutako salaketa ere.
Orain arte ezkutuan egon den informazio horren berri izan du EAJk, duela gutxi jakin baitu gobernu taldea aztertzen ari dela ekaitz biltegia erabiltzea Abetxukuko Basaldea proiektuko baratzeak urez hornitzeko. “Orduan biltegiko obren espedientera jo dugu, eta horrela bakarrik aurkitu ahal izan ditugu Red Eléctrica Españolak Udalari bidalitako jakinarazpenak. Ihurreko ekaitz tankeak segurtasunari buruzko oinarrizko arau bat urratzen du eta salaketa jarri diote horregatik. Horrek esan nahi du 8 milioi eurotik gora kostatu den proiektu bat ezin dela erabili eraikita dagoen moduan, eta PPk ezkutatu egin digu hainbat urtean”, adierazi du Blanca Guinea zinegotzi jeltzaleak.
Azpiegitura arazotsua
Egoera hori azpiegiturak lehendik pilatuta dituen arazoei gehitu zaio. Izan ere inoiz ez du behar bezala funtzionatu, %70eko gainkostua metatu duen arren. Ihurreko ekaitz biltegiaren eta gainezkabidearen proiektua 2005eko azaroan jarri zen abian, hura kontratatzeko espedientea onartu zenean, 5.094.368 euroko aurrekontua zuela. Europar Batasunak %80 finantzatu zuen. 2006ko martxoan lanak Depósito de Yurre aldi baterako enpresa elkarteari adjudikatu zitzaizkion, 4.820.800 euroko amaierako prezioan, eta 12 hileko epea ezarri zen obrak egiteko.
Eraikuntza hasitakoan ur jario handiak agertu ziren eta obra-unitate gehiago egin behar izan ziren biltegian. 2007ko abenduan Udalak prezio kontrajarrien akta onartu zuen. Horren bitartez 2.094.808 eurotan handitu zuen obraren aurrekontua eta 7 hilabete gehiago eman zituen obra amaitzeko. Hori nahikoa ez eta gainera 2010eko urriaren 22an Udaleko Gobernu Batzordeak eraikuntza kontratuaren aldaketa baliozkotzea onartu zuen. Horrenbestez obra-unitate gehiago erantsi ziren, hasieran aurreikusi gabekoak, eta beste 983.162 euro gehitu zitzaizkion biltegiaren kostuari. “Ekaitz tankearen amaierako kostua 8.205.078 euro izan zen, eta obrak burutzeko epea 51 hilekoa. Azpiegitura hori Udalarentzat amesgaiztoa izan da, sortu dituen arazoengatik eta metatu duen gainprezioagatik. Horren guztiaren ondoren, ezagutu berri dugun salaketak azken sastakada eman dio PPk sustatutako obrarik garestien eta zentzugabeenetako bati.
Aurrekontua biderkatu, epea luzatu eta instalazioak leku debekatuan kokatzeaz gainera, Ihurreko ekaitz biltegiak izan ditu beste alderdi gatazkatsu batzuk. Hasteko, obrak behar ziren baimenak eskuratu gabe hasi ziren, eta lanak egin ahala izapidetu behar izan ziren baimenak. Geroago sortu diren arazoak konpontzeko lanak egin behar izan dira; arazo horiek biltegiaren edukiera murriztu dute eta 25.000 m3-tik 18.000 m3-ra jaitsi da. Azkenik, instalatu den ponpaketa sistema bideraezina da argi eta garbi, eta nekez alda daiteke.
EAJ-PNV azalpen eske
“Lehendik ere bagenekien ekaitzen biltegia proiektu hankamotza zela. Orain, debekatutako leku batean eraiki dutela jakin eta gero, abian jarri ezin daitekeen proiektutzat jo behar dugu, eta PPk ondo baino hobeto daki. Ez dute ezertxo ere egin legez kontrako egoera zuzentzeko, eta gainera arreta desbideratzen saiatu dira gaiari buruz galdetu zaienean, funtsezko informazioa ezkutatuz. 2011. urtearen amaieran esaten zuten hegoaldeko ibaiak desbideratzeko obrek baldintzatzen zutela biltegia martxan jarri ahal izatea, eta orain aste batzuk kapelatik atera dute baratzeen ureztaketan erabiltzeko aukera, baina edozein erabilera ezinezkoa da oraingo egoeran”, baieztatu du Alvaro Iturritxa zinegotzi jeltzaleak.
“PPk azaldu egin behar du zer baldintzatan jaso dituen biltegiko obrak, Red Eléctrica Españolari zer erantzun dion, Industria Ministerioan aurkeztutako salaketari buruz, eta benetan zer egiteko asmoa duen azpiegitura horrekin. Urte askotako arazoen eta %70eko gainkostuaren ondoren, orain biltegia legez kontrakoa dela jakitea behar bezain larria da gobernu taldeak auzi hau inolako zalantzarik gabe argitu dezan”, esan du azkenik Iturritxak.