"Epsilon eta Hirikoren inguruko txostena okerra, partziala eta alderdikoia da eta PPren bultzada politikoa izan du”

EAJko Legebiltzar Taldeak 56 emendakin aurkeztu ditu Carmelo Barriok egindako txostena sakonki zuzentze aldera.

08Uztailak
2014
2014 UztailaK 08 |
Berria
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Epsilon-Hiriko ikerketa batzordean Eusko Alderdi Jeltzalearen ordezkari diren Luis Javier Telleriak eta Josune Gorospek prentsaurrekoa eman dute, gaur, Legebiltzarrean, lan talde honen inguruko balorazioa egin eta bere alderdiak Carmelo Barrio popularrak egindako txostenari aurkeztu dizkion emendakinen berri emateko. 

Jakinarazi dute gaur arte ez dutela ikerketa batzordeari buruzko adierazpenik egin ez zutelako bere jarduna oztopatu nahi. Baina, lanak amaitzear diren honetan, agerraldia deitu dute, alde batetik, EAJ-PNV Legebiltzar taldeak eguerdian erregistratuko dituen 56 emendakinak aurkeztu eta, bestetik, EH Bilduk azken asteotan zabaldu dituen salaketa faltsuak gezurtatzeko. 

Gezurtatu duten lehen teoria honakoa da: ez dagoela EAJ eta PSEren arteko inongo akordiorik eta bai, aldiz, EH Bildu, PP eta UPyDren artekoa, ikerketa batzordea eratzea erabaki zuten hiru alderdiak. Ildo horretan, gogoratu dute “Bilduk propaganda faltsua zabaldu duela astero hedabideetan eta PPk paperera eraman ditu mezu horiek Carmelo Barrio eta José Ignacio Martínez Churiaqueren eskutik, UPyDk txalo egiten zien bitartean”. 

“Ezin ahaztu bi gizon hauek elkar trukatu zituzten emailak, zeinetan Churiaquek Barriori emandako laguntza edo kapotea eskaintzen zion. Bi gizon hauen jarrerak ikerketa batzordea hankaz gora jartzen du eta argi uzten du PPren bultzada politikoa izan duela”, salatu du. 

Bigarren salaketa faltsuak Tokikorekin dauka zerikusia. Gogoratu behar da EH Bilduk salatu zuela EAJren inguruko zenbait enpresarik Tokiko enpresa sortu zutela Hirikoren patenteak erabiltzeko helburuarekin. “Hasieran balorea kendu zieten patenteei eta ondoren erabat aldatu zuten mezua, patenteak galduz gero Administrazioak ondarea galduko lukeela ohartaraziz”, jakinarazi dute. Gainera, jakinarazi dute ikerketa egin ostean frogatu dutela Tokikon ez dagoela EAJren inguruko enpresaririk eta bai, ordea, Senaturako Arabatik Bildu-Amaiurren hautagai izan zen Pedro Mari Olaeta, egun Ingeinnovako presidente dena. “Bilduren teoria aplikatuz esan beharko genuke Bilduk testaferroak dituela Tokikon? Guk ez dugu hori egingo, ez da gure estiloa”, ziurtatu dute.

Barriok egindako txostenari dagokionez, esan dute dokumentua legitimaziorik gabe gelditu dela  idatzi duen PPren legebiltzarkideak izan duen jarreraren ondorioz. Izan ere, txostena erabat “okerra, partziala eta alderdikoia da eta PPren bultzada politikoa izan du”. 

Egoera horren aurrean, EAJ-PNV Legebiltzar taldeak 56 emendakin erregistratuko ditu testua sakonki zuzentze aldera.Erakundeen arteko errespetuarengatik ez dute emendakinen edukia ezagutarazi, baina aurreratu dute ikerketa batzordeko presidente den Carmelo Barrio eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidentearen, Jose Ignacio Martinez Churiaqueren, ardura eskatuko dutela objetibotasuna alde batera utzi eta PPren ordezkari gisa jokatzeagatik.

Interesatu Zaitez