Aitor Esteban, Diputatuen Kongresuan EAJ-PNVren legebiltzar taldeko bozeramaileak argi utzi nahi izan du talde jeltzaleak ez zuela inoiz gaur 35 urte betetzen dituen Espainiar Konstituzioa onetsi, eta beste behin exijitu du testua premia osoz aldaraztea, beste gai batzuen artean, Euskadiren nazio izaera, Espainiar Estatuarekiko harremanen aldebikotasuna eta Europar Batasunean duen presentzia aitor ditzan.“Gaur EAJk mantentzen du 1978ko jarrera bera: Ezin dugu Espainiar Konstituzioa onetsi. EAJk ez zuen sekula Espainiako Konstituzioa babestu. EAJk abstentzioa bozkatu zuen, Euskadiko jende gehienak Konstituzioa bozkatu zenean egin zuen bezala. EAJk ezin zuen onartu Euskal nazioa aitortzen ez zuen Konstituzioa" esan du Estebanek gaur goizean Sabin Etxean eskaini duen prentsa aurrekoan. Euskal diputatuak lau baldintza derrigorrezko ezarri ditu EAJk kostituzioaren balizko erreforma onar dezan: “Euskal nazioa dagoela aitortzea; Estatuarekiko harremanetan aldebikotasuna aitortzea; Euskadik Europar Batasunean duen presentzia berariaz aitortzea; eta eskumenen birmoldaketa, gaurko garaietara egokituta egongo dena".
Aitor Estebanek agerian jarri nahi izan ditu 1978ko abenduaren 6tik aurrera indarrean dagoen Espainiar Konstituzioaren gabeziak, defektuak eta egin den erabilera okerra. “Konstituzio hura egoera eta marko politiko benetan konplikatuan onartu zen, diktadurako botere faktikoek presio gogorra egiten zutelarik. Artikulu bat dago, bakarra konstituzio demokratikoen artean, Ejertzitoa Espainiaren batasunaren eta orden konstituzionalaren bermatzaile gisa agerrarazten duena. Gainera, bere idazkeran oso kontuan hartu zen konstituzioaren beraren garapena arautuko eta gainbegiratuko zuen botere judiziala kontrolpean izatea. Espainiar Konstituzioak adierazten du botere judizialak unitarioa izan behar duela, baina horrez gain Auzitegi Konstituzionala alderdi batetik izendatua da eta ez da inpartziala izan orain arte hartu dituen erabakietan ”, deitoratu du Estebanek. “Esandakoaz gain, lege organiko ugari ere egin dira konstituzio barruko hainbat alor mozteko, besteak beste Autonomi Estatutuak, eta alderdi abetzaleekin hitzartutako itunean haien inguruan egin zen ingerpretazkoak eta 2010ean Catalunyako Estatutuaren gainean eman zen epaiak Konstituzioaren interpretazio oso murriztaile eta itxia eragin dute" gaineratu du.
"Iragan urriaren 25ean esan genuen. Estatuaren aldetik Estatutua bete gabe utzi dutela kontuan hartuta, Gernikako Estatutu hori une honetan ez da egoki gertatzen euskal herriaren autogobernurako. Eta gauza bera esan dezakegu Konstituzioari buruz. Atzo bertan ponentzia berria abian jarri zen, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi guztiek Euskadirentzako Estatus Juridiko Politiko Berriaz hitz egin dezaten.Eta honekin batera derrigor egin behar da Espainiar Konstituzioaren erreforma" amaitu du Diputatuen Kongresuan EAJ-PNVren legebiltzar taldearen bozeramaileak.