Mª Eugenia Arrizabalagak kezka adierazi du polizia-antolaketa horretan erabilitako furgoneta batzuek blindaje-sistemarik ez zutelako. ¨Dirudienez, Ares jauna hain arduratuta ibili zen Espainiako Printze-Printzesen segurtasunagatik, ezen ez zion arreta jarri ertzainen segurtasunari¨, deitoratu du.
Asturiaseko Printze-Printzesek pasa den uztailaren 20an Bilbora egin zuten bisitaldian Herrizaingo Sailak izandako jokabideak bide eman du EAJren Taldeak Rodolfo Ares Herrizaingoko sailburuari zenbait galdera egiteko.
Mª Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkideak uste du ¨deigarria dela Herrizaingo Sailak antolatu zuen ertzainen erabilpen handia, Felipe de Borbonek eta bere emazteak Euskadira egin zuten bisitaldiagatik -azkenaldian nahiko ohikoa bihurtu den etorrera-¨. ¨Are deigarriagoa da kontuan badugu Ertzaintzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek behin eta berriz salatzen dutela polizia-etxeetan ertzainak falta direla; eskasia hori Herrizaingo Sailak hartutako zenbait erabakirengatik dator, hala nola, unitate zentralizatuak eta talde bereziak sortzea¨, gaineratu du.
Operazio hau zehaztasunez ezagutzeko, legebiltzarkide abertzaleak Herrizaingo sailburuari galdetu dio argitzeko zenbat ertzain jarri zituzten eta zein eginkizun izan zuen bakoitzak Espainiako Kultura Sarien banaketa-saiorako antolatutako hedapen polizial berezi hartan. Horrez gain galdetu dio esateko esku hartu zuten ertzainetatik zenbati lan egin arazi zieten beren ohiko lan-egutegitik kanpo eta zenbat kostako zaion Herrizaingo Sailari aparteko ordu-kopurua eta orotara Asturiasko Printze-Printzesak babesteko ezarritako antolaketa polizial osoa.
Mª Eugenia Arrizabalagak azaldu duenez, iturri fidagarrietatik jakin dute erabili ziren furgoneta eta ibilgailuetako batzuk zaharrak ziren eta ez zuten blindaje-sistemarik; ¨hori benetan gauza larria iruditzen zaigu¨. ¨Dirudienez, Ares jauna hain arduratuta ibili zen Espainiako Printze-Printzesen segurtasunagatik, ezen ez zion arreta jarri ertzainen segurtasunari ¨, deitoratu du. Gai honi dagokionez, Herrizaingo sailburu eta egungo Gobernuaren koordinatzaileari eskatu dio argi dezala ekintza polizial hartan blindajerik gabeko ibilgailurik erabili zuten. Halaber, galdetu dio blindajerik gabeko ibilgailurik erabiltzea aurreikusten duen etorkizunean halako antolaketa polizialik egin behar izan ezkero, baldin eta, adibidez, Espainiako Errege-Familiaren beste kideen segurtasun beharrak ertzainen segurtasuna baino lehentasun handiagokotzat jotzen badira.
Bestetik, Arrizabalagak sailburuari kontuak eskatu dizkio Printze-Printzesen segizioarekin batera anbulantzia medikalizatu bat eramateari buruz ere. Gai honi dagokionez, adierazi du ¨hau ez dela ohiko jarduera bisitaldi eta ekitaldi ofizialetan; izan ere, guk dakigula ez da erabili anbulantzia medikalizaturik beste agintarien bisitaldietako segurtasun-antolakuntzaren barnean¨. Hori dela eta, sailburuari galdetu dio ea badagoen protokoloren bat agintzen duena Errege-Etxearen zerbitzura bakarrik dagoen anbulantzia medikalizatu bat eduki behar dela, ¨hain zuzen ere, herritarrei zerbitzua emateko dagoen anbulantzia bat kentzen delarik¨, nabarmendu du.
Azkenik, legebiltzarkide abertzaleak baita ere jakin nahi du Aresek zuzendutako sailak zein irizpide bete zituen espainiar Printze-Printzesen bisitaldiko egun hartan 16 ertzain bidaltzea erabaki zuenean EGIko dozena bat gazteren aurrez aurre jartzera, kide jeltzaleek "NAZIO BAT GARA" zioen pankarta bat erakusten zuten bitartean. Zehazki, sailburuari galdetu dio zein proportzionaltasun-irizpide ezarri zituen erabaki zuenean 16 ertzain bidaltzea 12 gazte kontrolatzera. Bere ustez, ¨bitarteko polizial hura neurriz kanpokoa da guztiz eta, barregarri geratzeaz gain, nekez justifika daiteke ekintza hori berekin dakarren herri-askatasunaren murrizketagatik¨. Honen harian erantsi du, Aresi galdetu dio ea Herrizaingo Sailak 16 ertzain bidaliko zituen ere 12 hiritar makurtzeko asmoz, pankartak ¨ESTO ES ESPAÑA¨ goiburua izan balu.