2010-2011 ikasturtean zein diru-laguntza izango duten jakin gabe ari dira datorren ikasturtea prestatzen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskaltegi homologatuak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak informazio argirik ematen ez duelako, Euzko Abertzaleak Legebiltzar Taldeak gaitzetsi duenez.
Garbiñe Mendizabal EAJko legebiltzarkidearen esanetan, gaur Legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan, 1.500 langileen eta 40.000 ikasleen lana eta ahalegina dago kolokan. Izan ere, urteak dira horren berri maiatzerako ematen zitzaiela euskaltegi homologatuei, hurrengo ikasturterako plangintzak antolatzeko premiazkoa izaten dute euskaltegiek diru laguntza zein izango den jakitea.
Ildo horretan, legebiltzarkide jeltzaleak gogorarazi du matrikulazio kanpaina irailaren 1ean hasiko dela eta uztailaren garai honetan, abuztuko oporrak tarteko, euskaltegiek oraindik ez dute diru laguntzaren berri. Gainera, ikasle kopuruan hazkundea ere izango dutela sumatu dute euskaltegietan. Beraz, Jaurlaritzak hurrengo egunetan diru-laguntzen berri eman arren, berandu samar izango dela adierazi du Mendizabalek.
"Lopezen Gobernuak gauza bat esaten du, baina beste bat egiten du. Aurreko gobernuak euskararekiko lan-ildoak jarraituko dituela esan eta esan ari dira, baina egintzak bestelakoa adierazten dute", esan du Mendizabalek.
Gainera, EAJko legebiltzarkideak azpimarratu du helduen euskalduntze eta alfabetatzearen alorra estrategikoa da Euskara Biziberritzeko Plangintzan, horrela ageri baita eta adostu baitzen Euskara XXI txostenean, "baina ikusten denez, gaur egungo Euskal Gobernuak ez dio behar bezalako lehentasunik ematen horrelako gaiei. Nahiz eta krisi ekonomikoak jota egon, euskaltegiek jakin egin behar dute zenbateko diru laguntza izango duten, murriztua izango bada ere, kopurua jakitea premiazkoa dute eta horixe galdetu diogu gure legebiltzar taldetik Kultura Sailburuari. Beraz, 'ralentizazioa' da euskararekiko politiketan Lopezen gobernuaren funtsa", amaitu du Garbiñe Mendizabalek.
Azkenik, EAJk Jaurlaritzari honako galderak hauek egin dizkio Eusko Legebiltzarrean:
- - Zein izan da diru laguntzaren berri emateko suertatu den atzerapenaren arrazoia?
- - Noizko jakingo dute euskaltegi homologatuek datorren ikasturterako izango duten diru laguntza?
- - Zenbatekoa izango da diru laguntza hori?