Iñigo Urkullu
17Uztaila
2010
17 |
EBBren agiriak

Iñigo Urkulluren Hitzaldia Durangon 10.07.17

Iñigo Urkullu
Uztaila 17 | 2010 |
EBBren agiriak

"Errijak ez dira egun batean egiten"

Agirre Lehendakariaren hitzak dira.

Eta bete betean  bat egiten dute gure Alderdiaren nortasunarekin.

Jakin eta egin. Egunez egun, herriz herri, gure herria eraikitzen.

Gure betebeharra ez da egun batetik bestera beteko, gure betebeharrak eguneroko konpromisoa eta lana eskatzen digu.

Hori da ikasi duguna. Hori da egiten duguna.

Hori da "jakin  eta egin".

Agirre Lehendakariak esan ohi zuen "Errijak (Herriak) ez dira egun batean egiten"

Eta hori, ondo dakizue  kalean lan egiten zaudetenok .

Kudeatzen ari zarete. Izen eta abizenak dituzten hiritarren bizimoduan eragina duten erabakiak hartzen dituzue.

Batzuetan, zuen eskumenekoak ez diren arazo eta ardurak zeuenganatzen dituzue.

Gorde behar den balore nagusia giza eskubideen eta besteen ideiak errespetatzea dela onartzen ez dutenen presioa jasaten duzue.

Eta gainera, batzuetan ulertzen zailak diren erabaki judizialen menpe. Gehiegitan, ez dute islatzen eta baldintzatu egiten dituzte egunero egin behar dituzuen ahaleginak.

"Herria ez da egun batean egiten" hori da Agirre Lehendakariaren mezua eta Euskadik gaur egun duen errealitatean errotzen da.

Kontua da...  zein da aurrez aurre dugun egoera?

Alde batetik ditugu "mutur" baten bidez, Euskadiren arazo guztiak egun batetik bestera konpondu nahi dituztenak.

Hogeita hamar urte daramate gauzak kanpotik begiratzen, eguneroko lanari ekiten diona lurretik botatzen, paradisuak agintzen, baina beti biharko. Guk jakin badakigu lana gaur bertan egin behar dela.

Eta, bihar ere egin behar da, bihar, gaurko oinarrien gainetik eraikiko dugulako, herria ez baita egun bakarrean eraikitzen.

Beste muturrean, eraisteko batu direnak daude. Aldez aurretik pentsatutako estrategia baten bidez iritsi ziren boterera. Ez dira gobernu egitasmorik aurkezteko gai izan. Pertsonen egiazko arazoak alde batera utzi dituzte. Eraikitzeari utzi diote. Hori bai, gauza bat adostu dute. "I need Spain" "Espainia behar dut" izenpetu dute. Horrela ez da Euskadi eraikitzen. Hauek herria ez dute egun batean ez mila egunetan eraikiko.

Eta egoera honen aurrean, zein da gure erantzuna?

Hementxe dugu "Egiten jakin"  eta " ADOS"

Egiten jakitea da euskal gizartearekin dugun konpromisoa.

Konpromisoa eguneroko lanean, Udal eta Aldundietan.

Gobernuan eta oposizioan.

Hementxe dago eredu hori.

Euskadiren interesak defendatzen duen alderdia garela erakusten duen eredua. Euskadi osoaren eta Euskadiko hiritar guztien interesak.

Hori ez du inork oparitzen. Hori, ezagunari ematen zaio, baloratzen denari eta eguneko lanean ikusten denari. Eguneroko lanean.  

Hauxe onartzen zaio Euzko Alderdi Jeltzalearen jendeari, konpromisoa hartu duenari eta pertsonen arazo eta beharrizanei erantzun dienari, Euskadiko interesak benetan defendatzen dituztenei. Egiten badakiela erakusten duenari. Pertsonek zuek guztiongan ikusten dute hau, Euzko Alderdi Jeltzale osoarengan.

Eta gure erantzuna ADOS da. Euskadi 2020 urterako bidean egingo dugun ibilbidea.

Ez gara mutur biren artean zorabiatuko.

Euskadirentzako herri egitasmo berria eraikiko dugu, presarik gabe, geldiunerik egin gabe.

Beharrizana da eta osoko konpromisoa hartuko dugu ekimen horrekin.

Atzera egitea bizi dugu orain, inperio garaiko asmoetara itzuli dira.

Ez gaituzte beren amarrukeriez nahasiko. Ez dute Estatutua betetzen, ez dute Estatutu Berria onartzen, Estatut "garbitu" egin dute eta horrekin ase ez direlako, Konstituzioaren jurisprudentziaren bidez xaflatu dute.

Ez dute ezer onartzen, errepikatu eta errepikatzen dute batasun banaezina. Baina gu ez gaituzte desegingo. Euskal herria ezin da desegin, euskal herri hazi egingo da eta aurrera egingo du.

Gure erantzuna argia eta garbia da "Aberri bat gara. Guk erabakitzen dugu"

Euskal herria ados dago ideia honekin, Euskadiri aurre egiten laguntzen dion ideia delako.

Eta hori da ADOS ideia, aurrera egitea eta haztea.

Akordio berria etorkizuneko Euskadirako. Horixe da ADOS.

Etxean gaude.

Durangon bildu gara Euzko Alderdi Jeltzaleko alderdikideak.

Eta gure Alderdia etxe hau bezain gardena da eta izango da.

Hemen gauden denok gure herriaren zerbitzura gaude.

Herriaren zerbitzura. Euskadiren zerbitzura.

Ez dugu beste helbururik, ez dugu beste Aberririk.

Gure zerbitzua gardena da eta izango da.

Gardentasuna eta garbitasuna. Hauexek dira gure baloreak eta gure printzipioak.

Ezin dugu  saihesbide edo desbideratze txikienik onartu

Ez dugu onartuko gu garena errespetatuko ez duten jokaerarik; Alderdi bat, Euskal Herriaren, Euskal Herri osoaren  zerbitzura,  ideologia garbia jarri duen  Alderdia.

Horiek gure printzipioak eta gure helburuak .

Zentzua eman diote gure ehun urteko historiari eta zentzua ematen diote gure etorkizunari.

Euzko Alderdi Jeltzalea, oinarri eta balore etikoekin osoko konpromisoa duen alderdia da.

Hauxe da gaur bildu garen gu guztion konpromisoa. Gure lanari esanahia ematen dion konpromisoa da. Eta konpromiso hau ez da inola ere okertuko.

Gure konpromisoa da. Eta gu geu izango gara konpromiso hori aplikatzeko lehenak, zaindu egingo dugu eta exijitu egingo dugu. Beti egin izan dugun moduan eta aurrerantzean ere egingo dugun moduan.

Gardentasuna eta garbitasuna. Tentaldiaren aurrean irmo.

Ez dago laster-biderik. Lana,zintzotasuna, printzipio politiko eta etikoak eta begirunea. Hortik aurrerako guztia, bestelako baliabideak erabiltzea dakarren guztia, gure Alderditik kanpo geratzea da. Gure egitasmoan ez dute tokirik izango, goitik beherako zintzotasunik edo zuzentasunik ez badago.

Une latzak bizi ditugu ekonomia arloan.

Euskadin urte betea galdu dugu eta Espainian bi urte galdu dituzte.

Alderdi Sozialista ez da krisi ekonomiko honi aurre egiteko gai.

Ez da bakarrik egiteko gai, eta ez da inorekin akordiorik erdiesteko gai.

Erdi-ipurdika ari dira, egunak dakarrenari baino ez diote begiratzen. Estrategiarik ez, egitasmorik ez. Geometria aldakorra eta geografikoa "haize-orratza " da eta haizearen norabidearen arabera mugitzen da.

Egitasmo ekonomikorik ez. Egiturazko erreformarik ez. Egiazko ekonomia babesteko ekimenik ez. Lehiakortasunik, ehun produktiboa nazioartetzeko ekimenik ez.

Eta Euskadin, hori baino gutxiago. Lopez Gobernua iritsi eta neurri bakarra hartu zuen: Euskadi zorpetzea. Orain, arazoek gora egiten dute baina gehiago zorpetzerik ez dutenez, ez dakite zer egin.

Hemen daude hiru Ahaldun Nagusiak eta EUDELen Lehendakaria. Maiatzaren 24an bildu ziren Lopez Lehendakariarekin. Krisiari aurre egiteko galdera zehatz eta eraikitzaile batzuk egin zituzten. 

Lopez erantzuna, erantzunik eza. 55 egun igaro dira eta Lopezek ez du erantzuten. Espainiar Gobernuarekin aztertu nahi ditu beste erakunde batzuenak diren eskumenak eta erakunde hauekin hitz egin gabe. Egia da komunikazio arazoa duela.

Gauza bat azpimarratu nahi dut, egoera ekonomiko latza bizi dugu. Eta zailtasunak familietan daude, enpresetan. Arazoak izen-abizenak dituzten pertsonek dituzte; langabezian daude edo beren lanpostuengatik beldur daude, beren denda edo negozioengatik beldur, beren erosteko ahalmenagatik eta ongizatearengatik beldur daude. 

Eta gu, pertsona horien aurrean gaude, eta esan egiten diegu esparru ekonomiko eta politikorako alternatiba planteatu dugula. Desgobernuari aurre egiteko alternatiba, hazkundea eta garapena bermatzeko alternatiba.

Eta alternatiba honen oinarrian gauza argi bat dago Euskadi osoan: autogobernua ongizatea da, eta ongizatea autogobernua da.

Estatuaren egoeraren inguruko eztabaidan izan gara eta eskua luzatu dugu, gure alternatiba aurkeztu dugu, gure neurri bilduma erakutsi dugu, hazkundea eta enplegu egonkorra sortuko duten proposamenak aurkeztu ditugu .

Ekintzen bidez erakutsi dugu prest gaudela eta konpromisoa dugula.

Eta gure jarrera ere erakutsi izan dugu: serio eta exijenteak gara.

Rodríguez Zapatero ez da PPrekin akordio batera iristeko gai, nahiz eta krisi ekonomiko gogorrean egon eta patriotak direla esan.

Ez da ezkerreko blokearekin akordio batera iristeko gai; ez diote sinesten, ikusi egin dute gertakarien logikak beren ideia utopikoak gezurtatu dituela.

Ez da gai Catalunyako abertzaleekin akordio batera iristeko gai; etsita baitaude Estatut-a birritan " garbitu" dutela ikusita.

Eta Rodriguez Zapateroren aurrean dago Euzko Alderdi Jeltzalea. Nahi duena ondo dakien alderdia. Alderdi serio eta arduratsua, gertatzen dena gertatuta ere.

Gure Alderdiarekin ez dute balio geometria aldakorrek, ezta Euskadin eta Espainian hizkuntza bikoitzak erabiltzerik ere .

Euzko Alderdi Jeltzalearekin, Euskadiren interesak era serio eta arduratsuan defendatzea baino ez dago. Osoko autogobernua, Europan ahotsa izatea eta gizarte honen adierazpena errespetatzea.

Ez dira hitzartzeko baldintzak, aurrera egiteko beharrizanak dira.

Euzko Alderdi Jeltzalearen eskua luzatuta dago osoko autogobernua erdiesteko, Europan gure ahots propioa izateko eta gizarte honen borondatea errespetatzeko.

Ez da beharrezkoa ahotsa altxatzea,  argi eta garbi geratu da.

Guk nahi eta ahal dugu. Haiek nahi badute, ahal dute.

Argi dago garai garrantzitsuak bizitzen ari garela.

Gure norabidea argi dugu: jendea entzuten jakin eta eguneroko lana egin.

"Errijak ez dira egun batean egiten". Egunean egunean egiten dira.

Horrela eraikitzen dira herriak. Horrela eraikitzen da Euskadi.

Nazio bat gara. Eutsi goiari.

Gora Euzko Alderdi Jeltzalea!

Gora Euskadi Askatuta!

PARTEKATU