EGOERA POLITIKOA EUSKADIN
Zurrunbiloz beteriko garaia bizi dugu. Ziurgabetasuna eta segurtasunik eza nagusi diren uneak , oraingo krisi ekonomiko eta sozialean. Eta, krisialdi hau ez da soilik gertatu, iraganeko gehiegikeriek eraginda, baizik eta gizarte garaikidean ezarri den etika eta balore gabeziagatik ere. Euskadin ere, ez gara errealitate honetatik kanpo geratu.
Nozitzen ari garen krisialdi ekonomikoa, bizi dugun errealitate sozial eta politikoa definitzen duten beste bi gairen bidez borobiltzen da Euskadin:
Lehenengoa, ETAren terrorismoak denboran irauteko estrategia. ETAk ez dio kasurik egin euskal gizartearen gehiengoak bortxakeria bertan behera uzteko egiten dion eskariari. Frantziar jendarmea erail izanak beste behin ere agerian uzten du terroreak hondamena, mina eta heriotza baino ez dakarrela. Euskal gizarteak ETAren behin betiko desagerpena exijitzen du, eta ezker abertzaleari eskatzen dio ETAren bortxakeriari egin diezaiola ezetz argi eta borobila. Aberria eraikitzeko prozesu ororen etorkizunak ezinbesteko du sendotasun demokratikoa.
Bigarrena, Alderdi Sozialista eta PP alderdiaren artean dagoen burdinazko hitzarmena da. Estatu estrategia partekatzen eta eusten du, Euskadi beste autonomia bat bilakatzeko helburu bakarrarekin. “ Normalizatu ” nahi gaituzte eta euskal izate eta nortasuna murriztu nahi digute, “ bitxikeri ” izatera mugatu nahi dute euskaltasuna eta horrela ahuldu nahi dituzte euskal erakundeak. Euskal errealitatearen eta euskal herriaren ikuspegi mugatzaileak gure herriko aniztasun sozial eta politikoaren integrazio eta sendotzea eragozten du, eta , jakina, nortasun propioa duen herri baten garapena ere.
Hauek estrategia biak guztiz suntsigarriak dira gure Herriarentzat, etikaren aldetik zein alderdi demokratikotik ere. Hauen aurrean, EAJ-PNVk beti egingo du gure eginbehar historikoa gidatu duten ardatzen alde : gizatiartasun etikoa eta balore demokratikoak, etengabeko instituzionalizatzean oinarritutako autogobernua eta euskal aberriaren erakuntza dinamiko, aurrerakoi eta integrala; eta, horrekin guztiarekin batera, bere kabuz erabakitzeko eskubidea aintzat hartua eta erabilia izan dadin.
Errealitate politikoaren inguruan egindako diagnosi hau, garrantzi bizia duten bi alderdirekin osatzen da:
Eta, lehenengoa da , oraingo Eusko Jaurlaritzak krisialdi ekonomikoari aurre egiteko duen ezgaitasuna eta kudeatzeko orduan erakusten duen ezeraginkortasun nabarmena. Norabiderik eta buruzagitzarik gabeko Gobernua. Jaurlaritza ahula, mesfidantza eta ziurgabetasuna eragiten duena; argirik baino, euskal gizarteari etsipena eta kezka sortarazten diona. Oraingo Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa, abertzaletasunari aurre egiteko egitasmoa da, ez da herria eraikitzeko ezta politika publikoak behar bezala kudeatzeko ere.
Eta bigarrena da gizarte honek sentitzen duen nekea eta etsipena; borroka eragiten duten jarrera politikoen aurrean, soluziorik eskaintzen ez duten, zatiketa muturrera eramaten duten eta gure Herriak etorkizunerako dituen aukerak ahultzen dituzten jarreren aurrean.
Egoera honen aurrean, euskaldunok ez diogu etorkizun hobea eraikitzeari uko egingo; gure ekimen eta gogo osoa jarriko dugu euskal hiritargoa ez dadin etxean geratu, ez dadin geldirik geratu. Aurrera begiratuko dugu, seriotasun osoz lan egingo dugu gure Aberriaren erronkei ekiteko.
Euskadik bere etorkizuna eraiki behar du gaur ikuspuntu positibo, moderno, ireki eta barneratzailetik abiatuta. Euskadik bere etorkizuna eraiki behar du herri oinarri eta estrategia sendoen bidez, talde buruzagitza aurreratuen bidez eta mundu aurreratu eta globala garatzen den baldintza sozial eta politikak ondo ezagututa.
AGIRRE LEHENDAKARIA, GURE ETORKIZUNERAKO EREDUA
Jose Antonio Agirre , bere kabuz bilakatu da hainbat belaunaldirentzako eredu. Estadista, gizatiarra, munduari irekia, abertzalea; beti abertzale eta demokrata. Agirre figura bikaina da. Eta, ezaugarri hauek guztiak bateratzen dituen neurrian, eredu ordezkaezina da sentimendu abertzale eta demokratatik , gure Herriaren etorkizunarekiko konpromisoa bizi dugunontzat.
Gauza guztien gainetik, Agirre euskal abertzalea izan zen. Bizia eman zuen Euskal Aberriaren eraikuntzaren alde, Euskal Herriaren askatasunaren alde. Eta, bizitza osoko ibilbide honetan, Agirrek momentu guztietan jakin izan zuen zein tokitan egon behar zuen. Euskal Autogobernuaren aldeko borroka politikoan izan zen Alkate gisa eta gero Gorte Nagusietako Diputatu gisa. Lehen Euzko Jaurlaritzaren Lehendakari izendatu zuten. Gudarien buruzagitzan borroka zuen faxismoari aurre egiteko gogoarekin. Euskal Erresistentziaren , Euzko Jaurlaritzaren eta erbesteratu zen Euskal Herriaren su garra mantentzeko lana egin zuen. Agirrek demokraziaren alde egin zuen eta argi erakutsi zuen Europaren aldeko estadista zela, eta De Gasperi eta Schumanekin batera konpromisoa hartuta, Europar Batasunaren sorkuntzan parte hartu zuela.
Agirre hori guztia eta askoz gehiago izan zen. Agirre ez da, ez zen inoiz autonomia baten Lehendakari hutsa eta berak oraindik ere ordezkatzen duena ez da autonomia baten barruan sartzen. Agirre lehendakaria , Herri honen historia modernoan sortu den estadista bikaina izan da.
Bere heriotzaren 50. urteurrena betetzen delarik, Jose Antonio Agirre da Euskadirentzako etorkizun berria eraikitzeko gure erreferentzia nagusia.
EKIMEN POLITIKO ETA EKONOMIKOA EUSKADIRENTZAKO ETORKIZUN BERRIA ERAIKITZEKO. ADOS
Euskadik ilusioa sortzeko egitasmoa behar du gaur , aurrez aurre dituen erronka berriei ekiteko.
Etorkizuneko Euskadi eraikitzeko orduan, ez dago ETArentzako tokirik. EAJ-PNVren aldetik gizarte osoarekin eta alderdi politiko guztiekin partekatu nahi dugu ETAren bortxakeriaren kontrako eskakizun etiko gorena. Eta, bakearen aldeko apustu hau, edonolako alderdi aukera eta hauteskunde borrokaren gainetik dago. Lehen lerroan gaude gu, bakearen aldeko lana partekatzeko; eta hau, hiru ardatz nagusitan oinarritu nahi dugu: biktimen oroimena gordetzea, bakearen kultura sendotzeko politika publikoak garatzea eta bortxakeriaren kontrako gizarte esparruan, gizartearen protagonismoa bultzatzea.
XXI. mendeko euskaldunok bestelako mundua bizi dugu: gure hizkuntza eta gure kultura, gero eta lotuago daude beste hizkuntza eta beste kulturekin; gure enpresak beste herrialdetan ezartzen ari dira apurka-apurka; euskaldunok era globalean bizi gara eta elkarri konektatuta gaude. Euskadik bere etorkizunari aurre egiten dio , gero eta globalagoa den eszenatoki batean.
Kontzeptu berri honek Euskal Herria derrigortzen du erronka zehatzei aurre egitera, Euskadik, herri aurreratua izaten jarrai dezan. Eta EAJ-PNVk ADOS bere ekimen berria aurkeztu nahi du , funtsezko hiru erronkei erantzuteko:
1. Erronka ekonomikoa. Euskal ekonomia are lehiakorragoa izan dadin nazioarte esparruan. Euskal ekonomia lehiakorra da gure ongizatearen garapenerako oinarria eta bermea, eta horrekin batera gizarte kohesio handiagoa erdiesteko. Gure etorkizuna dago jokoan. Horregatik, pertsonen kalifikazioa eta prestakuntza handitzearen aldeko apustua egiten dugu; euskal enpresa-zientzia-finantza-teknologia sarea indartzea bilatzen dugu; irmotasunez lagundu nahi ditugu gure industria ehunaren berrikuntza eta internazionalizatze prozesuak.
Lehiakortasun ekonomikoa, gure etorkizuna dago jokoan. EUSKADIREN LEIHAKORTASUNAREN ALDEKO HITZARMEN nagusia proposatu nahi dugu,mundu mailan herri aurreratu , iraunkor eta jasangarria izaten jarraitzerik izan dezagun.
2. Erronka soziala. Herri bat, Aberri bat, hiritarren batuketa soila baino askoz gehiago da. Euskadi, norbanako eskubideak dituzten hiritar batuketa baino askoz gehiago da. Euskadi , nortasun propioa duen Herria da, zazpi herrialdek osatua da eta osoko borondatea du bere etorkizuna eraikitzeko. Euskadi erkidego solidario eta dinamikoa da eta talde identitatea eraikitzen du bertan elkarren ondoan bizi garen pertsonak aberasten eta sendotzen dituena. Ez dago nortasunik gabeko pertsonarik, herririk ez aberririk ere.
Onartu egiten dugu Euskadi Herri eta Aberri dinamikoa izaten jarraitzeko erronka, nortasun propioarekin , solidarioa eta gero eta elkartuago eta munduari irekiagoa. Euskal Erkidegoaren sendotze eta kohesio honetan ere, gure etorkizuna dago jokoan. Euskadiren nortasuna indartzea eta bultzatzea da taula global honen gainean dugun erronka. Horregatik, guztiz funtsezkoa da euskal kulturaren internazionalizatzearen erronkari ekitea eta mundu osoan euskaldunen arteko sarea sendotzea.
3. Erronka politikoa. XXI mende honek dakartzan erronkei aurre egitean, Euskadiren instituzinalizatzean sakondu behar dugu eta gure autogobernuan aurrerako pausuak eman behar ditugu erabakitzeko eskubidean oinarri harturik. Marko politik berria adostu behar dugu gure sistema instituzional propioaren garapena bermatuko duena, eta mundu mailan presentzia eta ahotsa izatea ahalbidetuko diguna.
Herri honen gogo demokratikoei bidea emateko erronka politikoari aurre egin nahi diogu, hau da, bere etorkizuna askatasunean erabakitzeko eskubide eta gaitasuna. Euskadik sistema instituzionala sendotu behar du , eta behar besteko ekimen sozial eta politikoak egokitu behar ditu estatuak adostu eta errespetatu behar duelako Euskal Herriaren borondatetik darion sistema instituzionala.
Gure autogobernuaren aurrerapenean eta instituzioen garapenean, gure etorkizuna jokoan dagoelako.
Hiru erronka hauen aurrean eskaini nahi dugun erantzuna da ADOS, gure ekimen politiko , ekonomiko eta sozial berria. EAJ-PNVk ekimen hau eztabaidatu , alderatu eta garatu nahi du euskal gizartearekin batera. Gizarteari berari dagokiolako protagonismoa hartzea.
ADOS, oraingo une historiko honen aurrean ilusio biziz mantendu nahi dugulako: ADOS, Herria egiten jarraitu nahi dugulako eta berme osoz ekin nahi diegu Euskadi, gure aberri bakarrak aurrean dituen erronkei.
Gora Euskadi Askatuta!